Eskozia: hirugarren postua helburu

Andy Robertson. ATEF SAFADI / EFE.
Iñaki Berastegi.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Sekulako lorpena izan da Eskoziarentzat Eurokoparako sailkatzea. Izan ere, 25 urte ziren ez zela txapelketa hau jokatzeko sailkatu. Era berean, 23 urte igaro dira azken Munduko Kopa jokatu zuenetik. Hortaz, Steve Clarkek zuzentzen duen taldearen helburua argi dago: partida guztietan borrokatzea, eta, ahal bada, hirugarrenetan onenetako bat izatea, hurrengo faserako sailkatzeko. Multzoen faseko bi partida etxean jokatuko ditu, Glasgown, eta hirugarrena, Ingalaterraren aurkakoa, Londresen. Bi Eurokopa jokatu ditu bere historian, 1992koa eta 1996koa, eta sekula ez du ligaxka gainditu. Hori aldatu nahi du.

Izaera handiko taldea du Eskoziak, ohi bezala. Ez du joko zirraragarria egiten, baina oso lehiakorra da. Presioa egiteko gaitasuna eta hegaletatik duen abiadura dira taldearen armarik onenak, eta horretan maisua da selekzioaren izarra: Andy Robertson Liverpooleko atzelaria. Ez da sekula nekatzen, eta etengabe gora eta behera dabil zelaian.

Hain zuzen ere, Robertsonek eta Kieran Tierneyk, taldeko bi jokalari onenek, batera jokatu ahal izateko, bost jokalariko defentsako lerroa ezarri du Clarkek, biak ala biak ezker hegaleko atzelariak baitira euren taldeetan. Hala, Tierney ezkerraldeko erdiko atzelari postuan ariko da, eta hegal guztia berarentzat izango du Robertsonek, nahiz eta partidan zehar elkarren artean postua aldatzeko ohitura duten. Hortik aurrera, Manchester Unitedeko Scott McTominayren eta Aston Villako John McGinnen esku dago zelai erdiko lana, eta Southamptoneko Che Adamsen erantzukizuna izango da golak sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.