BAKARRIZKETA

Kafe hutsa 1,60 euroan Euskal Herriko hiri «kosmopolitan»

MAURICIO DUEÑAS / EFE.
Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 4a
00:00
Entzun
Starbucks AEBetako kafe kateak aste honetan kafetegi bat ireki du Bilboko Ledesma kalean.Euskal Herrian irekitako lehena da. Mundu osoan 20.000 ditu.

1 Ostegunean Bilboko Ledesma kalean jende ilara omen zegoen. Zer dela eta?

Bada, kafetegi bat inauguratu zutelako. AEBetako Starbucks multinazionalak, hain zuzen. 140 metro karratu ditu gune berriak.

2 Ostegun batean goizeko zortzietan ilara kafe bat hartzeko? Bai, zerbait berria irekitzen dutenean ohikoa da ilarak sortzea. Are gehiago multinazional bat tartean dagoenean. Starbucks AEBetan sortu zuten, 1971n, eta apurka hedatzen ari da mundu osoan. Kafe kate erraldoi horrek 70 herrialdetan du saltokiren bat; 20.000 inguru, guztira. Baina Bilbon irekitakoa Euskal Herriko lehena da.

3 Starbucksek garesti samarraren ospea du. Hala al da?Ez da merke-merkea egia esan. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiak susto latza hartuko luke han kaferen bat eskatuko balu. Pentsa, kafe huts batengatik 1,60 euro kobratzen dituzte.

4 Eta hain garestia bada, nola lortu du mundu osoan zabaltzea? Bada, batez ere bere saltokien kokapenarengatik. Ondoriozta daiteke prezioak ere horregatik direla ohi baino garestiagoak. Starbucksen kafetegiak leku pribilegiatuetan daude ia beti: garraio publikoen geltokien ondoan, edo denda ugari dauden kaleetan. Bilbon ere ikusi non ireki duen: El Corte Inglesen beheko solairuan. Aurkezpenean izan da Alvaro Salafranca multinazionalaren Espainiako eta Portugalgo arduraduna ere, eta azaldu du Bilbo hiri «kosmopolita» delako etorri direla. Ziur dago kafetegiak arrakasta izango duela: «Garesti ospea dugu, baina gurera joaten denak errepikatu egiten du».

5 Hara! Entzun irratiko abestia, ez al du Starbucks aipatu? Bai, Starbucks aipatu du, bai. Neil Young musikariaren Rock Starbucks abestia da. Konpainiaren jarduna kritikatzen du bertan: «Bai, kikara bat nahi dut, baina ez dut nahi GEOrik —genetikoki eraldatutako organismorik—». Transgenikoen aurkako hainbat taldek egotzi diote Monsanto multinazionala babesten duela, genetikoki eraldatutako hazien ekoizle nagusia.

6 Zer dela-eta egozten diote hori? AEBetako Vermont estatuan iaz lege bat onartu zuten, eta, haren arabera, Vermonten saldutako edozein elikagai transgenikok etiketan argi azaldu beharko du, 2016tik aurrera. Legearen aurka irmoen agertu direnak Monsanto eta Elikagaien Ekoizleen Elkartea dira. Hain justu, elkarte horretako kideetako bat da Starbucks.

7 Beste aurkaririk ba al du multinazionalak? Bai, aurkari ugari ditu. Starbucksen balioen artean dago ekoizleak ondo zaintzea. Hainbat erakundek, ordea, leporatzen diote hutsaren pare ordaintzen diela ekoizleei. Zerga iruzurra egitea ere egozten diote. Bruselak, adibidez, iaz ikerketa bat abiarazi zuen Herbehereek zerga araudi batzuk Starbucksen mesederako egokitu ote zituzten jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.