Bestelako begirada batzuk torturari

Ikuspegi politiko eta juridikotik ez ezik, hain ohikoak ez diren alderdietatik ere landu dute tortura 'Aztnugal' kanpainaren bidez: kultura, emozioak... «Ikasi behar da beste era batera pentsatzen».

Iker Morenok polizia etxeko kalabozoaren marrazkia egin zuen tortura testigantzan. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan, torturaren aurkako oihu bihurtu dute Aztnugal hitza 4/2014 sumarioko auzipetuek. Epaiketaren zehaztasunen berri izan ondoren dinamika indartsua jarri zuten martxan, bi norabidetan: torturaren aurka, eta gatazkaren konponbidearen alde. Azken asteetan, besteak beste, Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Berdintasunaren aldeko Institutuko kideekin eta Nafarroako eta EAEko arartekoekin bildu dira. Otsailaren 13ko torturaren aurkako eguna baliatuta, gaia hainbat alderditatik jorratu zuten, hilabete osoan. Berritasunik ere eragindute begirada horietan.

«Ohikoagoa den ikuspegi politikoa gainditu, eta bestelako begirada batzuk eskaintzea lortu dugu», azaldu zuten auzipetuek dinamika haren balorazioa egitean. Ikuspegi politiko, juridiko eta akademikoez gain, bestelakoak ere eman baitituzte. Kulturarena, esaterako. Arte erakusketa kolektibo bat jarri zuten hiru astez, «eraso konkretuez gain tortura ere baden beste guztia artistikoki lantzeko». Hurrena, mahai inguru bat, Iñigo Gantzarain, Oihana Barrios eta Sergio Salinasekin, galdera baten bueltan: «Tortura bezalako gai tragiko bat lantzeko, zer eskaintzen ahal digu kultur sormenak?».

Kulturatik egindako begirada ez ezik, torturak zenbait kasutan eragin ditzakeen traumak gainditzeko bidea ere jorratu dute, ikuspegi psikologikotik: erresilientzia. Hau da, trauma bat gainditzeko gaitasuna. Jeannette Ruiz Goikotxeta psikologo klinikoak hartu zuen parte jardunaldi horietan; BERRIAk egindako elkarrizketan aipatu zuenez, tortura metodoez, salaketaz eta traumez baino gehiago, horiek gainditzeaz hitz egiteko garaia dela uste du.

Halako gaietan psikologoen figura baliagarri ikusten dela aitortu arren, oraindik hainbat ideia landu beharra dagoela zioen Ruiz Goikotxetak. «Galdetzen didatenean zer den okerragoa, tortura fisikoa ala psikologikoa, esaten dut bereizketa gaizki egina dela. Tortura psikologikoa edo fisiko-psikologikoa da. Ondorioek, hori bai, zerikusi handiagoa izaten dute alde psikologikoarekin».

Torturaren «iruditeria zabaldu» beharraz mintzatu zen Iker Moreno auzipetua ere, Argia-k otsailean egindako elkarrizketa batean: «Ez dut preso ohi edo torturatu ohi etiketapean soilik eraiki nahi nire identitatea. Dena den, egun hauetan jantzi hori jarri dudala esaten dut, ohitu naizelako egin zidaten hori noizean behin ateratzen, tripak irekitzen, daukadan hori bota eta berriz ere orbainak josten, helburu politiko zehatzak lortze aldera, baina baita terapia modura ere».

Emozioak erdigunean

Askotan zuzenean aipatu ez den arren, emozioek pisu handia dute halakoetan. Ruiz Goikotxetak hala azaldu zuen, esaterako, erresilientziaz hitz egitean: «Bost urte pasatu badira eta pentsatzen badut berriz gerta daitekeela, beldurra sentitzen dut. Pentsatzen badut injustua dela eta ez zela gertatu behar, amorrua sentitzen dut. Pentsatzen badut hau edo hura egin nuela, errudun sentitzen naiz. Beraz, ikasi behar dut beste era batera pentsatzen».

Morenok ere aipatu zituen emozioak Argia-n, berak bizi izandakotik: «Oro har, ez da erraza espazio politizatu baten erdigunean dimentsio emozionala jartzea (...) Sentipenak mahai gainean jarri izan ditudanean deserosotasuna sortu da, batetik, emozioak gune politikoetan arrotzak direlako, eta, bestetik, emozio horiek azaleratzen dituena biktima bihurtzeko joera dugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.