Koronabirusa. Ikasturte hasiera

Lezioak ikasita, berriz martxan

Arraberritze obrak bukatu gabe direla egin dute sartzea Baionako Estitxu Robles Seaskako kolegioko ikasleek: pandemia garaiko bigarren sartzea izan dute. Lezoko herri eskolan, asteazkenean itzuliko dira ikasgelara. Behin betiko protokoloaren zain, prestaketa lanetan aritu dira egunotan.

Hesirik gabe ere, ikasgela bakoitzak eremu bat du Lezoko eskolan. M.A. / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete
Baiona Lezo
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Ikasturtea hasia dute Ipar Euskal Herrian, iragan ostegunean itzuli ziren ikasleak ikasgeletara. Hego Euskal Herrian, berriz, datorren asteazkenean ekinen diote ikasturteari. Pandemia hasi zenetik bigarren sartzea izanen dute ikasle eta irakasleek: iazko esperientzia aintzat hartuta, aurtengo protokolo sanitarioei eta etor daitezkeen aldaketei aurre egiteko prest agertu dira hezkuntza eragileak. Arrangura zenbait agertu dituzte hala ere, egoeraren aldakortasuna kontuan izanda.

Seigarren mailako ikaslerik ez zen, atzo, Seaskak Baionan duen Estitxu Robles kolegioan: ateraldia egiten ari dira Baigorrin (Nafarroa Beherea), elkar ezagutzeko antolatutako egonaldian. Gainerako mailetako ikasleentzako, berriz, bukatu dira bakantzak: ostegunean egin zuten eskola sartzea. Bi arrazoirengatik berezia izan da Estitxu Robles kolegioko ikasleen sartzea. Batetik, pandemiari aurre egiteko neurriek baldintzaturikoa izanen da ikasturte hau, aitzinekoa bezala: distantziak atxikitzea eta maskara ezartzea beharrezkoa da. Bestalde, arraberritze obrak egiten ari dira eraikinean, eta uda ez da nahikoa izan dena finitzeko. Joni Borda bosgarren mailako ikasleak aitortu du «pixka bat galduta» dabilela eraikin berriekin, baina «goxoago» izanen dela behin «ohitura hartuta».

COVID-19ari aurre egiteko neurriei dagokienez, beste ikasleekin harremana egiteko «zailago» dela uste du ikasleak, eta etengabe egokitu behar dutela salatu du. «Badakigu beti aldatzen ahal dela, erraten dutena aldakorra da beti, eta ez dakigu zenbat denboraz egoten ahalko garen denak elkarrekin kolegioan».Izan ere, ikastetxean bete beharreko neurriak iazko berak izanik ere, Frantziako Hezkuntza Ministerioak bakartze protokoloa egokitu du: hurbileko kasuak etxera igorri behar dituzte, txertatuak ez badira; txertatuak diren ikasleak, berriz, ikastetxean gelditu daitezke.

Mañolo Ezpeleta kolegioko zuzendariak azaldu du Seaskako bigarren hezkuntzako egituretan, protokoloa egokitzea erabaki dutela, «koherentziaz» jokatzeko.«Hurbileko kasu diren ikasle guziak etxera igorriko ditugu, txertatuak izan ala ez. Alde batetik, txertatuak direnek, omen, karga birala izan dezakete halere. Gainera, besteekiko diskriminaziorik ez dugu egin nahi».

Ipar Euskal Herrian dagoeneko ikasgeletan diren bitartean, haurrak hartzeko prestatzen ari dira Hego Euskal Herriko ikastetxeak. Lezoko herri eskola (Gipuzkoa) da horren adibide. Atetik sartzerako ikus daiteke koronabirusaren aurkako neurriak gogorarazten dituen kartela; sartu orduko, maskarak eta gel hidroalkoholikoa. Eta korridoreetan, joan-etorriak gidatzeko, geziak eta marrak. Iazko irailean berrikuntza zenak ez du aparteko arretarik ematen aurten.

«Esperientzia» lagun

Aurreko ikasturtean lortutako «esperientzia»irailaren 8tik aurrera —orduan hasiko dituzte eskolak Hego Euskal Herriko ume gehienak— baliagarri izango zaielakoan dago Olatz Aldabe zuzendaria: «Aurreko urtean eduki genuen praktikaren ondoren, badakigu nola funtzionatzen den».Orokorrean, iazko modura arituko dira: sarrerak hainbat atetatik egingo dituzte, ikasgelaka banatuko dira patioan, jangelarako txandak egin dituzte... «Gelan, aurtengo aldaketa da taldetxo txikietan egoteko aukera badagoela; orduan, ikasketa komunitarioa lantzeko erraztasunak izango ditugu».

Babes neurriak mantendu arren, ikasturteari beste modu batera begiratzen diotelakoan dago Aldabe. «Egia da beste aurpegi batzuk ikusi ditugula irail honetan, aurreko urtearekin konparatuta, beste ilusio batzuk, beste alaitasun bat, beste poz bat».

Halere, ez iaz beste, baina ziurgabetasun batzuk badituzte aurten ere. Batetik, ez dakite seguru positiboak daudenean zer gertatuko den: «Oraindik ez dakigu nola jokatuko duten. Gainera, aldatuz joan izan dira, gizartearen egoera ere aldatuz joan izan den moduan». Bestetik, azaldu duenez, «akatsen ondorioz» hainbat ikastetxetan —tartean, Lezokoan— ordezko irakasle batzuk faltako dituzte lehen egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.