ETB1ek %2ko ikusle kuota izan du 2014an; ETB2k, %9koa

Euskarazko katea hamarren bat jaitsi da, 2013arekin alderatuz.

ETB2k 1,7 puntu gutxiago ditu, 2012ko datuaren aldean

Urtzi Urkizu -

2015eko urtarrilak 3
Tokitan da 2003. urtea. ETB1ek %6,2ko ikusle kuota zuen orduan —%5,3 eta %5 hurrengo bi urteetan—. Azkeneko lau urteetan, batez besteko berdintsuan da katea, %2ren bueltan. Borobila da 2014ko ehunekoa: %2. Apustua bat izan ala bestea izan, zuzendaritza bat ala bestea, hortik gora egitea oso zail egiten zaio euskarazko kate publikoari. Soilik kirol emanaldiek igoarazten dute ehunekoa; euskal selekzioaren eta katalanaren arteko partidak %19,1eko kuota izan zuen, eta horri esker izan du abenduan %1,8koa —aurreko bi hilabeteetan %1,6an gelditu zen—.

Maite Iturbek EITBko zuzendari nagusi kargua 2013ko martxoan hartu zuen, eta erabaki batzuk hartu zituzten ETB1 indartzeko helburuarekin. Goizeko albistegia ETB2tik ETB1era pasatu zuten. Saio berriak ere estreinatu zituzten. «ETB1eko programazioa normalizatu nahi dugu», promestu zuen Iturbek. Baina ikus-entzuleriak ez du erantzun. 2014ko batez bestekoa 2011koaren iguala da, eta aurreko bi urteetan baino hamarreko bat txikiagoa. Edu Barinaga ETBko zuzendari berriaren apustuak urtarrilaren 9an aurkeztuko dituzte, Bilbon.

ETB2ri dagokionez, 2013ko ehunekoarekin alderatuz sei hamarren galdu ditu kateak, %9,6tik %9ra jaitsiz. Aintzat hartu behar da Alberto Surio EITBko zuzendari nagusi zela ETB2k %10,7ko ikusle kuota izan zuela 2012an. Puntu bat eta zazpi hamarren galdu ditu ordutik. ETB2n oraindik indartsu dabilena Teleberri albistegia da: 2014an lidergoa lortu du, %17ko ikusle kuotarekin. Guztira, 204.000 ikuslek egiten dute bat egunero ETB2ko albistegiekin.

ETBko beste kateei dagokienez, ETB3k 2014an %0,9ko ikusle kuota izan du; eta ETB4k, %1,1ekoa. ETBko lau kateen artean, %13ko kuota dute, iazko datuaren pare.

Tele5 jaun eta jabe

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Tele5k da oraindik ere lider: 2014an, %16,9ko batez besteko kuota izan du. Espainian, berriz, bi puntu eta lau hamarren txikiagoa da ehunekoa.

Espainian, ikus-entzuleria osoaren erdia baino gehiago bereganatzen dute bi talde handik: %30,5 Mediasetek (Tele5-Cuatro) eta %26,5 Atresmediak (Antena3-La Sexta). TVEko kateen artean, %16,8ko kuota dute.

Katalunian, TV3 kate publikoa izan da liderra bosgarren urtez jarraian, %12,6ko ikusle kuotarekin; Tele5k eta Antena3ek berdindu egin dute bigarren tokian, %11,7ko kuotarekin.

Interneteko atarien datuez, EITBk nabarmendu du bere webguneak egunero 83.014 erabiltzaile bakar izan zituela 2014an, 2013an baino %18 gehiago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna