Kioskoetara inoiz iritsi ez zen azala

'El Jueves'-eko marrazkilariek salatu dute RBA enpresak monarkiari buruzko azala zentsuratu duela.Hainbat egilek dimititu dute

urtzi urkizu
2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Zentsurak babestutako monarkia bat. Hala izan da, eta hala da Espainiakoa. 2007an Iñaki Anasagasti EAJko senatariak idatzitako liburu batek izen hori zuen: Zentsurak babestutako monarkia bat. Orain, El Jueves aldizkariko marrazkilariek jasan dute zentsura. Aldizkariko hainbat kidek salatu dute RBA enpresak zentsuratu egin duela Manel Fontdevillak Juan Carlos I.aren eta Feliperen inguruan egindako azala. Azal hori sarean zabaldu da egunotan. Baina azalean monarkiaz hitz egiteko debekuak aldizkaria uztera eraman ditu hainbat egile; tartean Fontdevilla bera eta Albert Monteys. Isaac Rosak ere esan du ez duela gehiago kolaboratuko.

Fontdevillak egindako azalarekin, aldizkariaren 60.000 ale inprimatu zituzten asteazkenean. Baina ez ziren kioskoetara iritsi. RBA enpresak —duela zazpi urte erosi zuen El Jueves— ale horiek guztiak desagerrarazi zituen, aldizkariko kideek jakinarazi dutenez. Azal hori banatu ordez, Pablo Iglesiasen karikatura bat zuena banatu zuten ostegunean, ohi baino egun bat beranduago.

Fontdevillak eta Monteysek Twitter bidez eman dute aferaren inguruko iritzia. Atzo goizaldean, Fontdevillak barkamena eskatu zuen, ezin izan zielako deiei eta mezuei erantzun. Eta aldizkariarekin «hausteak» ematen dion mina aitortu du: «Oso gustura lan egin dut aldizkarian, asko maite dudan jendearekin, eta, duen editorea duen arren, hedabide gehienek egiten ez dutena egiten jarraituko du». Zentsuratutako azalaren egileak salatu du ezin duela lanean jarraitu «harreman arauak aldatu dituen editore batekin». Gogora ekarri du 2007an Guillermo marrazkilariak Felipe printzeari buruz egindako azal batekin gertatutakoa. Juan del Olmo epaileak aldizkaria kioskotik erretiratzea ebatzi zuen, koroari irainak egotzita. Hala ere, azal hura hara eta hona zabaldu zen, bereziki Interneten. Fontdevillak nabarmendu du irakurleek babes «handia» eman zietela orduan aldizkariko kideei.

Antzeko azalpenak eman ditu Monteysek (aldizkariko zuzendari ohia). «El Jueves oraindik ere oasi bat da kioskoan». Dimisioa bi arrazoirengatik eman du: «Batetik, RBA enpresak erregearen txistea erretiratzeagatik eta erregea ageri ez den bategatik ordezkatzeagatik; bestetik, Espainiako errege etxeaz hitz egiteko RBAren debekuagatik; barnean hitz egin dezakegula esaten dute». Monteysek salatu du RBAren erabakiaren eraginez kioskoan ez dela izango diskurtso bakarraren alternatibarik: «Monarkia beharrezkoa da, eta etorkizuna da».

'El Mundo'-n ere zentsura

Egunotan, El Mundo egunkariko hainbat kazetarik salatu dute Ana Romeroren artikulu bat zentsuratu dutela. Artikuluan Corina zu Sayn-Wittgenstein erregearen laguna aipatzen zen. Maria Ramirezek eta Eduardo Suarezek nabarmendu dute asteartean ez zuela sinadurarik abdikazioaren inguruko kronika nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.