Ikerketa kazetaritza egingo duen hedabide digital bat sortuko dute urtarril amaierarako

'El Hurón' abiarazteko dirua biltzen ari dira Verkami plataformaren bidez.'Kale Gorrian' aldizkariak eta Pepe Reik utzi zuten hutsunea bete nahi dute sustatzaileek

urtzi urkizu
2014ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Ibilbide luzeko profesional talde bat ikerketa kazetaritzako hedabide digital bat sortzeko bildu da Madrilen. «Gizarte salaketa egin eta sistema ustel honen miseriak argitara ateratzeko. Horretarako, zuen laguntza ekonomikoa behar dugu», diote sustatzaileek Verkami plataforman, proiektuaren aurkezpenean. 12.000 euro jasotzeko helburua jarri dute, El Hurón hedabidearen erregistroak, webaren diseinua, domeinua eta mantentzea ordaintzeko.

Proiektuaren kontseilu editorialean daude Carlo Frabetti, Iñaki Gil de San Vicente, Irene Amador, Antonio Barge, Juanma Morales, Alfredo Grimaldos, Jaime Pastor eta Guillermo Toledo. Hedabidearen zuzendaria Iñaki Errazkin kazetaria izango da—egunotan argitaratu dute bere azkeneko liburua: Juan Carlos, un rey con antecedentes (Akal argitaletxea)—. Insurgente-ko zuzendarietako bat ere bada.

Errazkinek azaldu duenez, gaur egun ez dago Pepe Reik eta Kale Gorrian-ek utzitako hutsunea betetzen duen hedabiderik. «Hedabide berri honetan, indarrak gizarte salaketetan eta ustelkerian jarriko ditugu». Iragarri du kolaboratzaileak izango dituztela Espainian, Katalunian, Galizian eta Euskal Herrian, baita atzerrian ere: Alemanian, Ingo Niebel, eta Amerikan, Decio Machado eta Carlos Aznarez. «Guztiak sosik jaso gabe ariko dira. Ikerketa militantea izango da». Hedabidearen logoaren marrazkia Tasiok (Gara) egin du, eta zinta bat egingo du weberako.

El Hurón-eko zuzendariak aurreratu du, halaber, iristen ez diren leku batzuetan akordioak egingo dituztela «ahaideak» diren hedabideekin. «Blogosferako kazetari batzuekin ere harremanetan jarriko gara. Dena den, argitaratzen dugun guztia kontrastatuko dugu».

Publizitatea izango du

Sustatzaileen asmoa da El Hurón sarean izatea urtarrilaren amaieran. Errazkinek esan duenez, «publizitate osasuntsua» jasotzeko ados daude guztiak. «Horrekin esan nahi dugu ez dugula Banco Santaderren publizitatea onartuko. Baina ziur gaude epe laburrean ondo kokatuko garela eta audientzia handia lortuko dugula». Dagoeneko jaso dituzte argitaletxe eta enpresa txiki batzuen proposamenak iragarkiak jartzeko. «Oinarrizko gastuetarako diru bat lortzea litzateke helburua. Inbertsio txiki batzuk ere egin beharko ditugu».

Gaztelaniazko hedabide digital berriaren piezetan formatu ezberdinak erabiliko dituzte. Testuak izango dira, baina baita ikus-entzunezko piezak ere. «Egoitza bat badugu. Han Interneteko telebistarako elkarrizketak eta eztabaidak egitea litzateke gure ideia», azaldu du zuzendariak. «Lan horietan ere gizarte salaketa eta ikerketa kazetaritza nagusituko dira. Botereek jakitea nahi ez dutena plazaratzen saiatuko gara».

Errazkinen ustez, hedabide digital alternatiboek garrantzia izango dute gerora ere. «Ahoa itxiarazteko legea [Herritarren Segurtasunerako Legea] indarrean jarriko dute laster, eta debeku asko ekarriko dizkigu. Garai ona izan daiteke, beraz, gure hedabidea jaiotzeko».

«Kapitalismoaren zerbitzura dauden hedabideen manipulazioarekin nazkatuta dauden guztiengana» iritsi nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.