'Soinu ehiztaria' elkarrizketa saioa estreinatuko du martxoan ETBk

Elkarrizketatuen bizitzan barna abiatzeko, pertsonaien bizitzaren soinuak erabiliko dituzte.Elkarrizketatuak «estutzen» saiatuko dira

urtzi urkizu
Donostia
2015eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Elkarrizketa saio berezi bat estreinatuko du martxoaren 22an Euskal Telebistako lehen kateak. Orio ekoizpen etxea ari da programan lanean, eta Soinu ehiztaria izena jarri diote.

«Elkarrizketa saio bat da oinarrian, baina elkarrizketatuen bizitzan barna abiatzeko haren bizitzaren soinuak erabiliko ditugu», iragarri du programaren zuzendari Lander Garrok. «Aurkezleak, elkarrizketak egiteaz gain, soinu horiek bilduko ditu, elkarrizketatuaren txoko eta lekuak bisitatuz». Garroren arabera, irudi aldetik «oso berezia» izango da saioa, lantaldea «ahalegin handia» egiten ari baita horretan.

Batetik, plato txiki bat izango dute. Soinu ehiztariaren soinu laborategia izango dena. Xabier Larrazabal aurkezlea (Bilbo, 1986) batetik bestera ibiliko da, estudiotik elkarrizketara, elkarrizketatik soinua ehizatzera. «Dinamismoa eman nahi dugu modu horretan. Txio garaiotan saio linealek ez dute funtzionatzen».

Soinuak aurkezteko eran egon daiteke programako berezitasun handiena, zuzendariaren ustez. «Oso gauza plastikoa bilatu dugu. Gainera, elkarrizketak tonu berezikoak dira, intimoak eta aldi berean zirikatzaileak». Elkarrizketatuak estutu nahi ditu saioak, «ez dadin zuriegia izan».

Aurkezle berria

Xabier Larrazabal aurkezlea Euskadi Irratiko entzuleentzat da ezaguna, azkeneko zazpi urteetan aritu baita euskarazko irrati publikoan lanean —gaur egun Hiri Gorrian irratsaioa aurkezten du arratsaldero, Maider Segurolarekin batera—. Ez da orain arte telebistan aritu, baina, Garroren iritziz, oso elkarrizketatzaile ona da: «Arina da hizketan, erreflexu handiak ditu elkarrizketatuaren diskurtsoan pitzadurak aurkitzen, eta ez da kikiltzen. Badaki zein hari-muturri heldu elkarrizketatua ongi zukutzeko». Saioaren zuzendariak uste du ETBko ikusleei asko gustatuko zaiela Larrazabalen estiloa.

Lantaldeak hiru atal grabatuak ditu jada. Aurreneko protagonistak Jagoba Arrasate Realeko entrenatzaile ohia, Itziar Ituño Goenkale telesaileko eta Loreak filmeko aktorea eta Patxi Bisquert Tasio filmeko aktore protagonista dira. Ez dute erabaki zein izango den hiru elkarrizketa horietatik emitituko duten lehena.

ETB hasia da saioaren promozio iragarkia ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.