'Hordago' Euskal Herri osorako hedabide bilakatu da

Orain arte soilik Nafarroako gaiak lantzen zituen. Kazetari eta kolaboratzaile sarea ari dira osatzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Nafarroatik Hego Euskal Herri osora jauzi egin du Hordago-k—El Salto-ren parte den hedabideak—. Orain arte soilik Iruñean zuten lantalde bat, baina hemendik aurrera Euskal Herriko mugimendu eta borroka sozialetan jarri nahi dute fokua, eta iragarri dute Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako «botere handien ustelkeria sistematikoa» ikertzen saiatuko direla. Horretarako, bazkideen eta harpidedunen laguntza beharrezkoa izango dela ohartarazi dute.

Aitor Valbas Hordago-ko Iruñeko lantaldeko kidea da—Eguzki Bideoak-en aritua da—. Azaldu duenez, hasieratik zuten ideia fokua Euskal Herri osoan jartzeko. «Baina lantaldea soilik Iruñean genuen. Talde eragilea oso iruindarra zen, eta zentzudunagoa zen Nafarroako gaiekin hastea. Koherentzia neurri bat izan zen, ez genuelako gaitasunik ikusten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gatazkak lantzeko».

2017ko martxoan hasi zen Hordago argitaratzen —El Salto-ren barne—. Abenduan, Durangoko Azokan, Euskal Herri osorako edizioa osatzeko nahia plazaratu zuten. «Azkeneko hilabeteetan, sareak antolatu ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru herrialdeetatik lantalde indartsuena Bizkaian daukagu, 10-15 lagunekin», azaldu du Valbasek. Uztaila bitartean, ahalegin berezia egingo dute hiru herrialde horietako kioskoetan; 500 kioskotan salduko da aldizkaria; Ipar Euskal Herrian badituzte harpidedunak, eta kolaboratzaileak nahi dituzte.

Maiatzeko zenbakian jada Euskal Herri osoko gaiak irakur daitezke; gai nagusia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza kontzertatuaren ingurukoa da. Bertan, Ipar Euskal Herriko errealitateak ere isla du.

Euskarazko testuak

Aldizkariaren testu gehienak gaztelaniaz badira ere, hainbat artikulu euskaraz argitaratzen dituzte. «Autokritikoak gara horrekin. Asko dugu hobetzeko», esan du Valbasek. Zenbaki guztietan, iritzien orrialde bat argitaratzen dute euskaraz, eta editorialaren ondoan euskarazko beste zutabe bat egoten da. Dosierretan, testu bakar bat izaten da euskarazkoa;Pikara magazine-koek ere euskarazko artikulu batzuk idazten dituzte. «Nahiko genituzke dosier batzuk euskaraz egin. Horrek beste aukera batzuk emango dizkigu». Edurne Elizondo kazetariak dosier bat idatziko du euskaraz animalismoaz, udarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.