Kulturgintza «ikuspegi zabaletik» 'Artekale' berrian

Hamaika telebistako kultur magazinaren lemazain gisa estreinatuko dira Jonebati Zabala eta Pello Artabe bihartik aurrerako sasoian
HAMAIKA TB / EZEZAGUNA

Edu Lartzanguren -

2016ko irailak 14
«Kultura bizia» irudikatzeko asmoa du Hamaika telebistako Artekale saioak. Bihar abiatuko du sasoi berria, eta bi aurkezle berri izango ditu: Jonebati Zabala (Bilbo, 1990) eta Pello Artabe (Arantzazu, Bizkaia, 1989). Ane Zabala aktore eta antzerkigilearen lekukoa hartuko dute saioaren leman. «Haren ildoari eutsiko diogu, baina estudioko solasaldietan gai orokorragoak lantzen saiatuko gara», esan du Jonebati Zabalak.

Ordubete iraungo du saioak, eta bi atal nabarmen izango ditu: alde batetik, erreportajeak egingo dituzte sortzaileen lanaren inguruan, eta elkarrizketak; bestetik, estudioan ordu erdiko eztabaidak egingo dituzte, gai baten inguruan aritzeko.

«Euskal kulturgintza ikuspegi zabalago batetik jorratuko dugu», adierazi du Artabek. Saio monografikoak egingo dituzte, arlo bakoitza sakon jorratzeko. Besteak beste, musikaren zabalkundeaz, euskaraz, aldizkariez, ilustratzaileez eta irrati libreez arituko dira.

Internetek ezarritako hiru minutuko bideoen joerari aurre egiteko asmoarekin abiatu zuten Artekale saioa, iaz. Gaiak «luze, zabal eta lasai» jorratuko zituztela hitzeman zuten. Bigarren sasoia ere bide bertsutik joango dela esan du Artabek. «Gaia mamitzea da helburua, ordu erdiak ematen duen aukeraren barruan, betiere».

Biharko lehen saioan, esaterako, euskaltegiei eta helduen euskalduntzeari helduko diote, matrikulazio kanpainaren erdian. Euskaltegietan kulturak duen eginkizunaz arituko dira AEK-ko Mertxe Mugikarekin, HABEko Joseba Erkiziarekin, Gabriel Aresti euskaltegiko Isabel Izarzelaiarekin eta Mintzanet egitasmoko Ainara Loiarterekin, besteak beste. Lehen erreportajean, Donostiako Zinemaldia izango dute hizpide, eta Maialen Beloki zuzendariordea elkarrizketatuko dute. Getxophoto jaialdia izango da beste gaia.

Artabek barrutik ezagutzen du kulturgileen egoera, Eskean Kristo taldeko abeslaria baita. Dena den, ez du berak protagonista izan nahi. «Ez nuke nahi neure iritzia eman, baizik eta gonbidatuena jaso. Agian, musikari buruz aritzen garenean emango dut». Zabala prentsan aritu da orain arte, kultur gaiak jorratzen, eta, orain, horretan jarraitu asmo du kolaborazioen bitartez eta, batez ere, Artekale saioaren bidez.

«Saio erakargarri bihurtu nahi dugu. Ez dut esango erreferente bihurtzeko asmorik dugula, agian gehiegi litzateke-eta hori», esan du Artabek. «Sortzaile txikien bozgorailu izan nahi dugu», gaineratu du Zabalak. Mahaia eskaini nahi diete kulturaz eztabaidatu nahi duten orori. Mahaia, estudioa eta pantailak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna