Herri kirolei buruzko aldizkari bat sortu dute: 'Geure esport'

Hilean behin argitaratuko dute. Astelehenean hasiko dira banatzen bigarren zenbakia, eta Urrezko Aizkorak tarte handia beteko du
<em>Geure esport</em> aldizkariaren bigarren zenbakiko azala.
Geure esport aldizkariaren bigarren zenbakiko azala. GEURE ESPORT

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 15
Aspaldiko ideia bat aurrera eramatea lortu dute Luis Mari Bengoak, Gerardo Bengoak eta Jon Leundak: herri kirolei eskainitako aldizkari bat sortu dute. Geure esport izena jarri diote, eta hilean behin argitaratuko dute; doan banatuko dutela azaldu du Luis Mari Bengoa herri kirolen sustatzaileak. Bigarren zenbakia astelehenetik aurrera banatuko dute —luze eta zabal jasoko dituzte Urrezko Aizkorako finalak—.

«Duela zazpi-zortzi urte egin genuen beste saiakera bat aldizkaria sortzeko. Orduan ez zen irten. Herri kiroletako proba ugari egiten dira asteburuero, eta komunikabide gehienek tarte txikia ematen dietenez, zerbait egitera animatu gara», azaldu du Bengoak. «Nahiko genuke gero eta jende gehiagok jakin dezala herri kirolak bizirik daudela».

Aldizkaria publizitateari esker finantzatuko dute oraingoz. Artikuluak euskaraz eta gaztelaniaz irakurri ahalko dira. Bengoak iragarri du laster ingelesez ere egongo direla zenbait testu. «Izan ere, landetxeetan eta hoteletan utzi nahiko genuke aldizkaria, kanpoko bisitariek herri kirolen berri izan dezaten. Horrekin ere nahiko genuke instituzioek ikustea bizi-bizirik gaudela. Ikus dezatela herri kirolak folklorea baino zerbait gehiago dela».

Aldizkaria tabernetan eta herri kirolek presentzia nabarmena duten herrietan banatzen dute. «Nafarroan Leitzan eta Doneztebe inguruan ari gara banatzen. Gipuzkoan, Tolosan, Azpeitian eta ahal den toki gehienetan. Pixkanaka-pixkanaka, herrialde guztietara eta jende askorengana iritsiko nahiko genuke», esan du aldizkariaren sortzaileak.

Edukiei dagokienez, iritzi artikuluak, kronikak, elkarrizketak, txapelketako emaitzak eta hurrengo asteetarako ekitaldietako zerrendak argitaratzen dituzte. «Herrialde guztietako federazioekin harremanetan gaude, eta emaitza guztiak bildu nahiko genituzke. Herri kirolen historia ere jasoko dugu datozen hilabeteetan hainbat erreportajeren bitartez». Oraingoz, hamasei orrialde ditu aldizkariak, baina iragarri dute aurrera begira balitekeela gehiago ere izatea.

Bengoa pozik dago proiektua lehen asteetan izaten ari den harrerarekin: «Jendeak oso ondo hartu aldizkaria. Segitzeko animatzen gaitu herri kirolen jarraitzaileak, eta gure ilusioa izango litzateke denbora luzez jarraitzea». Aldizkariaren sortzaileak nabarmendu du bigarren pausoa aldizkariaren webgunea sortzea izango dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna