Mondragon. Kongresu Nagusia. Javier Sotil. Mondragoneko presidentea

«Laguntzak hartzeko, etxeko lanak egin beharko dira»

Txema Gisasolaren dimisio sonatuaren ostean, Arrasateko korporazioaren lema hartu, eta bidean egin diren aldaketak azaltzea egokitu zaio Javier Sotil presidente berriari. Bazkide ordezkariek ongi hartu dutela dio.

xabier martin
Donostia
2014ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Zezena adarretatik heltzeko aurrerapausoa eman zuen atzo Javier Sotil Mondragoneko presidente berriak korporazioaren kongresu historiko batean. «Gai guztiei buruz garbi» hitz egin zela dio.

Zer moduz joan da zure lehen kongresua presidente gisa?

Aurreikusitakoa baino hobeto. Txalo zaparradak egon dira, eta horrek adierazten du jendeak neurri handi batean azalpenak onartu dituela. Bazegoen gogoa zer esaten genuen entzuteko. Beti garbi hitz egin behar da, eta hala egin dugu. Gaur aurkeztutakoa hausnarketaren lehenengo fasea da. Bihartik aurrera sartuko gara gauzak zehazteko bigarren fasean.

Zer esan diezu kooperatibetako bazkide ordezkariei?

Kooperatibak autonomoak garela eta bakoitzak hartzen dituela erabakiak. Baina bakarrik ibiltzeak beti ditu arriskuak, eta guk Mondragonen beti elkarlana gauza gehiago egiteko jartzen dugu gako moduan.

Eta elkartasunari buruz?

Betidanik izan dugu laguntza handia kooperatiben artean. Egoera txarretan egon direnean kooperatiba batzuk beste batzuk lagundu izan ditugu geure tresnen bidez. Zer gertatzen da orain? Ikusi duguna da solidaritate hori ezin dela izan edozein modutakoa. Ezin da pentsatu behartuta gaudela besteok kooperatiba batek, ezer egin gabe, laguntzea. Laguntza horiek beti baldintzatutakoak behar dute.

Nork jasoko du aurrerantzean dirua elkartasun funtsetatik?

Edozeinek dauka aukera laguntza horiek jasotzeko, baina etxeko lanak egin beharko dira aurretik. Ezin da pentsatu zilegi dela norberak edozer gauza egin eta laguntza eske joatea. Ez dira aparteko baldintzak izango, orokorrean ulertzen errazak direnak baizik.

Emaitzei buruz ari zara?

Eraldaketa da hitz gakoa. Ezin dugu pentsatu kooperatibak betiko direnik. Enpresak garai txarrak, garai onak eta garai oso-oso txarrak izango dituzte. Baina denborarekin hartuta, gai izan behar dugu berpizteko eta eraldaketa hori sortzeko. Eta laguntzek horretarako izan behar dute, eraldatzeko, eta ez jaso eta lehen bezala jarraitzeko.

Adabakien garaia bukatu dela alegia.

Kooperatiba batek laguntza eskatzeko, eraldaketarako gogo bat egon behar du, plan jakin bat, eta, horren arabera, laguntzak eskatu. Gainera, plan hori aurrera eramateko gai izan behar da. Laguntzak egongo dira, hor ez dago dudarik. Gure tresna finantzarioak, korporazio gisa, mantendu eta landu egingo ditugu, baina beste exijentzia batzuekin. Elkartasuna exijentea izan behar da.

Exijentzia, ardura eta norberarekiko konpromisoa dira kongresuko hiru gakoak, hortaz?

Argi eta garbi. Ez gaude hemen denbora pasatzeko, lanpostuak sortzeko baizik. Eraldaketa soziala dugu helburu gisa, eta hori lanpostuak sortuz egiten da. Kooperatiba bati laguntzak eman ala ez, azkenean nahi duguna da proiektu ona izatea. Proiektu onak badaude, lanpostuak sortuko dira. Gerta daiteke kooperatiba batean proiektu oker bat egotea, baina eraldatzeko tartea egotea, eta aldaketa horretan izango du beste kooperatiben laguntza. Kontua ez da bakarrik negozio bat suspertu eta beste bost urtean lehen bezala segitzea.

Zuloak estaltzeko dirurik ez, beraz.

Zuloak estaltzea gerta daiteke momentu batean, baina zuloak estaltzea betiko tontokeria hutsa da.

Eskuratu eta Ordainduren protestetan, bazkide batzuek beste bazkideei irainka eskatu diete elkartasuna. Nola ulertu behar da hori?

Garbi esanda, nik ulertzen dut pertsonek dirua galtzea oso mingarria dela, eta momentu batean haserre egotea. Elkartasuna eta laguntza eskatu egin behar da batzuetan, baina eskatzea eta exijitzea gauza desberdinak dira. Zer gertatzen da? Pertsonen artean eztabaida horiek gerta daitezkeela, eta irainak mingarriak dira beti. Denok ezagutzen ditugu kanpoan dauden pertsonak, neuk ere bai.

Barruan giro lasaiagoa egon da. Aurkako mintzaldirik?

Ez, ez. Gai guztiei buruz hitz egin dugu, bat ere ezkutatu gabe: gure proiektuari buruz, Fagorrekin zer gertatu den, geure lana nola izan den Fagorren inguruan eta etorkizuneko pausoak nola eman behar ditugun.

Eta kooperatibista bakoitzaren konpromisoari buruz hitz egin da?

Bai, noski. Kooperatiba askotan, soldata %20 jaitsi behar izan denean, jaitsi egin da, eta normaltasun handiarekin, gainera. Jarreraren inguruan, orokorrean, ez daukat kexu handirik. Garbi esan behar da, ordea, oso erraza dela bizitzea dirua irabazten duen kooperatiba batean, eta galtzen duenean ez dela hain erraza.

Ustezko funtzionarioei buruz arinegi hitz egiten da orduan?

Dudarik gabe. Badaude hainbat jokabide; badaude erantzun aparta ematen dutenak eta erantzun urria ematen dutenak. Baina okerra da pentsatzea erantzunak arazoa gertatu ondoren eman behar direla. Kooperatiba askotan aurreikus daiteke urtebetera edo bi urtera zer gertatuko den, edota zein aldaketa datozen. Erabaki onak hartzea oso zaila da arazoa gainera etorri zaizunean, urduritasunez pertsonek ez dutelako erantzuten. Aurretik hartu behar dira erabakiak.

Arazoei aurre hartu nahi diezue, beraz. Nola gauzatuko da hori? Dibisioek gainbegiratuko dute?

Dibisioak indartu egin behar dira, deszentralizazioa aberatsa gertatuko zaigulako. Erantzun guztiak ez daude Arrasaten. Baina orain, bigarren fase honetan zehaztu egin behar ditugu gauzak, zein tresna behar ditugun ongi diseinatzeko. Orain 20-30 urteko beste batzuk, berriz, gaurko eskaeren neurrira egokitu beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.