Rober Gutierrez.

Irudika dezagun Arabako etorkizuna euskaraz

2016ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Pentsatu, une batez, zer egin duzuen gaur ohetik jaiki zaretenetik... Pentsatu zertan aritu zareten etxean, familia giroan, seme-alabekin, eskola edo ikastolarekiko harremanetan, unibertsitatean, lagun artean, eguneroko erosketa eta zereginetan... Pentsatu, labur bada ere, zer egin duzuen lanean ere, administrazioan, enpresa handi zein ertainetan, edozein sektoretan, merkataritzan eta ostalaritzan, zerbitzuetan... Lankideekin, hornitzaileekin, bezeroekin... Pentsa orain, momentu batez, zein hizkuntza baliatu duzuen zerrendatu ditudan espazio horietan. Euskaraz aritu zarete?

Egin dezagun denboran atzera... Seguru nago erabat ahaztuta izango duzuela duela 20 urte, gaurkoa bezalako egun batean, zertan aritu zineten. Baina bilakaera egon dela esatera ausartuko nintzateke, alor guztietako inkestak, ikerketak eta datuak aintzat hartuta. Urte hauetan, Arabako erakunde eta enpresa asko ere euskararako jauzia egiten ari dira, eta hastapenetan badira ere, euskara Araban gero eta aho gehiago, gero eta espazio handiagoa betetzen ari da.

Orain guztioi dagokigu horri egoki erantzutea. Begiratu dezagun, bada, aurrera. Nola irudikatzen duzue gure lurraldearen etorkizuna? Nolako Araba/ nolako Euskal Herria ari zarete irudikatzen? Nola imajinatzen duzue gure seme-alabentzako Araba?

Nik argi daukat etorkizuna euskaraz ere pentsatu eta eraiki behar dela. Lurraldearen eta pertsonen ongizatea hizkuntzekin ere lotu behar da, euskararekin lotu behar da. Araban euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posiblea bada, arabarron ongizatea handiagoa izango baita... Horra hor gure erronka.

Has gaitezen, bada, etorkizuna irudikatzen. Has gaitezen marko horretara iristeko erronkak, ibilbidea eta epeak ezartzen. Euskaraz bizi eta euskaraz lan egin nahi duten pertsonak helburu.

Egin dezagun lan datozen urteotan gure lurraldearen alor sozioekonomikoan ere baldintza sozial, politiko, juridiko eta ekonomiko egokiagoak izateko. Aritu gaitezen elkarlanean, elkarri aitortuz esparru honetan bakoitzak duen garrantzia, elkar babesten. Parteka dezagun ikuspegia. Euskararen sustapena prozesu kolektiboa da... prozesu honek konpartitua izan behar du, eta, kasu horretan, eremu sozioekonomikoko eragile guztiek bere ekarpena egin behar dute.

Araban oinarria ezarri dugu LANABES proiektuaren bidez eta bere talde eragilearen gidaritzapean. Zabaldu dezagun LANABESen sarea eragile gehiagorengana. Egin dezagun hitzarmen bat enpresa, administrazio eta hezkuntza munduko eragileen artean lan praktikak euskaraz bideratzeko. Lan egin dezagun enpresa gehiagorekin, metodologia erraz eta bideragarrien bitartez, ereduak eta erraztasunak eskainiz, horietan ere euskararen presentzia handiagoa izan dadin. Euskara beharrezko egitea. Horra hor beste erronka bat aurrera begira. Gaur egun euskarak alor sozioekonomikoan duen balioa nahiko mugatua da, baina posiblea da euskararen balioa handitzea. Baliatu ditzagun Lazarraga Sarien ereduak Arabako beste enpresa batzuei adierazteko zer/ nola egin daitekeen euskaraz lan egiteko eta bezeroak euskaraz hartzeko... Biderik eraginkorrena praktika bera da. Praktikarekin eta eredugarritasunarekin zerikusia duen beste erronka bat, oso epe motzean bete litekeena: Administrazioaren zerbitzu-kontratazio eta esleipen mota guztietan hizkuntza irizpideak ezartzea eta aplikatzea, euskarari bere balioa aitortuz sail guztietan...

Aipatu dizuedan guzti hau eta beste hainbat proposamen, LANABES egitasmoaren barruan jasota daude. 20 urte barru esan ahal izango dugu gure lurraldearen eta gure seme-alaben ongizateari ekarpena egin diogun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.