Ane Pescador.
Arrauna. UR APARRETAN

Itzalpeko irabazlea

2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ederra da arraunlariek arraunak altxatzen dituzteneko unea. Eskifaia irribarrez, elkarri besarkadak emanez, lemazaina ikurrina astintzen agertzen deneko une hori. Baina bada itzalpean gelditzen den une ederragorik. Lehorrean gelditu direnek, estropada sufritu eta gero garaipena ospatzen dutenekoa.

Luze jotzen du ikurrina irabazterainoko lanak. Hilabeteetako lana (zein urteetakoa) egiten da isilpean. Arraunlari bakoitzak badaki zer hobetu, noraino iritsi nahi duen. Lan horri ekiten dio neguko lehen saioetatik. Baina exijentzia maila handitu egiten da, ondoko taldekidea bere martxan edo azkarragoan hobetzen hasten den unean. Horri esker ateratzen da aurrera negua, egun txarretan ondoan dagoen taldekideak altxatzen duelako goibel dagoena, denak batera hazten doazelako, inor atzean uzteko aukerarik gabe. Talde batean ez dago ezinbestekoa den pertsonarik, baina, talde osoa da beharrezko. Elkarren arteko sintonian egindako lanak ematen ditu udako fruituak.

Eta uda iritsi orduko, entrenatzaileak estropada bakoitzeko eskifaia antolatu behar dueneko une kaotikoan pentsatzen dut. Zenbat buruko min ekarriko dizkion inor lehorrean uzteko erabakia hartzeak, denek baitute merezi, denek maila ona, baina, estropada eremurako ontzirik onena atera behar du.

Emaitzak talde osoaren jardunaren eta jarreraren isla dira. Elkarri erakutsitako eta lagundutako guztiarena. Horregatik, arraunak altxatzen diren guztietan, haiekin akordatzen naiz. Hori posible egin duten pertsona guztietan, isilpeko irabazleetan, lehorretik palada bakar bat ere utzi ez dutenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.