Ajax Amsterdam

Baloiarekin dantzan

Ajax itzuli egin da Europako futbolaren leku handietara: Europa ligako finala galdu zuen iaz, eta Txapeldunen Ligako finalerdietan ariko da gaur, 22 urteren ondoren.

ALESSANDRO DI MARCO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Hankatik hankara eta oinetik oinera igaro dira Amsterdamgo Ajax taldearen 119 urteak. Kluba sortu zuena eta gaur egun taldean daudenak elkarri lotuta daude: historia ez da eten, eta hari luze hori futbolean jokatzeko modu jakin batek lotzen du. Baloia da hari amaigabea, baloiarekin jokatzea, jolasa bihurtzeraino ia, baloia menderatzea. Baina ez hori bakarrik. Johan Cruyff zenak aparteko lekua dauka Ajaxen historian, eta futbolaz zeukan definizioak ondo azaltzen du zein den Herbehereetako talde handi horren jokamoldea: «Futbolean jokatzea erraza da, baina erraz jokatzea, oso zaila». Ulertu egin behar jokoa horretarako, eta horixe da, hain zuzen, Amsterdamgo haztegian lantzen dutena ume-umetatik, baloia menderatzen ikastearekin batera. Taktika eta teknika, teknika eta taktika.

Gorabeheraz beteriko historia da Ajaxena, haztegiarekin lana egiten duten talde guztiei gertatzen zaien bezala. Belaunaldi ona parean tokatu izan zaienean, puntaren puntan, eta hain ona ez denean egokitu, ezkutuan. Baina beti lanean, eta ia beti bidea zein den oso garbi edukita. Ondo baino hobeto landu dute hori denboraldi honetako jokalariek, eta nola multzo ona egokitzea lortu duten kirol agintariek, Europako futbolaren elitera itzulita dabil Ajax. Aurreko sasoian, Europa ligako finala jokatu zuen, eta galdu egin zuen Manchester Uniteden aurka (0-2). Denboraldi honetan etorri denaren aurrerapena izan zen hori. Izan ere, Txapeldunen Ligako finalerdietan da orain, eta gaur du joanekoa, Londresen, Tottenhamen zelaian.

Historikoa izango da gaurkoa, 22 urteren ondoren jokatuko duelako berriz ere lehiaketa handi horretako finalaren atarikoan. Urruti dago 1997. urtea, baina hemen da berriro ere Ajax. Bosgarren aldiz irabazi nahi du Europako lehiaketa preziatuena. Urrun dago azkenekoa, 1995ekoa, eta are urrutiago aurreneko hirurak: 1971koa, 1972koa eta 1973koa. Garai loriatsua izan zuen orduko hartan. Cruyff, Johan Neskens, Ruud Krol eta beste hainbat jokalari handi batu ziren garai hartan, eta azken bi garaipenak Stefan Kovacs hungariar-errumaniar entrenatzailearen aginduetara lortu zituen. Kovacs 1995eko maiatzaren 12an hil zen, eta handik hamabi egunera irabazi zuen Ajaxek oraingoz azkenekoa duen Europako Kopa edo Txapeldunen Liga. Kovacsek Rinuus Michels ordezkatu zuen aulkian, eta biak jotzen dira futbol totala estiloaren erakusgarri handienekotzat. Katea, Ajaxen historia amaigabea, aspaldian hasitakoa eta egun segida izaten ari dena.

Tadic da orain izarra

Jokalari lehendabizi, eta entrenatzaile gero haietako batzuk, hainbat lehenago ikasitakoa gazteei erakusteko. Ikusgarria den futbol hori, ikuslearentzat gozagarri: baloia ahalik eta azkarrena berreskuratu, eta ez galdu, aurkaria baloiaren atzetik jarriz, jabetza luze eta eraginkorrekin. Horra Ajax, betikoa, horra oinarria. Gero, entrenatzaile bakoitzak zertzeladak jarri izan dizkio heldulekuari, eta Erik ten Hagek ere horixe egin du, egungo taldeko entrenatzaileak. Dantzan jarri ditu jokalariak, dantzari trebeak izan ere hauek: De Ligt eta Blind atzelariak; De Jong eta Schoene erdilariak; eta aurreko deabruak, Van de Beek atzetik dutela: Ziyetx, Neres eta batez ere, Tadic. Serbiako aurrelaria da magoa, ezusteak eragiten trebeena, eta Txapeldunen Liga honetako jokalari onenetakoa. 30 urterekin, onenean dago.

Haztegiko jokalariez ez ezik, kanpotik ekarritakoekin ere hornitzen baita Ajax. Gutxi-asko, erdiak dira etxekoak,. Herbehereetako beste taldeetatik fitxatutako hainbat dauzka, eta mugetatik kanpokoak ere badauzka. Baina ez dira edozein jokalari etxekoak ez direnak, badute lotura bat: ezinbestean izan behar jokalari abilak baloiarekin, Ajaxen betiko estilora egokitzeko. Baloiaren dantzak doinu gozagarriak sortzen jarrai dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.