Irene Loizate

Kirolari eta ikasle fina

Triatloian eta krosean nabarmendu da Irene Loizate. Lehen denboraldia du Bizkaia Durango txirrindularitza taldean, baina triatloiak egiten ere segitzen du. Horrekin batera, dena ondo bidean, ekainean Medikuntza ikasketak amaituko ditu.

FELIX SANCHEZ / OÑATIKO DUATLOIA.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Santutxu Atletismo Taldeko korrikalari, Saltoki taldeko triatloilari, Bizkaia Durangoko txirrindulari... eta, gainera, Medikuntzako ikasle. Irene Loizatek (Durango, Bizkaia, 1995) marka, serie eta kilometro artean ematen du egunaren zati handi bat, eta bestea, liburu artean. Bietan moldatzen da ondo, eta eguneroko ahalegin isilari esker ari da helburuak lortzen: «Askotan galdetu ohi didate nondik ateratzen dudan denbora kirola eta ikasketak uztatzeko, eta nik beti esaten dut garrantzitsuena gogoa izatea eta ondo antolatzea direla».

Ikastolan hasi zen kirola egiten. Lehenengo, futbolean aritu zen, eta gero, triatloian: «Herrian triatloi eskola jarri zuten martxan. 14-15 urte nituen, eta bertan izena ematea erabaki nuen lagun batzuekin». Artean bizikletan ibiltzen zen; eta korrika herri lasterketetan hartzen zuen parte. «Batez ere korrika moldatzen nintzen ondo. Baina triatloiak harrapatu egin ninduen».

Ordutik bizikletan, korrika eta igerian aritu da. Iazkoa izan zuen urterik biribilena. Izan ere, Europako Duatloi txapeldun izan zen 23 urtez azpikoetan, eta maila nagusian brontzezko domina irabazi zuen. Urrian izan zen hori. Aurtengo urtarrilean, berriz, Bizkaiko kros txapelduna izan zen: tartean jaso zuen Bizkaia Durangoren eskaintza. «Agurtzanek [Elorriaga kirol zuzendaria] deitu ninduen, eta, Durangokoa izanda, ezin nion ezetz esan».

Ez da lehen aldia Bizkaia Durangok triatleta bat fitxatzen duela. Taldean izan zen, adibidez, Mavi Garcia, eta oso emaitza onak lortu zituen: «Bizkaia Durangok aukera ematen dit triatloiarekin uztartzeko, eta hori nahi dut nik. Izan ere, hiru kirol egiteko aukera ematen dit». Orain arte, lasterketa bakarra korritu du taldearekin: Gorlako igoera. «Urduri samar nengoen, lehen aldia zelako halako txirrindularitza lasterketa parte hartzen nuela, eta ikusmina triatloi proba batean baino handiagoa zelako. Baina taldekideek asko lasaitu ninduten». Emakumeen Birako atariko izan ohi den Durango-Durango klasikoan parte hartzea gustatuko litzaioke: «Baina oraindik ikusi beharko da». Artean triatloiak egiten eta krosak korritzen segitzen du. Sei edo zazpi triatloi egiten ditu urtero. «Bizkaia Durangon korritzea laguntzen ari zait bizikleta proban beste pauso bat emateko, entrenamendu luzeagoak egiten baititut».

Goizetan unibertsitatera joanohi da, Medikuntzako azken urtea egiten ari baita, eta arratsaldetan entrenatzen du. Asteko plangintza oso zehaztua du. Lau egunetan ordubete edo ordubete eta laurden inguruko saioak egiten ditu igerilekuan. Hirutan hartzen du bizikleta: bi arrabolaren gainean, eta beste bat errepidean. Arrabolean entrenamenduak ordubetekoak izaten dira, eta errepidean hiru ordukoak. Beste horrenbeste egun hartzen ditu korrikarako. Serieak egiten dituenean ordubete aritzen da, eta bestelakoetan 40 minutu.

Korrika moldatzen da ondoen, eta igerian okerren. «Lasterketako parterik gogorrena igeriketa da, parte hartzaile guztien artean lehia handia izaten baita leku on bat hartzeko. Gainera, entrenatuta ere, hobetzea gehien kostatzen den modalitatea da, nik igerilekuan egiten baititut saioak, eta probak itsasoan izan ohi dira normalean». Bizikletan eta korrika, berriz, onartu du taldekide ezin hobeak dituela ikasteko. «Korrika, adibidez, talde berean Trihas Gebre eta Elena Loyo ditut, eta, batera entrenatzen ez dugun arren, lasterketan haiekin egoteko aukera dut. Asko irakasten didate».

Duatloian lortutako emaitzak kontuan hartuta, eta triatloien prestakuntzan hain murgilduta egonda, askok amestuko lukete Olinpiar Jokoetan parte hartzearekin. Baina Loizatek lurrean ditu oinak: «Tokion egotea ezinezkoa da, eta 2024koetan egoteko asko hobetu beharko nuke igeriketan. Ez dut horretan asko pentsatzen».

Egoiliar izateko azterketa

Entrenamenduak amaituta, ikasketei ekiten die: «Ahalegin handia da, baina urtean urtekoa gainditzea lortu dut beti, eta hala izaten segitzea espero dut». Ekainean amaituko du karrera, eta Oviedora (Espainia) joango da mediku egoiliar izateko azterketa prestatzera. «Kirurgia duen espezialitate batean egin nahiko nuke lan». Azterketa prestatzen duenean, larunbatetan ere izango ditu eskolak. Baina horrek ez du kezkatzen. «Argi dut kirola ez dudala utziko. Ikusi beharko dut nola antolatuko dudan denbora, egoiliar azterketa gaindituta lanean hasi beharko baitut».

Hain zuzen ere, lagunekin denbora gehiago egon nahiko luke. «Zaila da, asteburuero hara eta hona ibiltzen bainaiz. Baina lehiatzen dudan taldeetako beste kirolariekin oso harreman ona dut, eta bidaietan eta halakoetan giro paregabea dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.