URRATSEZ URRATS

2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
2020ko martxoaren 14an ezarri zuen lehenengoz Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Egun horretan bertan, Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen. Lege esparru bi horiek ardaztuta, hilabete asko egin dira ordutik. Horra hainbat mugarri:

2020ko martxoaren 14a: bi erabaki garrantzitsu. COVID-19aren gaineko albisteek aparteko oihartzuna hartu zuten egun gutxitan, eta egoeraren larritasunaren seinale izan ziren martxoaren 14an instituzioek hartu zituzten neurriak: Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen, eta Eusko Jaurlaritzak, osasun larrialdia. Ordutik, eskumenei buruzko eztabaida askoren sorburua izan dira bi erabakiak. Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Gasteizen, Gobernuko Kontseiluak ezohiko bilera bat egin ostean eman zuen albistea. Gobernuak Labi Larrialdiei Aurre egiteko Bideak plana onartu zuen. Osasun Sailak adierazpen bat onartu zuen aurrena, eta Segurtasunekoak plana aktibatzeko aukera ematen duen agindua eman zuen gero. Urkulluk bere gain hartu zuen babes zibileko goi zuzendaritza; nabarmendu zuten horren bidez Jaurlaritzak era izango zuela herritarrak etxeetan edo toki seguruetan konfinatzeko aukera emateko, baita arrisku guneetatik ateratzeko edo urruntzeko ere. Ordutik, aparteko garrantzia izan dute hiru herrialdeetako herritarren bizimoduan Labiren bileretan hartutako erabakiek; izurria ez hedatze aldera, murrizketa ugari ebatzi baitituzte. Bi bilera mota egin dituzte. Adituenak: Labi teknikoa deituarenak izan dira, izurriaren datuak aztertzeko eta ebaluatzeko. Eta erakundeetako ordezkarienak: Labi instituzionala deituarenak. Horien ostean jakinarazi diraizurriari aurre egiteko hartutako neurriak, eta ondoren dekretu bidez ezarri izan dira.

2020ko martxoaren 17a: bozak bertan behera. Osasun egoeraren larritasuna erakusten zuen erabaki bat hartu zen; osasun larrialdia amaitu arte atzeratu egin zituzten Eusko Legebiltzarrerako bozak. Urkullu lehendakariak eta talde politikoek aho batez erabaki zuten hauteskundeetarako deia indargabetzea. Bozak egiteko «bermerik» ez zegoela onartu zuten. Berez, apirilaren 5erako zeuden deituta.

2020ko maiatzaren 18a: osasun larrialdia bertan behera.Iñigo Urkulluk bere «erantzukizuna baliatuz» osasun larrialdiko egoera bertan behera utzi, eta beste aro bat irekitzea erabaki zuen: «Zaintza eta kontrolekoa». Bilera egin ondoren, hauteskundeetara deitzea erabaki zuen: uztailaren 12rako egin zuen deia.

2020ko ekainaren 21a: alarma egoera bertan behera. Konfinamendu neurri zorrotzez betetako hilabeteen ostean, datuak hobeak ziren, «normaltasun berriari» buruzko mezuak nonahi entzun zitezkeen. Ekainaren 21ean utzi zuen Espainiak alarma egoera bertan behera. Ordura arteko bidean, kritika ugari egin zituen Urkulluk Madrildik erabakiak hartzeko izan zen erarengatik; «kogobernantza eta erabakiak elkarrekin hartzea» ez errespetatzea egotzi zion.

2020ko abuztuaren 17an: osasun larrialdi egoera berriz. Uztailean, bozak egin zirenerako agerikoa izan zen izurriaren agerraldiak ugaritzen ari zirela. Abuztuaren 17an Eusko Jaurlaritzak atzera egin zuen: osasun larrialdi egoera ezarri zuen berriro. Jakinarazi zuten, adibidez, edukierak mugatuko zituztela eta ordutegiak-eta ere bai.

2020ko urriaren 27an: alarma egoera, berriro.Datuen okertzeari erreparatuta, Espainiako Gobernuak berriz ezarri zuen alarma egoera; hartara, autonomia erkidegoek «behar ziren neurriak hartzeko» babesa izango zutela esan zuen. Murrizketak orokortzera egin zen; etxeratze aginduek eta mugimenduen kontrol estuak markatutako asteak heldu ziren gero.

2021eko apirilaren 23an: alarma egoeraren eskean Urkullu. Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera uzteko asmoa agerian utzia zuen ordurako, eta Urkulluk gutun bat idatzi zion Pedro Sanchez presidenteari apirilaren 23an, alarma egoera luzatzeko eskatuz.Gogorarazi zion, luzatzen ez bazen, autonomia erkidegoek ez zutela izango «berme juridikorik» izurria kontrolatzeko murrizketak ezartzeko. Kezkaren zioek bazuten heldulekua Urkullurentzat, ezezkoak asko izan baitira; Jaurlaritzaren kasuan, hainbat izan dira EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota dizkion erabakiak. Alarma egoerarekin, eta gabe: bi eratara jaso ditu.

2021eko ekainaren 24a: izurriaren aurkako legea.Eusko Legebiltzarrak onartu zuen COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko legea, EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin.Legearekin ere, ez da lortu auzitegiek erabaki guztiak onestea.

2021eko urriaren 5a.Osasun larrialdia bertan behera utziko dutela esan du Urkulluk, eta Labi batzordea desegingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.