Usue Molina.
Arrauna. 'LUGAÑENE' BASERRITIK

Dena airean

2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Estropadaz beteriko bi aste oparo izan ditugu Lugañene traineruan. Orion izan genuen lehena. Sailkapen nagusian etxekoekin berdinduta iritsi ginen. Urteko estropada lehiatuenetakoa izan zen: sei segundoren barruan sailkatu ginen lau traineruak. Ez ginen gure saioarekin oso gustura geratu, eta Getxon arantzatxo hori kentzeko asmoz uretaratu ginen, eta baita lortu ere.

Asteazkenean, Lekeitiora abiatu ginen azken estropadako poza oraindik ere presente genuela. Euskadiko Txapelketa zegoen jokoan, guztiontzako estropada preziatua. 1992an lortu zuten Arraun Lagunak-eko gizonezkoek Lekeition lehen aldiz Euskadiko txapeldun izatea. 29 urte beranduago, emakumezkook lortu dugu, leku berean.

Azken asteburua Castron eta Lekeition eman dugu. Bi estropadetan berdintasuna izan da nagusi. Castron pozaren pozez bukatu genuen eguna, denboraldian ikusi den estropadarik itogarriena izan baita. Estropada ez zegoen gure alde, baina, burua hotz mantenduz eta paladaz palada, atzetik aurrera egitea lortu genuen. Azken ehun metroetan lortu genuen garaile izatea. Lekeitioko estropada ere oso berdindua izan da, baina gure donostiar bizilagunen alde egin du. Zorionak! Bederatzi segundotan izan gara laurak bi egunetan. Liga itzela izaten ari da.

Estropadak alde batera utzita, badut buruan bueltaka gai bat. Kezka handiz bizitzen ari naiz COVID-19a eragiten ari den guztia. Badakit zein gogorra den lehorrean ezin lehiatu egotea, iaz bitan bizi izan genuen eta. Beraz, animo guztiak bidali nahi dizkiet. Elkar ikusiko dugu berriro uretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.