HILBERRIA. Ellis Marsalis

Belaunaldi oso baten musika irakaslea

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
mikel lizarralde
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
«Edozein sakrifizio egiteko gai naiz musikaren izenean». 2016. urtean Donostiako Jazzaldiak bere sari nagusia eman zionean, hamarkadetako ibilbideari aitortza egin zionean, Ellis Marsalisek argi utzi zuen zein zen bere bizitzaren ardatza. Orduan aitortu zuen AEBetatik Euskal Herrira etortzeak esfortzu «handia» eskatu ziola, baina prest egon zen horretarako. Edozein sakrifizio egiteko gai zelako musikaren izenean. Marsalis jazz pianista. Marsalis irakaslea. Marsalis jazz belaunaldi oso baten aita pontekoa. Atzo hil zen, 85 urte zituela. «Bizi izan zen moduan joan da: errealitatea besarkatuz», adierazi zuen haren seme Wyntonek.

Ellis Marsalis 1934an jaio zen, New Orleansen (AEB), eta hiri horri lotuta egon zen haren jarduna bizitza osoan. 1955ean graduatu zen, Dillard unibertsitatean, eta orduan hasi zen hainbat jazz musikarirekin lanean: Ed Blackwell, Cannonball Adderley, Nat Adderley, Al Hirt... Nat Adderleyrekin, adibidez, In the Bag (1962) diskoa grabatu zuen urte haietan.

1970eko hamarkadan, irakaskuntzari eman zion lehentasuna Marsalisek, eta, 1974tik aurrera, New Orleans Center for Creative Arts zentroko irakasle aritu zen. Han, semeak izan zituen ikasle (Wynton, Brandford, Delfeayo eta Jason), eta baita beste hainbat musikari ere, Nicholas Payton eta Harry Connick Jr, besteak beste.

Hain zuzen ere, irakasle gisa egin duen lanak estali egin du, zenbaitetan, Marsalisek sortzaile gisa egindakoa. Gainera, 50 urte beteak zituela argitaratu zuen bere bakarkako lehenengo lana: Syndrome (1985). Orduz geroztik, hogei disko baino gehiago kaleratu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.