Koronabirusa

Behera egin du positibo kopuruak, baina PCR proba gutxiago egin dira

Hegoaldean 526 positibo atzeman dituzte, eta 355 pertsona daude ospitalean. Bizkaiko zahar etxeetan lau egoiliar hil dira asteburuan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian 526 positibo atzeman zituzten atzo, herenegun baino 292 gutxiago: Araban 41, Bizkaian 225, Gipuzkoan 132, eta Nafarroan 127. Beste 11 kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira. Positiboen kopuruek behera egin dute, baina egindako PCR probak ere gutxiago izan dira. Hain zuzen, 7.327 PCR proba egin ziren atzo Hegoaldean, herenegun baino 1.718 gutxiago. Izan ere, igandeetan beti egin ohi dira proba gutxiago, lehen arretako zerbitzuak itxita daudelako, besteak beste.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, beste 22 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta ZIU zaintza intentsiboetako unitateetan 35 pertsona daude. Nafarroako Gobernuak ere ospitaleetako datuak eman zituen, eta jakinarazi zuen beste zortzi pertsona ospitaleratu dituztela azken orduetan. Are, zaintza intentsiboen unitatean ere zortzi lagun daude. Beraz, Hego Euskal Herrian, guztira, 335 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik 43 ZIUetan. Hildakorik ez da egon. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi zuenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positiboek beherakada «apala» izan dute, baina oraindik ez da aldaketarik nabaritzen joeran. Erantsi zuen hori hala izateko kasuak gutxitu beharko liratekeela hainbat egunez jarraian.

Nafarroako Gobernuak positiboen kasu gehienak non dauden ere adierazi zuen, eta, azken egunetako datuei jarraituta, Iruñean eta Iruñerrian erregistratu dira oraindik ere kasu gehienak: %43. Dena den, Tuteran ere intzidentziaren portzentajea altua da oraindik: %29. Gainera, Erriberako herrietako udalak eta osasun agintariak atzo arratsaldean batzartu ziren inguru horretako egoera aztertzeko eta birusaren transmisioa eragozteko plan proposamen bat aurkezteko. Uvesa enpresako egoera ere aztergai izan zuten, behin-behinean itxi behar izan baitute 175 positibotik gora egon zirelako. Jaurlaritzak, aldiz, ez zuen horrelako daturik eman.

Positiboen datu orokorrei erreparatuz gero, berriz, izurritea agertuz geroztiko asterik txarrenetariko bat izan da pasatu dena. Gainera, badirudi datuek ere goranzko joera dutela. Hain zuzen, Hegoaldean 5.740 kasu atzeman ziren joan den astean, orain dela bi aste baino 1.200 gehiago —4.540 izan ziren orduan—. Kasu gehienak Bizkaian atzeman dira azken astean, eta ondoren daude Gipuzkoa, Nafarroa eta Araba, hurrenez hurren. Ospitaleratutakoen datuek ere gora egin dute.

Egoiliar bat Hernanin

Zahar etxeetan ere atzeman dira positiboen gorakadak azken egunetan. Hernaniko (Gipuzkoa) Santa Maria Magdalena egoitzan egoiliar batek positibo eman zuen atzo —zazpigarrena Gipuzkoan—, eta, ondorioz, gainontzeko erabiltzaileei ere probak egingo dizkiete. Gainera, irteerak eta bisitak bertan behera gelditu dira. Bizkaiko zaharren egoitzetan, berriz, asteburuan lau egoiliar hil dira, eta hamalau dira izurritearen bigarren kolpean hil diren erabiltzaileak. Bizkaiko Aldundiak jakinarazi du zortzi zahar etxetan daudela kasuak. Araban, berriz, beste bi kasuren berri eman dute, eta bederatzi dira orotara.

Bestalde, Baionako turismo bulegoko langile batek ere positibo eman du PCR proban. Hala, turismo bulegoa hiru egunez hetsi dute «prebentzio neurri» gisa, garbiketa lanak egin dituzte, eta PCR probak lankide guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.