Unai Emery

Gomina eta gandorrak

Oilar asko dabil PSGren aldagelan, eta lan zaila behar du izan horiek guztiak gobernatzeak: alde batean Neymarren aldekoak daude, bestean kontrakoak, eta erdi-erdian, erabakiak hartuz, Unai Emery. Sasoiko lehen azterketa serioa du zain entrenatzaile hondarribiarrak, Real Madril, Txapeldunen Ligan.
SEBASTIEN NOGIER / EFE

Aitor Manterola -

2018ko otsailak 13
Nor da Unai Emery? Entrenatzaile horrek zer dauka irabazia?ยป. Jarri burua martxan, eta imajinatu une batez Paris-Saint Germaineko izarrak galdera horiek egiten. Edilson Cavani, Thiago Silva, Marco Verratti, Angel Di Maria eta beste batzuk, agian, begira ibiliko ziren Hondarribiko (Gipuzkoa) 46 urteko entrenatzailearen garaipen zerrendan aurreko sasoiaren hasieran, eta ikusiko zuten baduela irabazia hirutan Europa liga, Sevillarekin.

Eman liteke aditzera esajerazioa dela jokalarien balizko kezka hori, baina zalantza gutxiko baieztapena da ondorengo hau: palmares handiko entrenatzaileak errazago gobernatzen du aldagela. Osatu zuen iaz lehen denboraldia Emeryk jokalari horiekin eta beste batzuekin, eta Frantziako liga ez zuen irabazi, ezta Txapeldunen Liga ere. Ligan, bigarren izan zen Monakoren atzetik, eta Europako lehiaketa handienean, Bartzelonak bota zuen final-zortzirenetan, Parisen 4-0 irabazi arren joanekoan; itzulikoan, 6-1 galdu zuen.

Kanporaketa horren emaitzaren ondorioz, zalantzak sortu ziren PSGko buruak ez ote zuen orduan bertan botako Emery, baina Nasser Al-Khelaifi nagusi dirudunak ez zuen halako erabakirik hartu, eta entrenatzailea bigarren sasoia ari da osatzen PSGn, hitzarmeneko azkenekoa, berez.

Lehen denboraldiko emaitzak ikusita —Frantziako Ligako Kopa, Kopa eta Superkopa titulu txikiak irabazi zituen—, Emeryrengan ez zuten bete-beteko konfiantza izango jokalariek, ziurrenik, eta Qatarko nagusiarena ere ez zen izango oso indartsua. Hori gutxi ez, eta izarrez beteriko taldean, beste hiru sartu zituen Al-Khelaifik: Neymar da Silva, Kylian Mbappe eta Dani Alves. Jarri zion, bide batez, beste kezka bat entrenatzaileari: nola gobernatu hain gandor tenteko taldea.

Inbertsio itzela

Kezka ez ezik, beste muturreko sentimendua ere eragingo zion, baina: poza; munduko hiru jokalari onenetakoekin errazago izango zuelako titulu handiak irabaztea. Horretan dabil Emery, eta bihar bertan ekingo dio Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako kanporaketari, Madrilen, Real Madrilen aurka. Liga bideratua dauka, hamabi punturen aldea ateratzen diolako Monakori, hamahiru partida falta direla. Kirol arloan, bere bidean doa Emeryren PSG.

Halako talde handi batean, baina, ez dauka egun lasairik entrenatzaileak. Beti bada zerbait, eta gehienetan, beti ez esateagatik, jokalariek eragindako kalapitak izaten dira. Edo, bestela, agintari dirudunek. Badaki zerbait kontu horietaz Emeryk, denboraldi hau hasi orduko piztu zitzaiolako sua aldagelan. Neymar fitxatzeak piztu zuen pospoloa.

Aurrelari brasildarra Bartzelonari kentzeko 222 milioi euro ordaindu zituen PSGk, eta horrek ondorio hau eragin zuen: finantza arloan klubek bete beharreko arauak konplitu ahal izateko, frantziarrek hainbat jokalari saldu beharko zituzten. Nagusiak berehala egin zuen zerrenda, eta horrek haserrearazi egin zituen beste jokalari batzuk; batez ere, Cavani. Taldea bitan banatu zen: Cavaniren aldekoak, batean, eta Neymarren ingurukoak, bestean. Emery sartu zen eztabaidan, eta Al-Khelaifik amore eman zuen: ez zuen jokalaririk saldu.

Kaltea egina zuen, ordea, nagusiak, eta ordutik, aldagelako bi aldeen artean eztabaida bat baino gehiago piztu izan da. Urte amaieran, esaterako, Neymarrek Brasilera egin zuen bidaiak ekarri zuen kalapita. Gaixorik zegoen arreba ikusteko baimena eman zion klubak, baina gaueko ordu txikietan ere ibili zen, sare sozialetan azaldutako argazkietan ikusi zenez. Gabonetako oporren bueltan piztu zen beste txingar bat: Cavani uruguaitarra eta Javier Pastore argentinarra berandu batu ziren taldera. Horrek areagotu egin zuen brasildarren eta Hego Amerikako beste jokalarien arteko liskarra taldearen barruan.

Aldagela batean halakoak gertatzen direnean, entrenatzaileak erabakiak hartu behar izaten ditu, eta ari da hartzen Emery. Kirol arloko burua da Antero Henrique portugaldarra, eta sarritan babestu izan ditu entrenatzailearen erabakiak. Babesak babes, hala ere, garbi dago jokalariek nahi dutena egiten segituko dutela, eta bi bandoen erdian, bateko eta besteko kolpeak hartzen, Emeryk jarraituko duela.

Bere lana ondo ari da egiten hondarribiarra, guztiaren gainetik taldea jarriz; jokalariak ez bezala, horien lehentasuna beren burua izaten ari baita. Neymar gau giroan lasai ederrean ibiltzen da han eta hemen, eta buruan zer duen bere jarrerek uzten dute agerian. Futbol modernoan, jokalariek dute agintea, eta entrenatzaileak beraien mende daude, inoiz baino gehiago.

Txapeldunen Liga, epaile

Aldagelako xextrak hor dira, eta horiekin batera joango da denboraldia ere. Ez dira baretuko. Egoera horretan bizitzera ohitu da dagoeneko taldea, baita Emery ere, nahiz eta nahiago izan urak bere-berean bare joatea. Azken batean, jokalari bikainak izanagatik taldea egin behar delako, eta horretan ez duelako batere laguntzen giro txarra egoteak.

Txapeldunen Liga aldarte petral horrekin irabazi ote daitekeen galdera ona da. Ezetz esan daiteke, baina batek daki. Lehiaketak berak emango du azkeneko hitza, eta antzera emango du beste erantzun bat ere: jarraituko al du Emeryk Parisen? Lehiaketa preziatua izan daiteke epaile. Ikusi egin beharko da Emeryk ilean erabiltzen duen gomina tente jartzen den, edo jokalarien gandorra gehiago tentetuko den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna