SAIOA ITXI

Hasiera / Gizartea

Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Amak kontatu ohi zidan...

Glovoko langileak, artxiboko irudi batean. MARTA PEREZ / EFE

Silvia Gambarte - Abokatu laboralista

2020ko abenduak 4

Amak kontatu ohi zidan nola aitona gaztea zela mutil gazteak, eta ez hain gazteak, goizean goiz irteten ziren herriko plazara. Zorroan mokadutxoren bat zutela iristen omen ziren, norbaitek lana emango zien esperantzan. Lur jabeak eskulan bila agertzen omen ziren, lurrak nork landuko aurkituko zutelakoan. Eskulana merkea bazen, hobe. Zorte ona zutenak lanean arituko ziren egun hartan, eta lansari eta guzti etxeratuko; besteak, berriz, esku hutsik itzuliko ziren. Emakume batzuk ere aritzen ziren lanean, aberatsen etxeko zerbitzari.

 

Orduan ez zen lan kontraturik. Ezta lan asegururik ere. Ez zuten hileroko soldatarik, ezta opor ordaindurik ere; are gutxiago ordutegirik: landa eremuan, eguzkiz eguzki aritzen ziren; zerbitzari, berriz, jabeek hala nahi zuten artean. Ez zegoen fabrikarik Nafarroako herrixka hartan; beharbada, batzuek ez zutelako nahi halakorik izatea.

Gaur egun, orduan bezala, bizitzeko lain izateko dirua irabazi behar horrexek «onarrarazten» die milaka laguni autonomo gisa lan egitea, nahiz eta benetan soldatapeko diren. Langile horiei autonomoetan izena emanarazten diete, inoren kontura aritu daitezen jarduera batean, beste edozein enplegatu bezala. Beti existitu izan dira, baina ez orain bezainbeste. Batzuen ustez, edozein jardueratan aritu daiteke autonomo bat: «sasi-autonomoak» aurkituko ditugu abokatuen bulegoetan, osasun etxeetan, fisioterapia zentroetan, dentisten artean... Baita tabernetan ere, harrigarria badirudi ere. Rider deritzenek ekarri dute berriro ere gaia, borrokan baitabiltza auzitegietan zein auzitegietatik kanpo.

Langile horiek ez dute Langileen Estatutuan edo beste edozein lan itunetan jasotako eskubideetarik bat bera. Ez dute eskubiderik baimen ordainduetarako edo opor ordainduetarako. Ez dute gutxieneko soldatarik, eta ezin dute soldata igoerarik eskatu. Gaixotuz gero, ez dute sosik kobratzen. Enplegatzen dituztenek ordaindu ezean, ezin dute jo Fogasara, soldatak bermatzeko funtsera. Kontratua amaitzean, ez dute kalte-ordainik, eta ez dute eskubiderik izango langabezia saririk jasotzeko ere. Baina izan badituzte betebeharrak: autonomoen kuotak ordaindu behar dituzte; hartara, enplegatzaileak ez dauka haien gizarte segurantza ordaindu beharrik.

Horretaz mintzo direlarik, lan errealitate berriak aipatzen dituzte, eta inoren kontura diharduen langilea zer den eta zer ez den definitu beharra ere bai, lehendik ere definitua ez balego bezala Langileen Estatutuaren 1. artikuluan. Izan ere, «errealitate berri» horiek ez dira hain berriak. Errealitate zahar batzuen bilakaera dira, zeinetan batzuk besteez aprobetxatzen ahalegintzen baitira. Duela 80 urte, herriko plazara jo ohi zuten jornaleroen bila; gaur egun, autonomoetan izena emanarazten diete lan egin nahi izanez gero.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna