Aritz Estibez. Algarako konpartsakidea

«Gure helburua da Bilbon euskara eta euskal kultura sustatzea»

Algara Konpartsak 25 urte beteko ditu aurten, eta bertako kideek ondo ospatzeko esperantza dute. Zenbat Gara elkartearen barruan sortu zen, Gabriel Aresti euskaltegia, Kafe Antzokia eta Bilbo Hiriaren neba-arreba.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Zenbat Gara elkartetik sortu zen Algara Konpartsa orain dela 25 urte, Bilboko jaigunea euskalduntzeko asmoarekin. Bertako konpartsakidea da Aritz Estibez (Galdakao, 1982), eta lanean ibili da aste osoan.

Duela 25 urte sortu zen Algara konpartsa. Asko aldatu da Aste Nagusia ordutik?

Bai, gizartean izan diren aldaketa berak izan ditu. 25 urtean ibilbide luzea egin dugu, eta egokitu behar izan dugu jendarteak egin duen bidera, baina jaio gineneko helburu edo filosofia hori mantentzen dugu. Hau da, gure helburua da Bilbon euskara eta euskal kultura sustatzea eta hori jartzea jaien erdigune eta ardatzean. Hasierako asmo hori oso presente daukagu oraindik.

Lortzen duzue helburu hori? Bilbon jaia euskaraz bizi ahal izatekoa?

Bai, esango nuke baietz. Azkenean, Algara Zenbat Gara elkartetik sortu zen, eta elkartearen barruan daude Kafe Antzokia, Bilbo Hiria irratia, Txikigunea eta [Gabriel Aresti] euskaltegia bera. Jende askorekin dugu harremana, eta esan dezakegu heltzen garela, badugula irisgarritasun bat. Jaietan konpartsa muntatzean ere lortzen dugu ikasleei aukera bat ematea Aste Nagusia euskaraz bizitzeko. Gurekin egin dezakete ikasketa prozesua, eta gero, jaietako bederatzi egun horietan aukera dute jaiez gozatzeko. Hau da, klaseetan ikasten duten gramatika eta mintzagaia alde batera utzi eta espazio bat daukate gozatzeko. Euskara ez da bakarrik ikasten den zeozer, bizi eta gozatu behar den gauza bat baizik.

Orduan, esango zenuke lortzen duzuela ikasleak inplikatzea?

Bai, bai, bai. Batzuk nahiko inplikatzen dira, hainbat txosnaren pintaketara etorri ziren uztailean, aisialdi bezala, euskara praktikatzeko aukera moduan. Beste batzuk etorri dira muntaketara, igandetik daramagu eta. Ikasle ohi batzuk urtero-urtero biltzen dira, bai muntaketara, bai pintaketara. Txandak egiteko laguntza behar dugu, eta horra ere etortzen dira, txanda egitera eta parranda egitera ere bai.

Euskarazko beste espazio batzuk sortu dira Konpartsagunean ere.

Apurka-apurka egiten den aldaketa da, eta zoritxarrez oraindik egiteko asko daukagu; baina badago sentsibilitate bat, asmo bat eta analisi konpartitu bat, eta horretan ekin eta egin behar dugu. Bilbon egin dezakezun analisi hori aplikagarria da konpartsetara: egin da, baina oraindik asko dago egiteko. Horretan Algarak badu zer esana, hori delako gure motorra.

Lan handia egin behar izaten duzue. Ikusten dira fruituak Aste Nagusian, ala bakarrik gerora?

Ikusten dira fruituak. Egia esan oso egun biziak dira: goizeko lehenengo ordutik gaueko azken ordura hemen ibiltzen gara lan eta lan, batez ere aste honetan. Baina, muntaketa amaitzean, suziria botatzen dutenean eta ikusten duzunean hemen lehertzen den jai giroa eta poztasuna... Orduan ikusten duzu benetan merezi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.