Arrauna. Eusko Label liga

Txikia, handia, pareak eta jokoa

Cabok historiako bigarren bandera irabazi zuen igandean Eusko Label ligan, eta hori ere Hondarribian. Hamalau urte geroago, ordukoaren kopia izan zela dio Beni Silva entrenatzaileak.

Caboko arraunlariak, garaipena ospatzen, herenegun. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Etxeko sofan etzanda zegoen atzo arratsaldean Beni Silva, Cabo da Cruzeko entrenatzailea. Ez, baina, beste astelehenetan bezala. Beste poz batekin zen atzo, ez baitzuen alferrik haren taldeak igandean bandera irabazi Hondarribian, Eusko Label ligan. «Behar genuen. Azkenean, oso astuna egiten da astero Galiziatik Euskal Herrira joan-etorrian ibiltzea. Pixkana hondoratu egiten zaitu hainbeste kilometro errepidean egiteak».

Hartu dute, hortaz, Boirokoek (Galizia) denboraldia amaitu arte atzera-aurrera ibiltzeko indarra. Fisikoa, eta batez ere, burukoa. Oso garbi hitz egin du Silvak Caboren epe hurbileko helburuen gainean: «Kontxako Banderan sartu nahi dugu, nahitaez. Klubaren eta babesleen helburua da, eta hemendik aurrera, horretara jarriko gara». Donostian aritzeko aukera eskuratzearekin bakarrik ez direla aseko gehitu du: «Sailkatzen bagara, ez goaz Donostian egotera. Zerbait gehiago nahiko genuke egin».

Ez pentsa igandeko garaipenak eraginda puztuta dabilenik entrenatzaile galiziarra. Ondo zehaztu baitu zer esan nahi izan duen: «Ohorezko txandan sartzea oso zaila da, baina lehen txandatik aukera izan dezakegu laugarren bukatzeko». Erronka handia da hori lortzea, baina ez da ezkutatzen diren horietakoa Silva. Horixe egin zuen, hain justu, herenegun, Hondarribian. «Diren eta ez diren arrisku guztiak hartu nituen. Talderik onena atera nuen, arraunak aldatu ere bai, duela hamalau urteko jokoaren moldekoak, eta dena atera zitzaigun ondo. Traineruak hegan egin zuen. Arraunlariei estropadaren aurretik kontatu nien gaizki ateratzen bazen arraunena, ni egiteko erantzule».

Arriskatu eta irabazi. Eta irabazlearen emozioarekin, abagunean bizi izandakoa nabarmendu nahi izan du: «Ederra izan zen nola poztu ziren Hondarribiako herritarrak guregatik, baita bertako taldekoak ere. Oso eskertuta gaude». Ligan bigarren bandera irabazi hamalau urte geroago, eta leku berean: «Orduan bizi izandako egoera berdinak bizi izan nituen». Orduan ere bera zen Caboko entrenatzaile. Pozik da, jakina, baina «izorratua» ere bai: «Lortu dut taldeari etekinik onena ateratzeko formula, baina zer egin behar dut orain, arraunlari batzuk baztertu?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.