Arrauna

Lekua hartzen datorrenerako

Hondarribiak hirugarren bandera irabazi du Eusko Label ligan, Ondarroan. Orio liderrak lehiaketako emaitza txarrena egin du, laugarren. Salsamendik epaileen lana kritikatu du

Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroia eta Endika Lopez arraunlaria elkar besarkatzen, atzoko estropada irabazi ondoren. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Traineru denboraldian, mugarria izaten da abuztu erdialdea, Zarauzko Estropada jokatzen delako, eta talde askoren prestaketa horretara bideratua egoten delako, eta ez soilik estropada horregatik, Kontxakoa ere oso gertu dagoelako. Datorren asteburuan izango da Eusko Label liga Zarautzen (Gipuzkoa), eta Donostiakoa ere ate joka dago, gertu. Batzuei ari zaie iristen benetako azterketa gainditzeko ordua.

Garai ona izaten da hau traineru bakoitza zertan dabilen ikusten saiatzeko, eta denboraldiko tarte zirraragarri honetako lehen kapitulua atzo idatzi zuten Ondarroan, ligako hamahirugarren jardunaldian. Beste koska bat ere bazuen atzokoak, liga asteburu bateko etenaren ondoren itzuli baitzen. Ondorioak ateratzea zaila izaten da arraunean, baina atzo Hondarribiak irabazi izana seinale garbia da, are gehiago ordezko diren bi arraunlari barruan zirela: ligan sei estropada jokatu dituen Endika Lopezekin eta lautan aritu den Jon Lizarralderekin. Talderik onena atera izan duenean, zertarako gai den erakutsi du aurten Hondarribiak, eta atzo, hori egin gabe, liga honetako laugarren garaipena eta hirugarren bandera irabazi zuen.

Esana dute talde barrutik aurtengo prestakuntza atzeratuago dakartela, orain eta hemendik aurrera sasoian egoteko, eta atzokoari Euskadiko Txapelketan duela hamar egun lorturikoa gehitzen bazaio, Hondarribiak lekua hartu du datorrenerako.

Lekuarena aipatuta, atzoko estropadan eragin apartekoa izan zuen eragilea izan zen. Baita eztabaida iturri ere. Azkeneko txandako lehen luzean, Hondarribia lehen kalean eta Orio liderra bigarrenean, geroko garailea oriotarren kalean joan zen nabarmen, eta epaileak bandera zuria astindu zien bi taldeei, Orio bere kalean ondo zihoan arren. Urdina ere atera zion Hondarribiari, eta orduan joan zen bere kalera Ama Guadalupekoa trainerua. Estropada burua Santurtzik hartu zuen orduan, laugarren kaletik, eta pare bat segundo aurretik ere ibili zen. Lehen ziabogara, bi segundoren aldearekin zen Hondarribiarekiko, bost Oriorekiko, eta Zierbena zortzira zeukan.

Bigarren luzearen hasieran Sotera-k eutsi zion buruari, baina luze erdia baino lehenagotik Hondarribiak hartu zuen burua, berriz ere Orio eta atzoko garailea elkarrengandik oso gertu zirela, oraingoan bakoitza bere kalearen mugan. Epailea tartean sartu behar izan zen.

Bikain moldatu zen Hondarribia poparean, eta estropada orduan hautsi zuen. Santurtzik heldu zion, sei segundora ziabogan, baina Orio hamarrera eta Zierbena hamahirura zeuzkan. Hortik aurrerakoa lana biribiltzea baino ez zen izan Mikel Orbañanosen taldearentzat, nahiz eta Santurtzik zazpi segundora murriztu aldea amaieran. Atzetik, Zierbenak aurrea hartu zion Oriori azken luze ikusgarria eginez, eta oriotarrek ligako emaitza txarrena egin zuten atzo: laugarren. Hala ere, lider sendoa da, hamalau punturen aldea duelako Santurtzirekiko, eta bat gehiagokoa Hondarribiarekin. Horrek ez zuen gozatu, ordea, Jon Salsamendi, eta oriotarren entrenatzaileak «liderrari errespetua» eskatu zuen ETBko kameren aurrean, lehen luzean epaileak izandako jarrerarekin kexu, ziurrenik.

Urdaibai, txukun

Beste txandetan, Urdaibaik ondo irabazi zuen bigarren txanda, Donostiarrak azken luzean estutu egin bazuen ere, eta ondo etorriko zaie bermeotarrei atzokoa, Joseba Fernandez entrenatzaileak datorren urtean taldean ez duela segituko jakin eta gero aste honetan. Ondarroak, etxeko taldeak, lan ona egin zuen, ez baitzen oso aparte ibili bi talde handi horietatik, hamabi eta zazpi segundora. Atzeko lehian, Isuntzak irabazi egin zien atzo San Pedro eta Astillerori. Gaur Hondarribian dute estropada (12:00, ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.