Donostiako 79. Musika Hamabostaldia. Ana Belen Garcia. Organista

«Oso musikagile onak daude egun, eta gure lana da haien musika jotzea»

MUSIKA HAMABOSTALDIA

Andoni Imaz -

2018ko abuztuak 4
Pianoa, organoa eta klabinzebaloa jotzen ditu Ana Belen Garciak (Andoain, Gipuzkoa, 1977). Mundu osoko jaialdietan aritzen da bakarlari nahiz laguntzaile, musika barrokotik garaikidera arteko eskaintza zabalarekin. Abuztuaren 7an, kontzertua emango du Musika Hamabostaldian, Donostiako Iesu elizan.

Zerk erakarri zintuen organotik instrumentua ikasteko?

Pianoa, organoa eta klabinzebaloa jotzea zer den jakiteak eta haiekin esperimentatzeak merezi duela uste dut. Horrela, askoz ere hobeto ulertzen duzu nolakoa den garai bakoitzeko musika. Organo bat jotzean, dena ulertzen duzu: nola jo behar duzun, nola hartu behar duzun arnasa, zer ekartzen duen horrelako mekanika batean jotzeak... Horregatik ikasi nuela uste dut: jakiteko eta esperimentatzeko.

Musika barrokoa jotzen duzu, baina garaikidea ere bai.

Musika garaikidea asko gustatzen zait. Horregatik, emango dudan kontzertuan badago antzinako musika, Errenazimentukoa, barrokoa, baina horretaz gainera, musika garaikidea ere joko dut. Aukera dudan bakoitzean jotzen dut, entzuleak ere ohitu daitezen. Gaur egun, oso ondo konposatzen duten musikagile asko daude, eta gure lana da musika hori jotzea eta estreinatzea.

Japonian ere eman dituzu kontzertuak azken asteotan.

Beti esaten dut zorte handia izan dudala nire musikari ibilbidean. Eskaini zidaten bi kontzertu ematea Janponian, iparraldean bata, Sendain, eta Tokion bestea. Esperientzia zoragarria izan da. Kontzertu bat auditorium erraldoi batean eman nuen, eta bestea, berriz, eliza katoliko batean. Gainera, kontzertuek eman didaten aukera baliatuz, hilabete pasatu dut hango kultura ezagutzen eta haiengandik ikasten.

Tokioko euskal etxean ere egon nintzen, eta hango jendea ezagutu nuen. Haien txokoa erakutsi zidaten, eta kontzertu batera ere etorri ziren. Ederra izan da Tokion euskaraz aritzea!

Japonian ere badaude halako organoak?

Auditorium ugari dago, eta eliza katolikoak ere bai. Bi kontzertuak oso ezberdinak izan ziren. Auditoriumean 45 minutuz jo nuen, eta elizan ordu eta erdi, azalpen guztiak ematen: zer joko nuen, nondik nentorren...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna