SERIEA. Euskaraldia prestatzen (II). Hizkuntza ohiturak aldatzea.

Nola egin 'klik' ahalik eta erosoen

Euskaraldiaren helburu nagusia da hizkuntzekin lotutako inertziak moldatzea, eta Emunen ikastaroak ematen dituzte horretarako. Ezinbestekotzat daukate norbere egoeraz gogoetatzea.
Euskal hiztunak, hizketan, mintzodromo batean, Donostian.
Euskal hiztunak, hizketan, mintzodromo batean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2018ko azaroak 13

Ahobizi bat, astean bi aldiz saskibaloian entrenatzen dena; oro har, erdaraz mintzatzen da taldean, baina kideetako batzuk euskaldunak dira, eta ez daki besteak euskara ulertzeko gai diren. Eta Euskaraldian ahobizi izango da, hau da, euskara ulertzeko gai diren guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartu du. Zer egin dezake talde horretako inertziak egokitzeko, eta euskara erabiltzen hasteko? Nola jardun behar du taldekideekin? «Ez dago formula magikorik», aitortu du Ainhoa Lasak. Eta galdera itzuli dio zalantza horrekin dabilenari: «Zer lortu nahi duzu? Zerk emango dizu lasaitasuna?».

Emun aholkularitzan hizkuntza ohiturak aldatzeko ikastaroak ematen ditu Lasak; erdaraz egiten diren jarduerak nola hasi euskaraz egiten, korapilo hori askatzea dute helburu. Kataluniatik dator ideia, TELP deitutako tailerretatik: Taller d'Espai Lingüístic Personal (hizkuntza espazio pertsonalei buruzko lantegia). «Bidaia txiki bat» egiten dutela esplikatu du Lasak: «Gure hizkuntza ohiturak aztertzen ditugu: nondik datozen, zerk bultzatzen gaituen horrela jokatzera, nola sentiarazten gaituen horrek, eta zer indar dugun aldaketak egiteko. Funtsean, gogoeta bat egiten dugu ikastaroetan, aldaketa egin ahal izateko eroso sentitzeko». Jabetze eta ahalduntze ariketak ere egiten dituzte: «Jakin behar dugu euskaldunak garela, zer den hizkuntza gutxitu bateko hiztuna izatea». Hortik aurrera, aldaketak egiteko tresnak lantzen dituzte: «Bakoitzari egokituta».

Baina non dago hizkuntza ohiturak aldatzeko giltza? Nola egin klik hori? Oro har, aldaketak hiru arlotan egiten direla azaldu du Lasak: «Batetik, emozioak, nola sentitzen garen; bestetik, pentsamendua, zer aurreiritzi eta beldur dugun; eta, azkenik, portaera, gauzak egiteko modua. Pertsona bakoitzak arlo batean edo bestean egingo du klik: batek portaera aldatuko du baina denbora gehiago beharko du eroso egoteko, eta beste batek eroso sentitzean aldatuko du portaera».

Korapilo horiek esplizitatzeko aukera emango du Euskaraldiak, mahai gainean jartzeko, Lasaren iritziz: «Horretarako espazio bat emango digu: nahi duguna egitekoa, eroso sentituz». Izan ere, uste du babesa emango duela talde ariketa bat izateak, «beste batzuk ni bezala ari direla jakiteak». Ziur da proiektuak aldaketak ekarriko dituela, eta denboran mantendu ahalko direla: «Epe luzera, iruditeria berri bat sortuko zaigu: ikusiko dugu beste modu batera bizi daitekeela». Eta Euskaraldian parte hartuko ez dutenengana ere iritsiko da mezua: «Erakutsiko diegu inertziak aldatu nahi ditugula».

Elkarrizketa elebidunak

Elkarrizketa elebidunek sortuko dute, neurri batean, iruditeria berri hori; hau da, batek euskaraz egiteak eta besteak erdaraz. Lasak aitortu du ez dagoela horretarako ohiturarik: «Ez gara ondo sentitzen, eta aurreiritzi asko dauzkagu: atzo arte errespetu falta bat izan da. Gutako askok aldatu egin dugu diskurtso hori, baina ez dugu emozioetara eraman». Horretarako aukera ere emango du Euskaraldiak: «Euskaraz aritzeko zailtasunak dauzkatenentzat —eta denontzat— logikoena da bi solaskideok menderatzen dugun hizkuntzan aritzea, baina ez du zertan. Elkarrizketa elebidunak arraroak egingo zaizkigu hasieran, baina Euskaraldiak balioko digu entrenatzeko, ohartzeko gatazkarik ez dutela sortzen, eta komunikazioa bermatuta dagoela».

Ariketa horretan, baina, ezinbestekotzat jo du ez espero izatea besteak hizkuntza aldatzea: «Hasieran hala ibiltzen baikara, bestea gure hizkuntzara ekarri nahian». Bere bidaia txikiaren ostean ikasitakoa azaldu du: «Konturatu nintzen euskaraz ulertzen zidaten batzuek gaztelaniaz erantzuten zidatela nik gaztelaniaz hitz egingo banie bezala, eta pentsatu nuen nik berdin egingo nuela, ulertzen didaten bitartean: hitz egingo nien haiek niri euskaraz egingo balidate bezala. Horrek lagundu dit lasai egoten».

Bihar: Aurreko esperientziak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jendea terrazetan Bilbon, astelehenean. ©Aritz Loiola/FOKU

651 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian kasu gehien atzeman diren eguna izan da: 402. Osasun Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia arratsaldean bilduko dira egoera aztertzeko.

 ©JON URBE / FOKU

«02:00etan, festak ezin du segitu eremu pribatuetan»

Aitor Biain

Herritarren parte hartze handiagoa eskatu dute ostalariek, ardura guztia beren bizkar izan ez dadin. Ataka estuan direla ohartarazi dute, eta babes ekonomikoa galdegin diote administrazioari, helegitea onartu edo ez.

Donibane Lohizuneko plaza, konfinamendu denboran ©Bob Edme

Donibane Lohizuneko ostatu bat hetsi dute

Ekaitz Etxamendi

Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak erabaki du Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Le Miam ostatuaren hestea bost egunez, zigor gisa. Neurria beterik, gaur ireki dute berriro.

Osasun langileak PCR probak egitn Donostian, iragan astean. ©Gorka Rubio/FOKU

Getxoko Bikain tabernan eta Gasteizko Sagartoki eta Oh Malbec jatetxeetan izan zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Toki horietan izan zirenek beren osasun etxera edota osasun aholkularitzara deitu beharko dute ordua hartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Maite Asensio Lozano

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna