SERIEA. Euskaraldia prestatzen (VIII). Ikerketa.

Azterketa Euskaraldiari

Euskaraldiak nola eragiten duen ikusteko, ikerketa bat abiatu du Soziolinguistika Klusterrak. Hizkuntza ohiturak aldatu ote diren jakin nahi dute. Parte hartzaileei galdetegiak bidaltzen ari dira, ahalik eta datu gehien jasotzeko.

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko azaroak 20
Ilusio handia sortu du Euskaraldiak: euskararen erabileran aldaketa lortzeko itxaropena. Ikerketa zabal bat egingo dute benetan nola eragin duen jakiteko. Soziolinguistika Klusterrak dauka ardura. Bi arlo izango ditu azterketak. Batetik, galdetegiak bidaliko dizkiete parte hartzaile guztiei: Euskaraldiaren aurretik —jada igorri dute—, amaitu eta berehala, eta hiru hilabetera. Eboluzioa ikusi nahi dute. Bestetik, azterketa kualitatiboa egingo dute, antolakuntzan aritu direnekin eta aukeratutako parte hartzaileekin. Emaitzak ahalik eta osoenak izan daitezen, dei berezia egin dute inkestak erantzutera: «Ahalik eta pertsona gehienen informazioa biltzeari eman zaio lehentasuna».

Uxoa Anduaga da ikerketaren koordinatzailea, eta Pello Jauregi proiektuaren zuzendaria —hura aritua da, besteak beste, Eusle metodologian eta Lasarte-Orian egindako egitasmoan—. Hizkuntza ohituretan eragitea du helburu Euskaraldiak, eta ikerketak ere horri erreparatuko dio: «Egunerokoan gure ingurukoekin ditugun ahozko harremanetan zein hizkuntza erabili ohi dugun: etxekoekin, lanean, erosketetan, kalean, lagunekin...», azaldu du Anduagak. Zehazki, ikerketarekin jakin nahi dute Euskaraldiak nolako eragina duen ohitura horiek «euskararen alde» aldatzeko.

Egindako aurreikuspenen arabera, datorren uda aurretik kaleratuko dituzte ikerketaren emaitzak. Euskal Herri osoko datuekin batera, inguru soziolinguistiko bakoitzekoak ere emango dituzte. Herri batzuek, gainera, beren emaitzak eskatu dituzte. Ikerketaren ondorioak «hausnartzeko» aukera eman nahi du klusterrak.

Lasarte-Oriako emaitzak

Lasarte-Orian (Gipuzkoa) egindako ikerketaren traza izango du Euskaraldiarenak. Hiru fasetan egin zuten hura ere: egitasmoa abiatu aurretik, egin eta berehala, eta hiru hilabeteren ondoren. «Tarte horretan Euskaraldia gertatuko da, eta, beraz, ikusiko dugu parte hartzeak aldaketa horietan eragin duen». Erabileran gorakada izan zela erakutsi zuten Lasarte-Oriako emaitzek: hogei puntu igo zen ahobizien erabilera. Egitasmo aurretik erabilera %62koa zen izena eman zutenen artean; egin eta segituan, %84koa; eta hiru hilabetera, %81ekoa. Aintzat hartzekoa da datu aitortuak direla, ez neurketa bidez lortuak.

Euskaraldiaren azterketan ere datu aitortuak jasoko dituzte: parte hartzaileek zer dioten beren erabilerari buruz. Emaitzen baliagarritasuna kantitateak ekarriko du, Anduagaren esanetan: «Oso argi dugu datu base handi bat lortzeak emango diela sendotasuna ikerketaren emaitzei. Horretarako, lortu behar dugu ahalik eta jende gehienak betetzea hiru galdetegiak». Borondatezkoa da inkesta betetzea, eta horrek badakar arrisku bat: soslai jakin bateko parte hartzaileek erantzutea. Anduagak dio «ahalegin berezia» egiten ari direla ahalik eta gehienek erantzuteko. «Edozein kasutan, beste ikerketa askotan bezala, ondorioak irakurtzean kontuan hartu beharko da erantzutea borondatezkoa izan dela».

Lehen galdetegia bidali diete parte hartzaileei. Gaur egun dituzten hizkuntza ohiturei buruz galdetu diete: euskaraz aritzen ote diren hainbat eremutan, lehen hitza euskaraz egiten ote duten, erdaraz erantzuten dietenean zer egiten duten... «Galdetegiak betetzen errazak dira, eta denbora gutxi eskatzen dute». Euskaraldia amaitu orduko bidaliko dute beste bat, egitasmoaren berehalako eragina aztertzeko; eta hirugarrena, martxoan, aldaketa zertan geratu den jakiteko.

Horrekin batera, ikerketa kualitatiboa egingo dute: «Iritziak, inpresioak eta bizipenak nolakoak diren aztertuko dugu». Horretarako, lagin bat diseinatu dute, eta herri batzuk hautatu: antolakuntzan aritu direnen eta parte hartzaileen iritziak jasoko dituzte.

Orain arteko proiektuek —Lasarte-Oriakoak eta Aldahitz egitasmoak, adibidez— erakutsi dute baietz, posible dela ohiturak aldatzea. «Ikusi da aste batzuetako esku hartzeak lor dezakeela zenbait ohitura luzera begira aldatzea». Euskaraldiak, ordea, baditu desberdintasun batzuk: nagusia, Euskal Herri osoko egitasmoa izango dela, leku desberdinetan egingo dutena, eta milaka lagunek parte hartuko dutela. «Ikusi nahi dugu hain eremu zabalean egingo den ekimenean ere lortzen den hizkuntz ohiturak aldatzea».

Bihar: Herriz herriko prestaketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna