SERIEA. Euskaraldia prestatzen (V). Euskaldun dentsitate txikiko herriak

Euskararen periferietan

Euskaraldiaren sustatzaileek oztopo gehiago dituzte euskarak presentzia txikia duen herrietan taldeak osatzeko eta egitarauak prestatzeko. Ilusioz ari dira, ordea: uste dute 11 egun horiez harago «urte osorako hauspoa» izanen dela Euskaraldia.

Eskualde osoan ia mila lagunek eman dute izena Euskaraldian. BERRIA.
Ion Orzaiz.
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun

Euskal Herriko hainbat eskualde, auzo eta herritan, konpromiso berezia behar da euskaraz bizi ahal izateko. Zailagoa izan ohi da mintzalagunak aurkitzea, eta, euskaltzaleen ohiko bilguneetatik kanpo, erresistentzia gogorragoak eragiten ditu lehen hitza euskaraz egite hutsak. Agian horregatik, ezohiko egoera batean bizi direlako, ezohiko ilusioz heldu diote periferiako lubaki horietan Euskaraldiaren prestaketa lanari.

«Herrian euskaldun gutxi garenez, familiartean bezala ari gara hau guztia antolatzen», azaldu du Andosillako (Nafarroa) Gazteak taldeko kide Maddi Irizarrek. Nafarroako Euskararen Legeak marraztutako zonifikazioaren arabera, eremu ez-euskaldunean dago Andosilla. Gaztelania da, beraz, hizkuntza ofizial bakarra. Horrek antolaketa lanak zaildu egin ditu zenbait tokitan, gertuko erreferentziazko erakunderik gabe herritarren euren esku gelditu baita prozesu osoa. Irizarren esanetan, «apur bat galduta» ibili dira: «Euskaraldia antolatu nahi bai, baina ez genuen oso argi zer egin behar genuen, eta nola. Zaila izan da herriko jendeari azaltzea zer den ahobizi eta zer belarriprest, guk geuk ere ez baikenuen oso argi».

Familiartean bezala dabiltza Balmasedako antolatzaileak ere (Bizkaia). «Enkarterrin guztiok ezagutzen dugu elkar, eta, eskualde nahiko erdalduna den heinean, euskaldunak are gertuago gaude batzuk besteengandik. Beti gabiltza pertsona berberak saltsa guztietan sartuta», azaldu du Enkarterriko batzordeko kide Roberto Blancok. Pozik daude lortutakoarekin: eskualdean jada 900 pertsonak eman dute izena. Ahobizi izanen dira horietatik bi heren. «Euskaldunak ari gara mugitzen, zaila delako euskararekin harremanik ez duen jendearengana iristea. Oraingoan, hala ere, erdaldun askok esan digute Euskaraldian parte hartu ezin duten arren kanpotik babesa emango digutela».

Guardian (Araba), Euskaraldian izena emateko prozesua «mantso» doala aitortu du Mikel Lopez Arabako Errioxako kuadrillako euskara teknikariak: «Jendeari kosta egiten zaio hasieran. Gure kasuan, gainera, motelago ibili gara, mahats bilketa garaia delako, eta horren eragina sumatu dugu izena emateko orduan». Arabako Errioxan, oro har, 500 lagunek baino gehiagok eman dute izena. Erriberako eta Enkarterriko ordezkariek bezala, Guardiako teknikariak ere uste du «erronka handia» dela euskaldun pasiboak aktibatzea. «Hemen gaztelaniaz egiten da gehienbat, eta euskaldunok izugarrizko ahalegina egin behar izaten dugu hizkuntza ohiturak aldatzeko».

Urte osoko konpromisoa

Oztopoak oztopo, jendetza mobilizatzea lortu dute hiru eskualdeotan, eta, Euskaraldiaren bueltan, egitarau oparoa prestatu. Andosillan, esaterako, zinema emanaldiak, mahai jokoak eta solasaldiak antolatu dituzte; Balmasedan, berriz, kalejirak eta pintxo-potea; Lapueblan eta Bastidan mural margotzea...

Horrek guztiak euskararen presentzia «normalizatzeko» balio duela uste du Irizarrek: «Duela urte batzuk, euskarazko ekitaldiak antolatzen hasi ginenean, bizilagun batzuk asaldatu egiten zitzaizkigun, baina jada ohitu egin dira».

Horregatik, Euskaraldiaren gisako egitasmoak «oso garrantzitsuak» direla uste dute denek, eta ezinbestekotzat jo dute ekinaldiak emanen dien bultzadari urte osoan eustea. Blanco: «Gisa honetako egitasmoek hauspo izugarria ematen digute. Sareak sortzeko, tabernetan eta dendetan euskaraz egin dezakezula jakiteko... 11 egun hauek pasatuta, ea jokabide horrek irauten duen».

Bihar: Euskaraldia eremu euskaldunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.