Etxealditik Euskaraldira (V). Mintzalagunak.

Nola poteoan hala bingoan, sarean eta euskaraz

Konfinamendura bideokonferentziaren bidez egokitu behar izan dute Euskal Herriko mintzalagun taldeek. Askotariko ekintzak antolatu dituzte asteotan euskaraz hitz egiten jarraitzeko, aisialdi giroari eta laguntasunari eutsita.

Getxoko eta Erandioko berbalagunek egindako bingoaren irudi bat. BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun

Euskaltegietan ikasitako euskara praktikan jartzea da mintzalagunen funtsa. Euskara erabiltzea, alegia; eta, bidenabar, lagunarteko giroa sortzea. Talde txikitan elkartzen dira horretarako, astean ordubetez, gutxienez. Kafea hartu ohi dute, edo poteoan aritu, edo paseoan zein parkean ibili. Horixe da, hain justu, gaur Etxealditik Euskaraldira egitasmoak proposatuko duen ariketa: poteoan euskaraz aritzea.

Konfinamenduak bete-betean eragin dio mintzalagunen jardunari, orain ezin baita parez pareko harremanik eduki etxekoekin ez bertze inorekin. Internet bidezko saioekin ari dira erantzuten elkartu ezinari, baina aisialdiaren ezaugarria ez dute galdu, halere: «Ekintza osagarri birtualak ere egiten ari gara», azaldu du Maite Agirre mintzalagunen koordinatzaileak. Mintzalagunen ohiko taldeetatik at egiten dituzten bertzelako jarduerak izaten dira ekintza osagarriak: talde baten baino gehiagoren arteko egunpasak, edo bisitak. Horiek ere egin ezin dituztenez, askotariko ekintzak egin dituzte horien partez konfinamendu garaian: Getxon eta Erandion (Bizkaia), erraterako, bingoa antolatu zuten joan den astean; Baztanen eta Malerrekan (Nafarroa), elkarrekin egindako txangoetako argazkiak zabaltzeko saioak; eta jolasak eta yoga ariketak ere egin dituzte bertze leku batzuetan. Kasu guztietan, euskaraz hitz egiteko ez ezik, ongi pasatzeko helburuz.

«Joan den astean, adibidez, mozorrotuta bukatu genuen», azaldu du Agirrek; telefono bidez ere sumatzen zaion irribarrez. Koordinazioan aritzeaz gain, Hondarribiko (Gipuzkoa) mintzalagunetan ere parte hartzen du, bidelagun gisa. Izan ere, bi rol dituzte mintzalagunen taldeetan: bidelariek euskara praktikan jartzeko jo ohi dute mintzalagun taldeetara, ez dutelako euskaraz hitz egiteko espaziorik inguruan, normalean; eta euskaraz maiz hitz egiten dutenek, bidelagunek, bidea egiten laguntzen diete bidelariei. Baina Agirrek argi utzi du zein den euren rola: «Ez gara irakasleak: taldeko bat gehiago gara».

Euskaraz eroso aritzeko

Euskal Herrian 7.800 euskaldun inguru elkartzen dira 999 mintzalagun taldetan, Euskaltzaleen Topaguneak emandako datuen arabera. Tokian-tokian izen ezberdinak dituzte taldeek: berbalagunak, solaslagunak, gurasolagunak... Guztiek dute helburu bera, ordea: euskara erabiltzea.

«EGA gainditu nuen, baina normalean ez dut hitz egiten euskaraz», azaldu du Ainhoa Bergara berangarrak (Bizkaia). Getxoko berbalagunetako kidea da, eta asteartero elkartu ohi dira, Algortako taberna batean, trago baten bueltan euskaraz aritzeko. Lau urte daramatza jada haiekin elkartzen, eta hizkuntzarekin konfiantza hartzen lagundu dio taldeak. «Lotsa ematen dit hitz egiteak; ez dut ohiturarik, eta normalean erdaraz hitz egiten dut. Taldeari esker, ohitura handiagoa hartzen dut; niretzat oso garrantzitsua da». Etxeko ohituretan ere eragin dio pixka bat: «Alabekin gero eta gehiago hitz egiten dut orain». Duela bi urteko Euskaraldian parte hartu zuten etxean, eta Etxealditik Euskaraldira egitasmoan ere saiatuko dira, onartu duen arren ez zaiela erraza egiten: «Oso zaila da guretzat, gazteleraz egiteko ohitura baitugu. Baina saiatzen gara».

Konfinamenduak ez du Getxoko berbalagunen jarduna eten, areagotu baizik: «Orain astean bitan egiten dugu: asteartean eta ostegunean». Afalordurako prestatu duten janaz hitz egiten dute, edo etxean egindako eskulanez: «Guztiari buruz». Eta bingoan ere aritu dira talde handiagoan, sari eta guzti: «Oso dibertigarria izan zen».

Maite Gomez Peralesentzat ere ezinbertzeko espazioa da mintzalagunena: «Lehen gaizki sentitzen nintzen euskaraz hitz egiten, baina orain ez daukat arazorik. Mintzalagunekin, eta mintzalagun ez direnekin ere ez». Espazio ederra ere bada harentzat: «Esperientzia mundiala da; lagun talde bat gara». Kafea hartzeko gelditu ohi da kideekin Errenterian (Gipuzkoa), astean hirutan, eta, konfinamenduaren ondorioz, gutxiago, baina ari dira elkartzen, Skypez: «Kafea prestatzen dugu bakoitzak bere etxean, eta edozeri buruz hitz egiten dugu, gure gauzez». «Azkenean, lagunak gara», errepikatu du. Etxean ez du lortzen euskararanzko urratsa egitea, nahiz eta senarra eta seme-alabak euskaldunak izan. Helburua du mintzalagunei esker bere buruarekin konfiantza hartzea, gero pausoa emateko: «Tarte batez gutxienez euskaraz egiteko etxean ere».

Leku batzuetan, lehendik mintzalagun ez zirenak egitasmora lotzeko ere balio izan du konfinamenduak, Agirrek azaldu duenez: «Larrialdi egoera aurretik mintzalagun ez ziren herritarrei ere parte hartzeko aukera eman genien, etxealdian mintzapraktika egiteko». Aukera hori eskaini du Bilboko Santutxu auzoko zaintza sareak ere, etxean euskaraz hitz egin ezin duten umeentzat. Konfinamenduagatik solas jarioa ez etetea bermatzen dute halakoek. Baina Gomezek argi du ez dela gauza bera: «Irrikaz nago haiek ikusteko».

Bihar: Pablo Suberbiolarekin elkarrizketa, hizkuntza ohiturez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.