Gianni Faggiana. Eskalatzailea eta entrenatzailea

«Kirol ezberdin bat dirudi eskaladak»

Goi mailako eskalatzailea izandakoa, Bilboko Piu Gaz eskalatzeko hormaren sustatzaileetako bat eta Euskal Herriko eskalatzaile gazte onenetako batzuen entrenatzailea. Bere entrenatzeko modu berritzaileekin gazteak liluratu ditu. Horietakoren bat etorkizuneko Olinpiar Jokoetan izatea espero du.
MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Unai Ugartemendia -

2018ko ekainak 19
Bidaia batetik itzuli berria da Gianni Faggiana entrenatzaile italiarra (Turin, Italia, 1972). Badira urte batzuk Italiatik Bilbora joan zela eta Piu Gaz eskalatzeko horman lanean ari dela. Euskal Herriko punta-puntako eskalatzaileek oso gogoko dituzte Faggianaren entrenatzeko metodo berritzaileak. Haren ikasleen esanetan, aitzindaria da metodologian. Faggianak baditu ametsak: Euskal Herriko eskalatzaile bat ikusi nahiko luke Olinpiar Jokoetan.

Bilboko trafikoak ez dio asko lagundu. Korrika eta presaka azaldu da hitzordura, eta barkamena eskatu du lehenik. Gustuko du gaiak sakontzea. Argi hitz egiten duen horietakoa da, eta aho bizarrik gabe hitz egin du orain ere.

Nola hasi zinen eskaladaren munduan?

Nahiko zaharra nintzela hasi nintzen [barreak]. Gaur egungo eskalatzaileekin alderatuta, oso berandu, 17 urterekin. Nahiko erraza da Turinen eskalatzen hastea, Alpeen azpian baitago. Eskaladaren aldaketa iritsi zenean hasi nintzen, mendiko eskaladatik kirol eskaladara igaro zenean. Gogoan dut Turingo mendi azokan hasi nintzela lehenbizikoz. Ordura arte eskiatu egiten nuen batez ere, baina eskaladan hobeto moldatzen nintzela konturatu nintzen, oso argala nintzelako. Orduan hasi, eta ez naiz gelditu.

Turinen eskalatzaile asko al dago?

Bai, bai. Eskalada tradizio eta kultura handia dago. 1970eko hamarkadan eskaladaren aldaketa handiena inguruan izan zen; lehen eskalatzaile handiak bertan ibiltzen ziren.

Zergatik utzi zenion eskaladan lehiatzeari?

Alde batetik, 30 urte nituelako; bestetik, motorrarekin istripu bat izan nuelako. Bi besoak eta eskafoidea apurtu nituen. Eliteko kirolaria izatea oso sakrifikatua da, eta niri asko gustatzen zitzaidan parranda egitea eta festetara joatea [barreak]. Gainera, besoan izandako arazoengatik urtebete geldirik egon behar izan nuen, eta geroztik albo batera utzi nituen goi mailako eskalada lehiaketak. Asko kostatu zitzaidan sendatzea eta, behin osatuta, ez nuen lehiara itzultzeko gogo berezirik.

Italian bakarrik edo mundu mailako probetan ere lehiatzen al zinen?

Ez, ez, Munduko Kopan ere lehiatutakoa naiz. Italiako selekzioarekin jokatzen nuen, eta askotan iritsi nintzen finalerdietara Munduko Kopan. Eskalada oso ezberdina zen orduan. Ez zegoen hainbeste hedabiderik, ez zegoen hainbesteko alderik arrokako eskaladaren eta kirol eskaladaren artean... Egia esan behar badut, gure garaiarekin alderatuta, gaur egun beste kirol ezberdin bat dirudi eskaladak.

Eta jendea entrenatzen noiz hasi zinen?

Egia esan, oso gazte hasi nintzen. Nik 18 urte nituenean ez zegoen gaur egun gazteek duten mailarik, ezta gutxiagorik ere. Zenbakiez hitz egingo bagenu, orduan 7c+ edo 8a bistara eginda, Munduko Kopako finalerdietan izaten ginen. Gaur egun ezinezkoa litzateke.

Nolatan otu zitzaizun Bilbon eskalatzeko horma bat muntatzea?

Lehiaketak utzi nituenean, eskalatzen jarraitu nuen. Bertan aurkitzen nuen giroa asko gustatzen zitzaidan, eta eskaladari lotutako ikasketak egiten hasi nintzen. Entrenatzaile izateko titulua lortu nuen, eta nazioarteko entrenatzaile izateko ikasketak ere egin nituen, Erroman, urtebetean. Emazteak Bilbora itzuli nahi zuen, eta banekien eskalada oso errotuta zegoela Euskal Herrian. Ordura arte ia ez nuen besterik egin bizitza guztian, eta hemen ere saiatu nahi nuen honekin jarraitzen.

Erraza izan al zen eskalatzeko horma bat egiteko lekua aurkitzea?

Urte eta erdi pasatu genuen leku egokia aurkitzeko.

Zer aurkitu zenuen Euskal Herrira etorri zinenean?

Oso hutsune handia. Europako beste leku askotan eskalada nola zegoen ikusita, hemen gauza asko falta zirela konturatu nintzen. Garai batean, Patxi Arozena eta Patxi Usobiaga izan ziren eskalatzailerik ezagunenak Euskal Herrian. Baina horiek berezko eskalatzaileak ziren, ez entrenamendu espezifikoak egiteagatik eskalatzaile bihurtutakoak. Eskalatzeko hormak falta dira, tresna asko falta dira, teknifikazioa falta da... Izugarria da halako baldintzetan eta hain gauza gutxirekin Patxi Usobiagaren neurriko eskalatzaile bat izatea Euskal Herrian.

Behin eskalatzeko horma muntatuta, nolakoa izan zen hasierak?

Leku egokia aurkitu, eta alokatzea erabaki genuen. Beste eskalatzeko hormekin alderatuta, esan dezaket europarragoa dela. Boulder bat ere badugu. Ireki genuen egunean jende asko zegoen, gehienbat debaldekoa zelako [barreak]. Ate irekiak izan genituen hamabost egunetan, eta jendez lepo egon zen. Gero, berriz, gutxi batzuk gelditu ziren. Lehen urteak oso gogorrak izan ziren; gaur egun, ordea, argia ikusten hasita gaudela esan dezaket.

Hogeita hamar urte daramatzazu eskaladan, eta denetik ikusi duzu. Asko aldatu al da eskalada urte hauetan guztietan?

Izugarri. Pentsa, ni urte askotan lehiatu nintzen Munduko Kopan, 7c+eko zailtasuna eginda nuela. Espainian agian ez, baina Frantzian, esaterako, ez nuke eskualdeko lehiaketa bat pasatuko. Atletismoan bezala, garai bateko markak lekutan gelditu dira.

Zuk ere asko eboluzionatu behar izan duzu?

Bai, noski; bestela ezinezkoa izango zen honetan lanean aritzea.

Askok goraipatzen dituzte entrenamendurako dituzun ezaugarriak. Nondik edan duzu?

Asko mugitu behar izan dut, eta asko ikasi dut. Alde horretatik, erraza egin zait, ez baitzegoen ezer aurretik. Europan asko lantzen dute teknifikazioa, fisiologia... Hemen ez dago hain garbi eskaladako entrenatzaile baten irudia. Gaur egun, gimnasiaren antz handiagoa hartzen ari da eskalada: gastu energetikoa zaindu behar da, oreka landu... Gauzak asko espezializatu dira, eta niri garai bateko medikuekin alderatzea gustatzen zait. 1900. urtean mediku batek denetik egiten zuen, kardiologoa zen, traumatologoa... Gaur egun, ordea, bakoitzak bere espezialitatea du. Eskaladan ere antzekoa gertatu da. Ni, esaterako, azkenaldian laguntza eskatzen ari naiz gimnasia erritmikoko irakasle bati.

Zein da gaur egun herrialderik aurreratuena eskaladari dagokionez?

Hiru direla iruditzen zait: Frantzia, Alemania eta Austria. Horrek ez du esan nahi beste herrialde askotan izarrak atera ezin direnik, baina talde on bat ateratzeko lantalde handia behar izaten da atzean. Ni orain fisioterapeuta batekin eta gimnasta batekin ari naiz elkarlanean taldean.

Euskaldunak oso urruti al daude herrialde aurreratuetatik?

Ez, ez, ezta gutxiagorik ere. Esaterako, Mikel Linazisoro, Andoni Esparta, Bittor Esparta, Eneko Carretero, Itziar Zabala... Eskalatzaile onak dira, baina inguruan ditugun laguntzailerik gabe gauzak asko zailtzen dira.

Espainiako taldearekin ere lan egiten duzu. Nolatan hasi zinen?

Nik entrenatzen nituen kirolariak lehiaketak irabazten hasi zirelako. Bestalde, Marco Jubesek, gazteen entrenatzaileak, arazo batzuk izan zituen, eta ni haren ordez hasi nintzen. Asmo bakarra dago: Olinpiar Jokoetarako proiektu bat sortzea. Talde polit bat sortu nahi dugu.

2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetarako?

Tokiora euskal herritar bat eramateko mirari bat beharko genuke, baina ez da ezinezkoa. Hogei txartel daude jokoan, eta herrialde bakoitzeko bi gehienez. Herrialderik indartsuena Japonia da, zorionez, herrialde antolatzailea. Haiek eskalatzaile bat ziurtatua dute, baina beste bat soilik sar dezakete. Pentsa zer esaten ari naizen: Munduko Kopako finalerdi batzuetan hogei eskalatzailetik hamar izaten dira japoniarrak. Horiek horrela, munduko zortzi eskalatzailerik onenetakoak ez dira Olinpiar Jokoetan izango. Horrela ez balitz, ezinezkoa litzateke euskal herritarrik Olinpiar Jokoetan ikustea.

Beraz, zaila da…

Bai. Japoniarrek ez ezik, ia ziur frantziarrek, esloveniarrek, austriarrek eta alemaniarrek bi eskalatzaile sartuko dituzte, eta horien atzetik beste herrialde asko daude eskalatzaileren bat sartzeko itxaropenarekin.

Eskalatzaile batek ehuneko zenbat behar du ahalmen fisikotik eta ehuneko zenbat buruaren ahalmenetik?

Bi eratako kirolariak daude. Esaterako, 1999an, Usobiaga 61. sailkatu zen Ingalaterran. Baina handik bost urtera, Europako txapeldun izan zen, eta hamar urtera, munduko txapeldun. Adam Ondra, berriz, inoiz ez zen bosgarren postutik jaitsi. Hori da aldea eskalatzaile bikainen artean. Burua duen eskalatzaile batekin lan egin daiteke, baina talentua duen eta bururik ez duen batekin ezin daiteke. Ondrak talentua eta burua du; Usobiaga, berriz, eskalatzaile ona da, baina izugarrizko burua du.

Jende askorekin lan egiten duzu. Nola antolatzen duzu astea?

Bilbon baldin banago, goizetan eskalatzeko hormara joaten naiz, eta bide berriak prestatzen ditut eskalatzaile herrikoientzat. Eliteko jendearekin bakarrik ezin dugu bizimodua aurrera atera, eta edozeinentzako moduko bideak prestatzen ditugu. Bazkaldu eta gero, denbora baldin badut, ikasi egiten dut. Arratsaldean, lehenik, 4 eta 6 urte artekoekin aritzen naiz. Ikaragarri gozatzen dut haiekin. Horiekin amaitutakoan, 18:00etatik 21:00etara goi mailako jendearekin entrenatzen aritzen naiz, astelehenetan, asteartetan, ostegunetan eta ostiraletan. Eskalatzaile horien artean daude Mikel Linazisoro, Andoni eta Bittor Esparta anaiak, Itziar Zabala... Bakoitzak bere helburuak ditu denboraldirako, eta bakoitzarekin arlo ezberdinak lantzen ditut.

Izenak aipatzen hasita, lehena, Mikel Linazisoro. Zer duzu esateko?

Izugarrizko kirol gaitasunak dituen gizakia da. Sokarekin ibiltzeko gaitasunik ez du, baina jartzen denean, onena da. Abiadura ere ez da bere ezaugarririk onena, baina 7.90 egin du, batere entrenatu gabe. Izugarrizko emaitza da, kontuan izanda espezialistak ez diren eskalatzaileek 7.40 egiten dutela. Buruz oso argia da, eta lehiaketetan bere onena ematen du beti. Oso mutil ona da, oso azkarra. Oraindik ere aurrera egiteko aukera handiak ditu, nahiz eta ez duen eskalatzaile batek beharko lukeen gorputzik [barreak].

Itziar Zabala.

Fisikoki, gaitasun handikoa. Teknikoki arazo handiak zituen ezagutu nuenean. Boulderrean oso indartsua da, eta Munduko Kopako finalerdietan egon zitekeen. Soka eta abiadura asko landu behar ditu, baina esperantza handia dut harengan. Gorabehera handiko neska da, eta kostatu egiten zaio motibazioari eustea.

Esparta anaiak.

Biak oso ezberdinak dira. Andonik eskalatzaile batek behar dituen dohain guztiak ditu gauzak ondo egiteko. Gorputz pixka bat falta zaio, baina buruz oso argia da. Asko sinesten du bere buruarengan, eta oso azkarra da. Bittorri, berriz, indarra falta zaio. Eskalatzeko ahalmen izugarria du, eta ahalik eta azkarrena errekuperatu nahi dugu falta zaion indarra. Eskalatzen gorputz berri batekin ikasten ari da, eta bide onetik doa. Inoiz ez dut hainbesteko grina duen beste eskalatzailerik ezagutu. Egunean 25 ordu entrenatuko litzateke. Anaiaren kontrakoa da, beti txarrena dela pentsatzen egoten da.

Eskalatzaile gazte horietakoren bat ikusiko al dugu Olinpiar Jokoetan?

2020koetan oso zaila izango da. Agian 2024an ikus genitzake, Parisen.

Izenen bat eskatuko banizu, noren aldeko apustua egingo zenuke?

Horietariko bat bertan izango da; dirua jokatuko nuke. Baina izen bat eskatuz gero... bueno, bi esango dizkizut: Mikel Linazisoro edo Andoni Esparta.

Eskalada olinpiar kirola izango da aurrerantzean. Zer ekarriko dio halako kirol bati?

Dirua, ikasketak, inbertsioak... Duela sei urte ez zegoen arropa markarik eskaladan. Gaur egun, ordea, Adidas, The North Face eta abar daude. Nik uste dut gauza onak baino ez dituela ekarriko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna