Pastor
DARWIN ETA GU

'Lau teilatu'

2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Itoizen kanta mitikoaren hamaika bertsio berri entzungo ditugu datozen asteetan —kanta mitikoa, mitiko hitzaren benetako esanahiaz, ez oraingoaz: «Hau da la mítica pregunta trampa, ezta?», galdetu zidan ikasle batek azterketa batean—. Haur-minbiziaren aurka borrokatzeko bultzatu duen ekinaldian erabiliko du EiTB Maratoiak abestia: ikus-entzuleei euren bertsioa grabatu eta bidaltzeko eskatu die.

Belaunaldi baten kanta izan zen Lau teilatu. Artean inozenteak ginen garai haietan: xalotasuna genuen —seguruena ergeltasun ttantta batzuekin nahasia—. Sasoi baten gogoa eta izaera atzeman zituen abestiak: nerabezaroa, bizi iniziazioaren hasiera: lehen amodioak, lehen musuak, lehen laztanak, lehen hasperenak. Lehen maiteminak eta lehen maite-minak. Lehen ametsak eta lehen gozamenak. Diru gabe baina izarrak gurekin daude piano baten soinuaz.

Garai horiek beste mundu batekoak dirudite orain: uda heldu, eta maitale gazteak banatzen zituzten oporrek, nor bere gurasoekin zihoalako. Papera zen bide seguru bakarra, zirriborratutako sentimenduak zeharka edo zuzenean azaltzeko. Eta gutuna bidaltzen zuten, Bobby Vinton-en kanta baten tituluak agintzen zuen bezala: Sealed with a kiss. Gutuna musu (metaforiko) batekin ixten zenuelako. Idaztea baino ez zegoen maiteari gogoan zenuela jakinarazteko. Etxeko telefonoak ez zuen inolako intimitaterik eskaintzen. Telefono kabinaren aukera baizik ez zenuen. Kabina oso hotza zen, baina. Eta kanpoan beti egoten zen gizon tristeren bat, haserre eta keinuka, atzamarrez erlojua erakusten. Edo kristalean kolpeka: «40 minutu daramatzazu barruan!».

Urte horietako giro politikoa ere gogorarazten du Itoizek kaleratu zuen lehen diskoak. Azala ireki, eta zentral nuklear bat izan zitekeen munstroaren irudia agertzen zen —gurean biharko bozak irabaziko ei dituen alderdiak Iberdrolaren erreskatea onartu du, eta enpresak ez du deus ere ordaindu beharko munstroa eraiki zuten eskualdea egokitzeko—. Trantsizioa hasia zen, baina iraultzaren argiak bizirik segitzen zuen. Eta etenik gabeko errepresioak —Bitxu Arriola, Ondarroako kuarteleko piztiek hildako 19 urteko gaztea aipatzen da Hilzori II kantan—. Dena posible zen. Maitasuna eta gorrotoa uztartzen genituen; Euskal Herria, euskal harria, euskal herra. Gure ametsak, gure esperantzak. Eta gure dogmak. Indautxu edo Intxaurrondoko tortura guneetan Yo quiero ser mataor kantatuko zuten. Baiona Ttipiko edo Sokoako ezkutuko etxeetan Lau teilatu entzungo zuten.

Gure inozentziaren ispilua zen Lau teilatu. Hamabi urte geroago inozentzia hura galtzeko bidean zihoala aitortu genuen Gariren ahotik. Poeta arima genuen, baina munduak eta eskarmentuak poeta eta pirata bihurtu gintuzten —lagun batek hitz horiekin azaltzen du metamorfosi hura—. Maitasunak eta ametsak bukatu egiten direla ikasten hasiak ginen. «Amodioa egin eta are bakarrago geratu diren horietaz pentsatzen ari naiz gau honetan», idatzi zuen Antonis Fostieris olerkari greziarrak.

Josu Eguzkitzak, Andolin Eguzkitza zenaren anaiak, bi hitzetan laburtu zuen Lau Teilatu zer zen: euskal Yesterday. The Beatles-en kanta mundu osoan aditu zen. Lau teilatu-k, bere txikian, Euskal Herri osoa zeharkatu zuen. Eta erdararen unibertsoan sartzera ere iritsi zen, bere horretan. Lau teilatu, Yesterday bezala, itzulezina baita. Bere jatorrizko hizkuntzan entzun behar da, flamenko doinuan izanda ere.

Datozen asteetan kantaren hamaika bertsio entzungo ditugu berriro, EiTB Maratoiari esker. Batzuek nostalgiak jota, xalotasun ttantta batzuen bila; besteek eszeptizismoz: «Lau teilatu, zer hintzen eta non hago?». Galdera hori geure buruari egin beharko genioke, baina. Izan ere, Lau teilatu-ren eboluzioa gurearekin bat joan da aurrera, gure bizipenen itzalean, gure garaipenen eta porroten konpasean. Datozen asteetan nerabe hura etorriko zaigu gogora, begietan artean maitasunaren txinpartak bizirik zituena. Ilargia erdian eta zu goruntz begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.