KRITIKA. Musika

Horrela egunero

Frank Peter Zimmermann biolinista, artxiboko irudi batean. ROBERT GHEMENT / EFE.
Arkaitz Mendoza.
2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Robert Treviño. Biolin jotzailea: Frank Peter Zimmermann. Egitaraua: B. Brittenen Sinfonia da Requiem, S. Prokofieven Biolinerako Kontzertua eta D. Xostakovitxen 5. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Otsailak 16.

Munduan gehien goraipaturiko biolinistetako bat agertokian eta, ezustean, poztasun osoz, kontzertuko harribitxirik distiratsuena Dimitri Xostakovitxen 5. Sinfonia izan zen, Frank Peter Zimmermannen erakustaldia bigarren lekuan uzteraino. Ez nuen espero orkestra hain gogotsu, fin, gartsu eta dotore, berezko izaera indartsuko interpretazio bat eskainiz. Emaitza horretan, Robert Treviño zuzendariaren lana azpimarratzekoa izan da, orkestrari esaldikapen bakoitzean ezagutza berri eta sendoak txertatzen aditu azalduz. Ea denboraldi osoan edozein zuzendarirekin intentsitate handi hori mantentzeko gai diren orkestrakideak. Egia da kontzertinoaren artista puntu adierazi ezina ezin zaiola segidan etorritako erantzunean flauta bakarlariari txertatu, baina harizko instrumentuen soinua bakarra eta epeltasun berezikoa izan zen emanaldi guztian. Largo musika unean intentsitatea eta kontzentrazioa beherantz abiatu arren, perkusio taldea erraldoitsu eta tronpa laukotea bloke egitura bortitzean aritu zen. Biolak egunetik egunera geroz eta hobeto ari dira, eta kontrabaxuak esnatzen hasiak dira.

Hitz polit batzuk merezi ditu Zimmermannen erregaluak. Soinu magikoa du alemaniarrak, eta bibratuaren erabileran edertasuna zoragarria da, gehiegikeriatik aldenduz. Orkestra eroso laguntzaile rolean, partitura erraza eta bakarlariari askatasun argudioak delegatuz. Gure artean hain izen handiko musikari bat entzuteko aukerak txalo zaparrada amaiezinak merezi ditu, eskertzeko baita Zimmermann, bere agenda galaktikoarekin, gure artera hurbildu izana. Kontzertu liluragarri honen lehen platerkada izan zen Benjamin Brittenen musika, zeinetan notak intentsitate kutsagarrian garatu ziren. Esan bezala: horrela egunero, ez etsi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.