Euskal ontziolak. Ikurra hondoratzen

Naval, azken portura bidean

Sestaoko ontziolaren jabeek likidazio fasea hasteko eskatu diote epaileari. Langileek «erreskate publikoa» eskatu diete Madrilgo eta Gasteizko gobernuei, «geratzen den aukera bakarra»

Jon Fernandez.
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Porrot egin dute, gaur-gaurkoz, Sestaoko (Bizkaia) ontziola hondotik ateratzeko ahalegin guztiek. Hango 175 langileek gero eta gertuago ikusten dute enpresaren itxiera, 100 urtetik gorako ikurra ixtea. Atzo, ontziolaren jabeek —Murueta ontziola eta Ingeteam ingeniaritza enpresa bizkaitarra dira jabe nagusiak— epaileari eskatu zioten abian jartzeko likidazio prozesua. Tramite bat baino ez da, formalismo bat, Naval hartzekodunen konkurtsoan baitago iazko urriaren 10az geroztik. Urtebetean ez du lortu ez inbertitzailerik erakartzerik ontziola berriro martxan jartzeko, ez nasetan geratzen zaion azken ontzia amaitzerik. Beharginak beldur dira likidazioa ez ote den izango ontziolaren azken portua.

Hartzekodunen konkurtsoan sartu eta ia urtebetera, konpainiaren zuzendaritza ez da gai izan akordio bat lortzeko hartzekodunekin. Administratzaileak ez die ezer eskaini hartzekodunei; funtsean, ez daukalako zer eskaini: zorretan itota dago ontziola. 150 milioi eurotik gorako zorra dauka bankuekin.

«Konponbide bakarra dago», azaldu du langile batzordeak: ontziola diru publikoz erreskatatzea. Ez da eskari berria. Langile batzordeak duela urtebete eskatu zien Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari hiru aldeko mahai bat osatzeko, ontziolaren aterabideak aztertzeko asmoz. Baina mahai hori ez da osatu.

Naval publikoa izan da, harik eta 2006an Espainiako Gobernuak pribatizatu zuen arte. Orain, ixteko bidean egonik, langile batzordeak uste du instituzio publikoek badutela erantzukizuna ontziola «erreskatatzeko».

Oso zaila da erreskate publikoaren bidea. Navaleko beharginek hainbat bilera egin dituzte arantxa Tapiarekin, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuarekin, eta pareta bat topatu dute. Jaurlaritzak behin eta berriz esan du ez duela diru publikorik jarriko Naval salbatzeko, argudiatuz Europako Batasunak mugak jartzen dizkiela instituzio publikoei kolokan dauden enpresak laguntzeko.

EBren txosten juridikoa

Argudio horrek ez du gogobetetzen langile batzordea, eta Jaurlaritzari eskatu dio hark Bruselari eska diezaiola txosten juridiko bat, eta idatziz azaldu diezaiela beharginei zergatik ezin duten ontziola erosi. «Autobideak erreskatatzen badituzte, bankuak erreskatatzen badituzte, zergatik ezin gaituzte gu erreskatatu?», kexu da langile batzordeko idazkaria, Juanjo Llorden.

EH Bilduk bat egin du langile batzordearen eskariarekin, eta Iñigo Urkulluren gobernuari eskatu dio aintzat hartzeko ontziola publiko egiteko aukera. Langile batzordeak, hain zuzen, etzi goizean egingo du bilera Tapiarekin, Bilbon, eta arratsaldean Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariarekin, Jesus Lozarekin, Gasteizen. Halaber, langile batzordeak bilera eskatuko dio Espainiako Industria Ministerioari, eta baita Van Oord Herbehereetako armadoreari ere.

Izan ere, nahiz eta likidazio fasean sartu —fase luze eta korapilatsua izan daiteke—, Navalek berdin-berdin jarraituko du, alde batetik, ontziola salbatzeko inbertitzaile bila, eta, bestetik, nasetan geratzen zaion azken itsasontzia amaitzeko ahaleginean.

Van Oorden Vox Alexia dragaontziaren kroskoa izan da, orain arte, langileen azken esperantza. Hogei hilabete behar dituzte itsasontzia eraikitzeko, eta denbora hori urrea izan daiteke inbertitzaile berri bat bilatzeko. Baina Vox Alexia-ren flotagailua ere hondoratzen ari da.

Urrian Naval konkurtsoan sartu arren, Von Oordek erabaki zuen bertan eraikitzen jarraitzea Vox Alexia, besteak beste, ezin zelako uretara bota eta beste ontziola batera eraman —krosko hutsa dago eginda—. Alabaina, ontziolaren atzerapenez nazkatuta, armadoreak kontratua eten zuen Navalekin, eta bankuek bueltan eman behar izan zioten hark eraikuntzarako aurreratutako dirua: 43 milioi euro. Beraz, bankuak dira orain Navalen dagoen kroskoaren jabea, eta armadoreak esan du ez dagoela prest Vox Alexia amaitzeko dirurik jartzeko, baldin eta ontziolaren ardura ez badu hartzen inbertitzaile serio batek.

Bi hilabete barru, kaleratzeak

Likidazioan sartzeak beste epemuga bat jarri die beharginei ostertzean. Zuzendaritzak jakinarazi die inbertitzailerik bilatu ezean kaleratu egingo dituela langileak bi hilabete barru. Ontziolak 175 langile dauzka, eta horietatik 140 inguru aldi baterako lan erregulazioan daude: hau da, langabezia saria kobratzeaz gain, ontziolak osagarri bat ordaintzen die. Bi hilabete barru amaituko da dirua osagarriok pagatzeko, eta enpresak langile guztiak kaleratzeko dosierra aurkeztuko du.

Berez, ontziola itxiz gero, Navaleko langileek Navantia ontziola publikoaren lantaldean sartzeko aukera izan dezakete: Cadizko ontzioletara (1.000 kilometrora), Ferrolekoetara (510era) edo Cartagenakoeteara (840ra) joan daitezke. Aukera hori entzun ere ez dute egin nahi langileek: alde batetik, oso urruti daudelako; bestetik, Naval ixtea esan nahi duelako, eta itxierak kalte egingo liekeelako zeharkako ia 2.000 lanposturi.

Iazko udaberrian hasi ziren Navalen likidezia arazoak. Kudeaketa txarraren eraginez, hiru urtean 150 milio euroko zorra pilatu zuen bankuekin. Lehen asmoa izan zen akziodunek kapitala handitzea —42 milioi behar ziren, gutxienez—, baina Muruetak eta Ingeteamek ez zuten dirurik jarri, eta, nahiz eta Manuel del Dago 91 urteko enpresari asturiarrak —Navalen akzioen %10,5en jabeak— ontziola salbatzeko direnak eta ez direnak agindu, haizeak eraman zuen aukera hori uda amaieran.

Konkurtsora sartu zenean, Navalek lau itsasontzi zeuzkan nasetan eraikitzen, edo eraikitzeko bidean. Kontratuak, ordea, bata bestearen atzetik erori ziren; ontziola zenbaki gorrietan zegoen, eta armadoreak ez ziren fio. Vox Alexia-ren kroskoa baino ez zen geratu, eta horixe izan da azken itxaropena, oraintxe arte.

Denbora gehiegi flotagailu baten zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.