Eneriz: «Arartekoa gabe ere, zorra ez da txikituko»

Nafarroako arartekoa bera erakunde horren lanaren alde agertu da parlamentuan, kentzea proposatu baitu UPNk

edurne elizondo
Iruñea
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
«Arartekoa gabe Nafarroako zorra ez da txikituko; herritarrek, berriz, zerbitzu publiko bat galduko dute». Horixe nabarmendu du Nafarroako ararteko Javier Enerizek, Nafarroako Parlamentuan. Gobernuak erakunde hori kentzeko asmoa agertu du, dirua aurrezteko; proposamen horri buruzko iritzia ematera agertu zen atzo Eneriz Foru Erregimeneko Batzordera.

«Arartekoa kenduta, 300.000 euro aurreztuko lirateke, hau da, Nafarroako aurrekontuaren %0,0078. Hori, beraz, ez da konponbidea; hala balitz, nik neuk eginen nuke kentzearen alde», erran zuen.

«Nafarroako Parlamentuak erabaki zuen Arartekoaren bulegoa martxan jartzea, eta Nafarroako Parlamentuari dagokio kentzeko erabakia hartzea». Hitz horiekin hasi zuen Nafarroako arartekoak hitzaldia, baina argi utzi zien parlamentariei erakunde horren lana «beharrezkoa eta funtsezkoa» dela «herritarren eskubide konstituzionalak bermatzeko eta babesteko». Are gehiago, Arartekoak orain baino eskumen gehiago izan beharko lukeela erran zuen Foru Erregimeneko Batzordean, erakunde hori «administrazioaren kontrolerako benetako tresna bilakatzeko».

Arartekoak herritarren eta botere publikoen arteko bitartekari lana egiten duela deritzo Enerizek, eta «administrazioaren hutsak eta gehiegikeriak kontrolatzeko eta konpontzeko» balio duela. Ondorioz, erakunde hori kentzea «demokrazian atzera egitea» izanen litzateke, haren ustez.

«Foru Hobekuntzaren aurka»

2010etik dago jasota Arartekoaren erakundea, Foru Hobekuntza azkeneko aldiz aldatu zenetik. Duela bi urteko aldaketa hura UPNren ekimenez egin zen. Orain, alderdi horrek jarri du mahai gainean erakunde hori bertan behera uzteko proposamena. Enerizek erran du Arartekoa kentzea Foru Hobekuntzaren «aurkakoa» litzatekeela. Hori egin ahal izateko, hain zuzen ere, berriz aldatu beharko lukete Foru Hobekuntza.

Nafarroako Parlamentuan, Bilduk, PSNk, NaBaik eta Ezkerrak Arartekoa kentzearen aurka egin dute. UPNk eta PPNk, berriz, erakunde hori bertan behera uzteko aukera babestu dute, «dirua aurrezteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.