Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Ateak

2015eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Erregeek ez dituzte ateak ukitzen. Ez dute zorion hori ezagutzen». Francis Pongeren Atearen plazerak proema-ren lehen lerro horiek oroitarazi zizkigun Katixa Dolhare-Zaldunbidek aurreko zutabean. «Ohol familiar handi horietako bat aurreraka ezti edo bortitz zabaltzea, eta hartara jiratzea atzera berriz bere tokian kokatzeko: geure besoetan ate bat edukitzea».

Txema Arinasen zutabeak, ostera, atea besoetan eduki bai, zabaldu ere bai, baina gero betiko itxi dutenak gogorarazi zizkigun: zabaldu zuten literaturaren atea, dastatu zuten edabea eta beren barrena ekarri zuten jende aurrera; baina gero uzkurtu egin zitzaizkigun, dezepzionatu apika, eta desagertu... baita denok berdintzen gaituen Heriotza etorri aurretik ere.

Roland Barthesek nabarmendu zuen idatzi, izan, aditz intransitiboa dela, eta ez duela zergatien beharrik, hau da, zerbaitetarako idazten duena hasiera beretik ari dela bere obra kutsatzen. Baina humanoak gara, izan, eta zerbait ederra egin nahi genuke, emozioa eta asaldura eragin nahi lukeena, eta horri guztiari segitzen zaion aintza eta ospea desio dugu, inkontzienteki besterik ez bada ere. Baina berehala dator editorea, ezezkoarekin; edo irakurlea, kritikarekin; edo gizartea, axolagabekeriarekin. Durango dator gero, eta lerro luzeak beti besteren standetan. Eta artearen atea zeure besoetan edukitzearen plazera dastatu berritan, zeure ateko aldaba inork jotzen ez. Bai, eskerrak, ez zenuen idazleen zerrenda egin nahi izan, Txema, segida amaigabea bailitzateke: pertsonena eta, beraz, kimerena, mediokritateena, ahanzturena, bidegabekeriena… zeren, isildu aditza, gehienbat intransitiboa izanik, sarri askotan transitiboa ere bai baita.

Baina batik bat irakurle gara, eta klasikoak ditugu aterpe. Eta baita berritasunak ere. Bizitzaren abiada furfuriatsua eta aldaketak gorabehera, sekula ezin izango dut ahantzi errealitateren ikuspuntu merkantilistak isildu eta bazter utzitako Mandarin dotore obra bikaina, nik Durangon erosi, eta seguruenik gaur egun lortzerik ez dagoena: Rafa Egigurenen poema txinatar itzuliak, Jose Luis Zumetaren pintura eta Joserra Senperenaren musikarekin. Baina oraintsu gertatu zait Frédéric Pajak-en L'Immense solitude. Avec Friedrich Nietzsche et Cesare Pavese, orphelins sous le ciel de Turin (Bakardade azkengabea. Friedrich Nietzsche eta Cesare Paveserekin, Turingo zerupean umezurtz) liburu miresgarriarekin, obra ez baita ez komiki ez nobela grafikoa, ez hori bakarrik, bestelako «entsegu grafiko» zirraragarria baizik; bi sortzaile handien baitara zabaltzen zaigun atea da, gogoetaz eta irudi zuri-beltzez betea, guztiz iradokitzailea. Halako obrak pizgarriak dira noiz edo noiz isiltzeko gogoa izan duenarentzat, edota isiltzera behartu duenarentzat; baina norberak bilatu behar bere basamortu propioan, bizitzaren aldaketa etengabeen zurrunbiloan, idazten jarraituko badu.

Edonola ere, adiskide batek esan ohi duen bezala, «Inoiz ez da berandu. Gogoratu Cervantesek 55 urterekin idatzi zuela Kixote...». Baina adiskideak gehiago ere badio, eta kasik irakurle baino idazle gehiago gauden honetan —argitalpen moldeak ere hainbeste ugaritu dira—, nabarmentzen du gaur egun apenas inork idazten duela gutunik. Onartzen du edozein liburu irakurleari igortzen zaion gutuna dela, baina deitoratzen du egunerokotasunean inortxok ere ez duela gutunak eskuz idazteko betarik hartzen, plazer hori eskaintzen eta partekatzen.

Alabaina, Pongeren proemak Hamid Tibouchiren Ateak oroitzen duelarik poema ere ekarri zidan gogora: «Ateak oroitzen duelarik & mahaiak oroitzen duelarik & aulkiak armairuak arasak leihoak & oroitzen dutelarik & sakon oroitzen dituztelarik & beren erroak & beren izerdiak & beren hostoak & beraietan bizi den guztia & habiak & kattagorrien eta tximinoen kantuak & elurra eta haizea & orduan hotzikara batek biltzen du atzera oihan bihurturiko etxea». Halako testu ederrek sortzen jarraitzeko gogoa indartu dezakete. Pizgarriak suerta daitezke. Zeren geure izaera intimoa oroitarazten baitigute, naturako jatorria, gure gizatasun ahantzia —Galeanok idatzi bezala, funtsean, hondo-hondoan, denok ala denok ere gara etorkin afrikarrak—, batik bat Parisko izugarrikeriekin ate guztiak porrokatzen eta beren errotik ateratzen direnean, eta izugarrikeria horiek han-hemenkako beste hainbat triskantza eragiten dituztenean, eta, bidenabar, beste hainbat isilarazten dizkigutenean. «Orduan, iturriaren murmurioa besterik ez dut entzuten, eta ingurumarian suaren garrak ditut, bidaiari noragabetu hau gau izoztuan berotuko bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.