urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Zelan datorren urtea

2018ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
2016ko astindu politikoen ostean, 2017an Europak eskuin muturraren arriskuak urrunago ditu, itxuraz behintzat: Herbehereetan ultrek porrot egin zuten, Frantziak alderdi tradizionalak astindu behar izan ditu Le Peni aurrea hartu —eta bidenabar ezer ez aldatzeko— eta Alemanian... hortxe dago jokalekua datozen hiletan. Angela Merkelek sozialdemokratekin gobernua eratzeak egiteak behin-behinean egonkortasuna balekar ere, Grosskoalition-ek alderdi sistemikoen arteko aldeak lausotzea dakar eta, ondorioz, dagoeneko 92 diputatu dituen eskuin muturra hauspotzea. Areago, Austrian Sebastian Kurzek ultrekin gobernua eratu eta horiek, besteak beste, beren izena zuritzeko erabiltzen dutenean akordioa. Berlinen gobernua osatu arte itxaron behar du EBren erreformak, baina ezin du luze jo: Txekia ere euroeszeptikoen gobernuen taldera sartu berri da, eta Batzordeak Poloniaren aurka irekitako bideak giroa erabat zailtzen du. Europa ekialdetik geroz eta gehiago salatzen da Bruselaren estandar bikoitza, Espainiarekiko daukan babes-jarrerarekin alderatuz. Are ekialderago, mende laurdeneko agintaldira eramango duten hauteskundeak ditu Putinek. Zalantza gutxi hor; zer gerta ere arrisku mendrena uxatzea ebatzi du Auzitegi Gorenak Alexei Navalniri oposizioburuari parte-hartzea debekatuta. Konspirazioen sasoiotan: bai, ziur mendebaldea oposizioa hauspotzen saiatuko dela, eta hala ere, estatu autoritario baten alternatiba gura izatea zilegi da.

AEBetan, Donald Trump urtea betetzear da agintean, onarpen-maila txikiarekin, baina ohiko hedabideak kontsumitzen ez dituen biztanleriaren zati handi baten babes zabalarekin oraindik. Impeachment edo kargugabetze-prozesu baterako motiboak egon zein ez, legegintzaldia aurrera doa, eta, gertatuta ere, luze joko luke. Steve Bannon izan da etsai bihurtutako azken aliatua, eta ezin esan edozein denik, kanpainaren buru eta haren oinarri ideologikoen zutabe izan da Bannon. Zernahi dela, datorren arazoan mid-term hauteskundeetan errepublikanoek gehiengoa gal lezakete bi Ganberetan. Eta, gero, 2020ko primarioen zurrunbiloa dator. Ezertarako balio izan badu, gizarte zibil dinamiko eta mobilizatua indartzeko izan da. Kalifornian, esaterako: Europan pentsaezina da santutegi-hirien sarea sortzea estatutik datozen aginduen aurka (eta nagusitzen ari den immigrazioaren aurkako jarrera orokorraren aurka, dena esatera).

Kontinente berean, Mexiko eta Kolonbiako bozak datoz, narko-indarkeriak harrapatuta bata, besteak bake-prozesuaren test legez eta FARCen babesa neurtzeko. Asteon gauzak oker dabiltzala ohartarazi dute gerrillari ohiek. Eta ezin ahaztu Kuba aro berri berri baten sartuko dela apirilean, Raul Castrok presidentetza utzita, oraindik beste bi urtez armadako buru izango bada ere.

Ekialde Hurbilean azkenaldian sumatutako aldaketa zenbaterainokoa den neurtzeko unea hurbiltzen da: zein neurritan galdu duten hegemonia Washingtonek eta haren aliatu Londresek, eta noraino indartu duen Mosku Siriako gerrak. Irango protestek urduritasuna piztu dute, horrelakoetan sarritan gertatu den legez: nazioarteko zigorrak kentzeak eta ekonomia hazteak ia ez du ondorio zuzenik izan milioika herritarren artean, eta itxaropena zaputzak hartzean oso ohikoa da azkenean tentsioak eztanda egitea. Nazioarteko planoa ahaztu barik, noski, Mediterraneoraino luzatzen da Teheranen eskua, Bagdad, Damasko eta Beirutetik, horrek Saudi Arabia, Israel eta AEB urduritzea dakar, Riadek Libanoko Haririrekin egindako apustuak kale egin du eta fakzioak berriz elkar hartzea eta batuago egotea ekarri du. Israelekiko gatazka armatuaren aukera, beti presente dago. Saudi Arabiaren ustezko irekiera ere hor dago, oraingoz argi dagoen bakarra, Yemen gupidagabe bonbardatzen jarraitzen duela.

Ikusi beharko da eskualdeko nazio klabean zer gertatzen den. Irakeko Kurdistanen aldaketa gogoa geroz eta nabarmenagoa da, Barzani klanak 25 urtez ezarritako eredua erabat ahuldu du iraileko erreferendumak. Siriako gerra amaierak Rojava proiektua egonkortzea ala gerra berri bat ekar dezake. Eta Turkiaren menpeko Kurdistanen, hilabete barru kongresua dauka HDP alderdiak; asteon Selahattin Demirtas lider espetxeratu eta Turkia osoan errespetatuak iragarri du buruzagitza utziko duela.

Eta azken -edo lehen- fokua berriz ere Asia ekialdean, Pazifikoan egongo da. Putinek izango du arretarik, martxoko hauteskundeetan eta udako futboleko mundialean, baina Xi Jinping bihurtu da egiaz, klimaren goi-bileran agerian geratu bezala, Trumpen ereduaren ifrentzua. Urtea hasteaz bat agerian gelditu da: ezer onik ekarri ez duten Trumpen fanfarroikeria etengabeen ordez, mahaian kolpe bakar eta sendoa, eta Koreako tentsioa baretu ez eze itxaropen txiki bat ere piztea lortu dute, Neguko Olinpiar Jokoen atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.