Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Sustut

2015eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Katixa Dolhare-Zaldunbidek azken zutabean aipatzen zuen Umberto Ecoren hitz ezaguna berrituz, Txema, aurreko zure idatzian apokaliptiko samar sumatu zintudan, izenburu beretik sumatu ere: Azken idazlea. Xabier Montoia ekarri zenuen hizpidera; ibilbide oparo eta luzekoa, edukian zein forman engaiatua eta, hala ere, behar bezalako estimua eta loria jaso gabea. Ikasturte honetako lehen idazkian, ostera, Rafael Chirbes aipatu zenuen, eta hara non idazle valentziar zendu berria harritu egiten zen bere azken nobelek lortutako arrakastarekin; aitortu ere egiten zuen publikoaren aurrean han-hemenka jardun beharraz gogait eginda zegoela, bere buruaz aspertua, alegia. Haren esanetan, «zure liburuez asko hitz egin behar baldin baduzu, ezagun du zure liburuak ez direla zure partez aski mintzo». Bistakoa da Montoiak nahiago izan duela liburuen itzalean isilean egon eta gogokoago izan duela zuk «salingerkeria» izendatzen duzun jokamoldea (nik liburu aurkezpen bakoitzaren atarian oroitzen dudana, bestalde). Eta, hala ere, badirudi gaur egun hautuak bestelakoa izan behar duela, baldin eta estimua eta loria jasoko baduzu… Zentzu horretan, agian idazle hegoamerikar —eta euskaldun— bat baino gehiago etorriko zaigu gogora artista goranahiez Roberto Bolañok idatzitako hitz hauek berrirakurtzean, eta orduan artearen bidegabekeriak eta bidegurutzeak deitoratzen jarrai dezakegu: «Liburu azoketan nabarmentzea desio dute. Irribarre asko egiten dute, eta inondik ere ez diote kalte egin nahi jaten ematen dien eskuari. Telebistan agertu nahi dute, eta bihotzeko aldizkarietan bufoikeriak egin».

Bidegabekeriak, bai, zeren bai baitirudi horiek bakarrik lortzen dutela aintza eta arrakasta, baina azken aldiko Chirbesena bezalako salbuespen ospetsuak ere badira —Italo Calvino edo Michel Houellebecq besteak beste—. Baina halako zenbat artearen historian! Urrunera gabe, Montoiaren jaioterriko Gasteiztxo tren turistikoa Marianisten ikastetxetik igarotzean, urteetan, Iñaki Urdangarinek bertan ikasi zuela jakinarazi izan dute; eta, hartara, inork ezin jakin Ignacio Aldecoak bertan ikasi zuela! Gasteizko institutuetako ikasle gazte askok ere uste dute euskal literaturaren maila nahikoa apala dela, izan ere, seguruenik on beharrez, baina irakasleek euskarazko liburu irakurterrazak gomendatzen dizkiete eta, gaztelaniaz, aldiz, nobela interesgarriak eta jasoak. Horrexegatik, beharbada kontuok erlatibizatzea komeni zaigu guztioi ere, liburu salduenen zerrendetatik hasita.

Erlatibizatzea, bai. Eta Chirbesengana itzuli nahi nuke, hari buruzko zure zutabean, goi mailako idazletzat jotzearekin batera, haren obra osoa gaina eta bikaina iruditu zitzaizulako. Alabaina, Ignacio Echevarriak idazle valentziarrarren obraren desigualtasuna nabarmendu berri du eta En la lucha final, esate batera, huts egindako nobela iruditzen zaion bitartean, La buena vida lanari zoragarria irizten dio. Horrek nahigabe eta kritika zorrotzak ekarri izan dizkio, baina jokamolde zuzena eta egiazalea delakoan nago. Nik neuk gogoan dut institutuko nire garaia —edo, are, unibertsitatekoa—, non aldian aldiko lanetan idazle aztertuaren onurak besterik ez nuen ikusten… Erlatibizatzea, bai, idazle —ausar nadin— guztien obran gorabeherak eta atzera-aurrerak daudelako. Eta, bestalde, de gustibus non est disputandum: James Joycek Henrik Ibsen dramaturgoa askoz nahiago zuen William Shakespeare baino eta, ber denboran, jakina da Virginia Woolfek zer pentsatzen zuen idazle irlandarrari buruz; Evelyn Waugh eta Vladimir Nabokovek nor eta William Faulkner gaitzesten zuten, eta Ludwig Wittgenstein filosofoak ez zuen denbora alferrikaldu nahi elkarrizketa sokratikoetan... Literatura maparik gabeko lurraldea dugun honetan, beharbada norberak bilatu behar ditu bere iparrorratz eta puntu kardinalak. Kritikaren laguntzarekin agian, baina finean gutako bakoitzak topatu behar ditu bere klasikoak, bere izaera, aldarte eta gaixotasunekin bat egiten dutenak.

Gaixotasunekin, bai. Beste idazle valentziar batek, Joan Fusterrek, zioen Stendhalen Gorria eta beltza nobelak gripe eder bat eskatzen duela, eta Marcel Prousten Denbora galduaren bila lanak tuberkulosi luze eta ezti bat. Anatole France maleziatsuago mintzatu zen: «Bizitza laburra da, izan, eta Proust luzeegia». Eta, hala ere, batzuek Ulises itzuli berria dukete sendagai... Bakar batzuek, bai.Nonbait irakurria naiz insomnio ideala duenarentzat hiztegia dela liburu ideala —Karlos Linazasororen Literatura hiztegi tekniko laburra ere desegokia ez!—. Letrazauritu honek ere plazer hartu zuen Katixaren Maitasuna bide azken zutabearekin; baina estropezu egin nuen ondoko esaldi honekin: «Horregatik sustut irakasle, pedagogo eta literatura edo arte zaleek dute ardura handia». Sustut hori zer ote zen, zer suma geratu nintzen. Daitort: Angel Errok horren gogoko duen aditz trinkoren bat apika, uste dut edo antzeko zerbait adierazteko? Baina nik neuk ere hiztegira jo eta horra: «sustut adlag. Zub. eta Am. Beh. 'batez ere'». Menturaz, uste baino azken idazle eta irakurle gehiago dago. Beti fidelak ez izan arren, literatura sustut maite dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.