«Politika aktiborako» prestatzen

Barrenak adierazi du Otegi politikara itzultzeko lanean ari dela.Urtebete falta zaio espetxetik irteteko.Sortuko idazkari nagusi hautatu zuten

Arnaldo Otegi iazko maiatzean, Elgoibarren, etxeko bisita batetik irteten. BARREN.
enekoitz esnaola
2015eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
2009ko urriaren 13an Bateraguneko operazioan atxilotu zutenean, Arnaldo Otegik «nahiko argi» zeukan kartzela zigorra ezarriko zietela eta kondena osorik beteko zutela. Egun hartan, Espainiako Poliziak LABen Donostiako egoitzan atzeman eta Elgoibarko etxera miaketa bat egitera eraman zuenean, Zarauzko ordainlekua pasatzean Otegik bere artean zioen «urte dezente» joango zirela berriro handik pasatzerako. Dagoeneko bost urte eta erdi daramatza preso. Urtebete geratzen zaio zigorra betetzeko, eta ondoren politikaren lehen lerrora itzultzekotan da. Izan ere, Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak atzo Onda Vasca irrati katean kazetariak Otegiri buruz galdetzean adierazi zuen hura «politika aktibora» itzultzeko prestatzen ari dela kartzelan. «Politikoki ekarpenak egiten jarraitzeko gogo handiarekin dago».

Espainiako Auzitegi Nazionalak 2011ko irailean Bateragune auziko epaian hamarna urteko espetxea ezarri zien Otegiri eta Rafa Diezi, ETAko buruzagiak zirela jota, eta zortzinakoa Miren Zabaletari, Arkaitz Rodriguezi eta Sonia Jacintori, etakideak zirelakoan. 2012an Gorenak sei urte eta erdira jaitsi zien Otegiri eta Diezi, eta seira beste hirurei. Konstituzionalak Gorenaren erabakia berretsi egin zuen iazko uztailean.

Sortuk duela bi urteko otsailean egin zuen eratze biltzarra, eta militanteek Otegi hautatu zuten idazkari nagusi, baina alderdiak hura aske geratu arte postua bete gabe uztea erabaki zuen. Normalez, hurrengo urteko apirilean aterako da kartzelatik. Egun,Logroñokoan (Espainia) daukate.

Aurrenak aske, urriaren 11n

Zabaleta, Rodriguez eta Jacinto aurtengo urriaren 11n askatuko dituzte, zigorra osorik beteta. Diezen kasuan, «egoera pertsonal-familiar» bategatik besteek baino ia hamazazpi hilabete gutxiago egin ditu preso, eta 2017ko abuztu-irailean geratuko da libre.

Dena dela, Bateragune auziko bost lagunentzat zigorra ez dabukatuko kartzela uztean: Zabaletak, Rodriguezek eta Jacintok zortzi urteko inhabilitazioa dute; beste biek, hamarrekoa.

Otegik iazko urrian BERRIAn emandako elkarrizketan zioen Espainiako Estatuak mendekuz jokatu duela haien aurka. «Orain dela sei-zazpi urte Espainiako Gobernuak munduko kantziler guztiei helarazten zien mezu hau: ETA militarki suntsitzen eta ezker abertzalea bazterketa politikora eramaten ari gara. Gure estrategia aldaketarekin, testuinguru hori hankaz gora jarri eta konfrontazioa eremu politikora eraman genuen, estatuaren helburuak suntsituz. Hori ez digute barkatzen, eta horregatik gaude preso».

Duela lau aste, nazioarteko 24 lagun ezagunek Otegi askatzeko eta euskal presoak «etxeratzeko» adierazpen baten berri eman zuten Bruselan, Europako Parlamentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.