Ongietorria egin dio UPNk Esparzari

Barcinak nabarmendu du «itunak egiteko gaitasuna» duela hautagaiak.

PSNren irudiko, autokritika egitea falta zaio UPNko hautagaiari
Jose Javier Esparza eta Yolanda Barcina, herenegun, Tuteran, Alderdiaren Egunean.
Jose Javier Esparza eta Yolanda Barcina, herenegun, Tuteran, Alderdiaren Egunean. JESUS DIGES / EFE

Joxerra Senar -

2014ko abenduak 2
Lehen orduak egin ditu Jose Javier Esparzak UPNko presidentegai moduan, eta alderdiak batasun irudia eman nahi izan du bere inguruan. Bat-batean euren arazoak bukatu balira bezala jokatu nahi izan dute. Yolanda Barcina UPNko presidente eta Nafarroako gobernuburuak TVEri eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu zuen «itunak egiteko gaitasuna» duela Esparzak. Era berean, azken garaiotan alderdia zatituta agertu da, eta larunbateko Barcinak kontseilu politikoaren ordezkaritzaren gehiengoa kontrolatu arren, zatiketa hori islatu zen. Haatik, batasun mezua zabaldu nahi dute orain UPNko agintariek. «Hurrengo egunetan ikusiko da, denok elkarrekin lan egingo dugu UPNk duen indarretako bat batasuna delako», azaldu zuen Carlos Garcia Adanero eledunak atzo, eta hauxe gaineratu: «Uste dut ondo hautatu dugula; hautagai on bat da». UPNk ongietorria egin dio hautagaiari.

Beste alderdiek ez zioten ongietorririk egin Esparzari. PSNko Juan Jose Lizarbek «errespetuz» hartu du UPNren erabakia, baina lehen diskurtsoan autokritika falta izan zaiola nabarmendu du. Bilduko Maiorga Ramirezen arabera, «ezer ez aldatzeko aurpegi aldaketa bat da». Geroa Baiko Manu Aierdiren irudiko, alderdi barruko «zauriak agerrarazi ditu kontseiluak». Carlos Garcia Adaneroren ustez, kritika guztiok erakusten dute «hautagai ona» dela.

Hautaketa prozesuan neutral jokatu dela azpimarratu nahi izan zuen Barcinak: «Ez diot inori eskatu aurkezteko edo ez aurkezteko, bozkatzeko askatasuna eman behar zelako». Primarioetara deitzeko eskaera orori ezezkoa eman zien, baina irabazlearen iragarpena bera pozarren ospatu zuen. Aitzitik, Miguel Sanz ez zirudien hain pozik zegoenik: «Denok gaude hautatuarekin. Kito».

Igandean Alderdiaren Eguna ospatu zuten Tuteran, eta ez ziren han izan Miguel Sanz, Alberto Catalan eta Amelia Salanueva. Hutsunerik aipagarrienak izan ziren, eta erakusten du bat-batean barne zauriak ez direla konpondu.

Esparza: «Denok gara UPN»

Presidentegaiak Tuteran mila bazkideren aurrean egindako diskurtsoan batasun mezua zabaldu nahi izan zuen. «Datozen hilabeteetan bidea ez da erraza izango, baina elkarrekin bagaude, errazagoa izango da. Denok gara UPN, irabazten dugunean eta galtzen dugunean, onerako zein txarrerako, denontzako proiektua da, eta denok behar zaituztet».

Gainerakoan, UPNren ohiko diskurtsoa izan zen harena. Duela hemeretzi urte Agoizko hautetsi izateko proposatu zioteneko garaia ekarri zuen gogora. «Urte gogorrak» izan zirela esan zuen; «bizitza kendu nahi izan ziguten, hil, eta xantaia egin ziguten»; jarraian, ETAren biktimen aldeko txaloak eskatu zituen. «Ezin izan zuten gurekin, UPNrekin, batuta egon ginelako eta gure izenari ohore egin geniolako».

Egungo egoerari begira, Esparzaren irudiko, askok Nafarroa hondamendi bat dela sinetsarazi nahi dute. «Iritsi da unea esateko ez dela horrela, nahikoa dela, eta ozen esan behar diegula Nafarroa dela langabezia gutxien duen lurraldea, bazterketa sozialean erortzeko arrisku gutxien duen lurraldea dela, finantza lurralde sendoena dela, eta gogorarazi behar diegu hazten ari garela».

Identitateari begira, berriz, Nafarroa jakin bat azaldu nahi izan zuen: «Gure bandera bertakoa da, gorria eta kateduna, ez beste ezein. Gure ereserkia Nafarroako Gorteena da, hark ukitzen digu bihotza, eta hotzikara eragiten. Nafarroa Espainia barruan nahi dugu, Itun Ekonomiko bidezko batekin, foruak zalantzan jarri gabe». Esparzak ñabardura esanguratsu batzuk sartu zituen diskurtsoan: «Aurkari politikoa errespetatuko den Nafarroa nahi dut, gure kultura eta folklorea denona da, ez gutxi batzuena. Nahikoa da. Denok senti ditzagun gure jota eta aurreskua, Bardeatik Iratiraino, pilotatik futboleraino».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna