Indibidualizatua, baina gizartearen egituretan parte izateari utzi gabe

'Gipuzkoarren kultura politikoa 2017' azterlanak «hurkoarekiko konfiantza handia» duen gizarte bat erakutsi du, Gipuzkoako Aldundiaren aburuz. Erabakitzeko eskubidea, irabazle
Asier Etxenike eta Maribel Vaquero, atzo, ikerlana aurkezteko agerraldian.
Asier Etxenike eta Maribel Vaquero, atzo, ikerlana aurkezteko agerraldian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2017ko abenduak 30
«Hurkoarekiko konfiantza». Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari Maribel Vaqueroren arabera, ideia hori era argian nabarmentzen da Gipuzkoarren kultura politikoa 2017 ikerketan. Atzo aurkeztu zuen Aztiker soziologia ikerguneko zuzendari Asier Etxenikerekin batera — Aztikerrek egina da azterlana—. Adierazi zuten mundu modernoan argiro nabarmentzen ari den «indibidualizatzea» agerikoa dela Gipuzkoako gizartean ere, baina ñabardurekin ulertu behar dela. Hara hainbat datu argigarri: inkestan parte hartu dutenen erdiek baino gehiagok (%53,5) uste dute konfiantza izan daitekeela gehiengoarekin. Datu horrekin, Herbehereak eta Suedia herrialdeen mailara iristen ari da ia Gipuzkoa. Altua da Espainiakoarekin edo Frantziakoarekin alderatzen bada; horietan %24,7 eta %19,9 dira, hurrenez hurren.

Gipuzkoarrek gizarte konprometitu eta arduratsua osatzen dutela erakusten duten datu gehiago ere badira: %55,1 elkarteren bateko kide dira, eta %37,9k lan boluntarioa egiten dute. Ñabardura horiek guztiek dakarten «kapital soziala» erabakigarria izango da, Vaqueroren ustez, geroa goldatzeko: «Bizikidetzak eta herritarren jarrera kritikoan oinarritzen den kultura demokratikoa oinarri-oinarrizkoa da gatazkak kudeatzen dakien gizarte aurreratu eta osasuntsu batean».

Lehentasun argiak

Ezin da ezkutatu, hala ere, bereziki gertuko errealitateak kezkatzen dituela herritarrak. Hara zerrendatzen dituzten lehen bi aldagaiak: osasuntsu egotea eta osasuna zaintzea, eta familia harreman onak edukitzea. Azkenetarikoen artean daude, berriz, politika gaien aurrean interesa agertzea eta alderdi erlijiosoekin arduratzea. Hala ere, parte hartu nahi duen gizarte bat da: %55,9k adierazi dute eredu politiko parte hartzaileago bat nahi dutela.

Inkestak argi uzten duen beste ondorio bat da gipuzkoarrek iritzi «nabarmenki» hobea dutela euskal erakundeen funtzionamendu demokratikoan Espainiakoetan baino. Bertakoekin nahiko pozik %55,2 daude; Madrildik zuzendutakoekin, %19,3.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Arantxa Iraola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna