«Negoziatzeko ateak zabalik» utzi nahi ditu Ortuzarrek

Esan duenez, EAJk ez du erabaki Espainiako aurrekontuei osoko zuzenketa jarriko ote dien

Andoni Ortuzar, EAJk Aberri Egunean antolatutako ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
«155.arekin ez dugu jokatzen». Hori izan da orain arte EAJren jarrera ofiziala, EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek hitzez hitz azaldua joan den Aberri Egunean, Espainiako Gobernuaren aurrekontuei buruzko negoziazioei dagokienez. Alegia, Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak indarrean dirauen bitartean EAJ ez dela hasiko aurrekontuak negoziatzen. Jarrera horri eutsi dio Ortuzarrek Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, baina ñabardura batzuk ere sartu ditu, eta esan du «politikan negoziatzeko ateek zabalik» egon behar dutela beti, eta EAJk «askatasunez eta erantzukizunez» erabakiko duela zer egin.

Ortuzarrek esan duenez, bi «oinarri» izango ditu afera horren inguruan EAJk hartuko duen jarrerak: jeltzaleen «printzipioekiko koherentzia» eta «Euskadirentzat onena» lortzea. «Guk printzipio batzuekin koherente izaten jarraitzen dugu, eta horregatik ez dugu gustuko 155. artikulua», esan du. Eta bigarrena da «Euskadiren interesen defentsa». «Euskadirentzat onena lortzen eta aurrera ateratzen saiatuko gara».

Jeltzaleek aurrekontuen proiektuari osoko zuzenketa aurkezteak edo ez zantzuren bat eskaini dezake azkenean EAJk hartuko duen jarreraren inguruan. Ortuzarrek esan du oraindik ez dutela horretaz ezer erabaki, eta apirilaren 20ra arte «denbora» badutela horretarako. «Gertakarien arabera eta egingo diren urrats eta keinu politikoen arabera erabaki bat edo bestea hartuko dugu», azaldu du.

«Propaganda»

Alderdi Popularra eta zenbait hedabide saiatzen ari dira EAJri presio egiten, iaz bezala Espainiako aurrekontuak aurrera ateratzeko laguntza eman dezan, eta, horretarako, aurrekontuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoari ekarriko lizkioketen onurak nabarmentzen ari dira; inbertsioak %32 handiko liratekeela, esaterako. Baina Ortuzarrek «propagandatzat» jo ditu horrelako baieztapenak. Izan ere, eta Ortuzarren arabera, aurrekontuen egitasmoan agertzen den inbertsioen igoera «iazko akordioaren ondorioa» baino ez da. «Ez da oparia, ez da amua gu negoziatzeko has gaitezen», esan du. «Hori lehenagotik zegoen, eta egon behar zuen. Ondo dago akordioak betetzea, baino hori baino ez da: iazko akordioa betetzea».

Mezua igorri dio Alderdi Popularrari, presio egiteari utz diezaion: «Gu deseroso jartzen edo herritarrak gure kontra jartzen saiatzen ari badira, lortuko dutena izango da gu haserretzea», gaztigatu die. Kataluniako alderdi independentistei ere mezua bidali die Ortuzarrek, eta esan die orain lehentasunak «erakundeak berreskuratzea» beharko lukeela.

Hitzak «bihurritu»

Ahal Dugu-koek susmo txarra hartu diete EAJren EBBko presidentearen adierazpenei. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Lander Martinezek esan du Ortuzarren «hitzak bihurritu» egin dituela Espainiako aurrekontuak PPrekin negoziatu eta adosteari «bidea irekitzeko». Martinezen iritziz, Ortuzarrek atzo egindako adierazpenetan bazuen aukera aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko zietela iragartzeko. Ez du horrelakorik egin, eta, horregatik, Ahal Dugu-koek uste dute EAJ «ezkutuan edo atzetik» ari dela PPrekin negoziatzen aurrekontuen inguruan.

Martinezen ustez, PPk aurkezturiko aurrekontuak atzera bota behar dira, eta ez soilki Katalunian indarrean dagoelako Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua. Dioenez, aurkeztutako egitasmoak «murrizketei» eta «pentsio apalei» eusten die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.