Elkarlanean osatutako protokoloa

Arrankudiagako kontsultako arduradunek Etxarri Aranazkoa eredu hartu dute araudia prestatzeko.

Euskal estatuaz galdetuko dute
A2 taldearen aurkezpena abuztuan, Arrankudiagan.
A2 taldearen aurkezpena abuztuan, Arrankudiagan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2014ko urriak 9
Etxarri Aranazko (Nafarroa) herri galdeketaren antolatzaileek esan zuten jakitun zirela kontsultarako prestatu zuten funtzionamendu protokoloa eredutzat har zezaketela ondoren animatu zitezkeenek, haiena izan baitzen Euskal Herriaren independentziari buruzko lehendabiziko kontsulta —joan den apirilaren 13an egin zuten—. Arrankudiagakoa (Bizkaia) izango da bigarrena —datorren arazoaren 2an—, eta A2 talde antolatzaileak hauteskunde protokoloa egitean erabat hartu du kontuan Etxarri Aranazkoa. Behin baino gehiagotan bildu dira bi taldeak, elkarlanaren izaerari eutsita. Arrankudiagakoek Kataluniako galdeketetako araudia ere aztertu dute. Formazko-eta egokitzapenak egin, eta jakinarazi dute dagoeneko badutela protokoloa. Prest da kontsulta.

Etxarri Aranazkoaren aldean desberdina, galdera izango da. Nafarroakoan, «Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?» zen galdera —%42,7ko parte hartzea lortu zuten, eta baiezkoaren alde %94 azaldu ziren, 804 boto—. Bizkaiko kontsultaren itauna, «Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan?» izango da.

Bestela, protokoloa, bera da: boto aukerak 'bai', 'ez' eta 'zuria' izango dira; 16 urtetik gorako herritarrek bozkatu ahal izango dute; ofizialki Espainiako herritartasuna duten hautesleek NAN, pasaportea, gidabaimena edo EHNA erakutsita bozkatu ahalko dute, eta Espainiak bere estatuko herritartzat hartzen ez dituen herritarrek, bestelako agiriak erakutsita (bizileku txartela EBko kide ez diren estatuetako herritarrek, komunitateko erregistro egiaztagiria EBko kide diren estatuetakoek, estatuak emandako pasaportea edo nortasun agiria, edo errolda ziurtagiria); botoa emateko ordutegia 09:00-20:00 artekoa izango da; areto pribatu bat erabiliko dute; areto barruan eta haren eraikinaren kanpoaldean ez da onartuko kontsultaren aukeren aldeko nahiz kontrako lelorik-eta; mahaiburua eta bi bokalek osatuko dute hauteskunde mahaia; ezingo da erabili estatuko nahiz herriko erroldarik; udal taldeek ikuskatzaileak izendatzeko aukera izango dute; Euskal Herriko eta nazioarteko behatzaileak izango dira; gatazkei konponbidea emateko ardura antolatzaileak edukiko dute...

Beste protokolo batzuk ere osatu dituzte: boto sekretu aurreratua ematekoa, segurtasunekoa, hauteskunde mahaikoa, eta ikuskatzaile, hauteskunde batzorde eta behatzaileentzakoa.

Mahaiburu eta mahaikide lanak beteko dituztenak hautatuta dituzte, «pluraltasuna, adina eta sexua kontuan hartuta».

EH Bildu eta EAJk baiezkoa

Azaroaren 2ko galdeketarako pauso gehiago emango dituzte egunotan. Bihar, esate baterako, zigilua eta sinadura jarriko dizkiote boto aurreratua jasotzeko erabiliko duten hautetsontziari. Halaber, herriko postontzietan informazio orriak sartzen hasiko dira, protokoloaren berri emanez. Eskuorriak ere banatuko dituzte, botopaperekin eta gutun-azalekin. Aurrerago jakinaraziko dituzte behatzaileen izenak eta kontsulta eguneko egitaraua.

A2 taldeak dio herriko elkarte gehienekin bildu direla, eta «giro ona» sumatu dute. Udaletxean ordezkaritza daukaten taldeei (EH Bildu eta EAJ) ahaldunak izendatzeko aukeraren berri eman dietela. Biek baieztatu dute mahaian parte hartuko dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna