Kostata, baina Costa aukeratu du azkenerako

Portugalgo presidenteak PSko buruzagia izendatu du lehen ministro.Komunisten, Ezkerreko Blokearen eta Berdeen babesa du

Antonio Costa PSko burua eta Anibal Cavaco Silva Portugalgo presidentea, atzo, Lisboan. ANDRE KOSTERS / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Galtzaile baten gisan ageri zen Antonio Costa urriaren 4ko hauteskundeen biharamunean. PS Alderdi Sozialistak Portugalgo gobernua eskuratzeko helburuarekin izendatu zuen hautagai, eta Pedro Passos Coelho kontserbadorearen ustekabeko garaipenak ezbaian jarri zuen Costak sozialisten buruzagitzan jarraituko ote zuen ere. Baina, 50 egunen buruan, Portugalgo lehen ministro bihurtu da Costa; ostiralean hartuko du kargua.

Komunistekin, Ezkerreko Blokearekin eta berdeekin aurrez Portugalen inoiz probatu gabeko akordio bat gauzatu duelako iritsi da Costa gobernuburutzara; eta Anibal Cavaco Silva presidente kontserbadoreak ezkerrarekiko errezeloak baztertu beste erremediorik ez duelako izan azkenean. Aurrena Passos Coelho izendatu zuen lehen ministro, baina ezkerreko aliantzak gobernu kontserbadorea erorarazi egin zuen duelabi aste —PSD eta CDS-PP alderdi eskuindarrek ez dute gehiengorik—, hain zuzen ere Costak PCP Alderdi Komunistarekin, BE Ezkerreko Blokearekin eta Berdeekin babes parlamentarioa ziurtatzeko akordioak egin zituen egun berean.

Cavaco Silvak bazuen Passos Coelhoren gobernua jardunean mantentzeko aukera berriro hauteskundeak egin arte —2016ko ekainean, azkarrenez ere—, baina hori ez letorkeela «interes nazionalarekin bat» ebatzi du. PSk atzo jakinarazi zuen Costa prestdagoela presidenteari gobernu taldearen osaera eta parlamentuari gobernu programa aurkezteko. Sozialisten helburu nagusia «doitze politikak» atzean uztea dela azaldu du Carlos Cesar PSko presidenteak: «Gure lehentasunak ezagunak dira: herritar gehienen bizi baldintzak berreskuratzea, eta, aldi berean, enpresa ekonomia laguntzea enplegua eta hazkundea sortzeko».

Costari sei argibide eskatu zizkion Cavaco Silvak astelehenean, hura lehen ministro izendatzeko zalantzak baitzituen PSk komunistekin, marxistekin eta ekologistekin izenpetutako akordioei buruz. Portugalgo Gobernuak aurrekontuak onartzeko babesa izango duela —PS bakarrik izango baita agintean ezkerreko beste indarrek babesarekin—, Europako Batasunaren arauak beteko dituela —«aurrekontu diziplina» eta finantza sistemaren egonkortasuna errespetatuko dituela— eta NATO aliantza militarrarekiko konpromisoei eutsiko diela bermatzea nahi zuen Cavaco Silvak. Halaber, patronala eta sindikatuak biltzen dituen Hitzarmen Sozialerako Batzorde Iraunkorra —lan hitzarmenak eta gutxieneko soldata erabakitzen ditu— mantentzeko konpromisoa ere eskatu zion presidenteak Costari.

Alderdi Komunistak, izan ere, lan negoziazioetan sindikatuei pisu handiagoa ematea exijitu die sozialistei, babes parlamentarioaren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.