Bozetara, tentsio beroan

Ukrainako Parlamentuaren atarian istilu gogorrak izan dira Poliziaren eta eskuin muturreko milaka manifestariren artean
Eskuin muturreko manifestariak, Poliziari erasoka, atzo, Kieven.
Eskuin muturreko manifestariak, Poliziari erasoka, atzo, Kieven. ROMAN PILIPEY / EFE

Erredakzioa -

2014ko urriak 15
Ukrainako Parlamenturako (Radarako) hauteskundeetarako 11 egun falta dira. Gobernuak onartua du Donetsk eta Luhansk eskualdeen zati gehienean ezingo dituztela antolatu, gerraren ondorioz. Maila berean ez bada ere, Kiev hiriburuan ere giroa gaiztotuta dago otsailean Viktor Janukovitx presidentea kargutik kentzeko elkartu ziren alderdien artean. Eskuin muturreko milaka manifestarik Poliziari eraso zioten atzo Radaren kanpoko aldean, eta parlamentuak hauteskundeen aurretik egitekoa zuen azken saioa eten behar izan zuen. Azkenaldian ugaritu egin dira gisako istiluak Kieven, eta hauteskundeen eguna hurbildu ahala tentsioa handitzea espero da. Petro Poroxenko presidentearen arabera, atzoko istiluak «bigarren frontea irekitzeko saio zapuztu bat» izan dira.

Atzoko istiluen oinarrian Svoboda eskuin muturreko alderdiak aurkeztutako lege proposamen bat dago. Svobodak nahi zuen ideologia komunista legez kanporatzea eta UPA Ukrainako Armada Matxinoko kideak beteranotzat onartzea —1940ko hamarkadan Sobietar Batasunaren aurka borrokatu zen UPA—. Parlamentuak ez zuen bozkatu proposamena, eta horrek kanpoan bildutakoen haserrea eragin zuen. Irudietan ikusten denez, molotov koktelekin, makilekin, harriekin eta kateekin eraso zieten poliziei. Arsen Avakov Barne ministroaren arabera, hamabost polizia zauritu zituzten —horietako bi, larri—, eta 50 manifestari atxilotu zituen Poliziak. Manifestariek Svoboda alderdiko eta Eskuin Sektorea talde paramilitarreko bandera ugari zituzten, baina bi erakunde horiek ukatu egin dute beren militanteek istiluetan parte hartu dutela. KyivPost egunkariaren arabera, Alderdi Erradikaleko kideak ere protestan zeuden. Alderdi horrek ere talde paramilitar bat dauka ekialdeko gerran borrokan, eta, inkesten arabera, eskuin muturraren erreferente bilaka liteke hilaren 26ko hauteskundeetan.

Betetzen ez den su-etena

Hego-ekialdean, berriz, matxino errusiazaleek eta gobernuak irailaren 5etik su-eten bat sinatuta daukaten arren, bi aldeek ia egunero eman dute hildakoen berri. Kieven arabera, Mariupol hiriaren ondoko herri batean bost zibil hil zituzten atzo bonbardaketa batean. Matxinoei egotzi die hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna