Zigorrik gabe gera daitekeen beste hilketa bat

Israelgo soldadu batek fusilarekin bularrean kolpe bat emanda hil da Ziad Abu Ein ministro palestinarra.

Olibondoak landatzen ari zen
Ziad Abu Ein ministroa, atzo, Israelgo soldaduekin eztabaidan, haiek jo eta hil aurretik.
Ziad Abu Ein ministroa, atzo, Israelgo soldaduekin eztabaidan, haiek jo eta hil aurretik. EFE

Xabin Makazaga -

2014ko abenduak 11
Israelgo soldadu batek fusilaren kulatarekin bularrean kolpe bat eman ostean hil da Palestinako Aginte Nazionalaren ministro Zaid Abu Ein. Kolonia bat handitzeko Turmusiyan (Zisjordania) Israelgo Gobernuak palestinarrei konfiskatutako lur batzuetan olibondoak landatzen ari zen Abu Ein, ehunen bat palestinarrekin batera. Taldea desegiteko tiroak egin ostean, soldaduek kasko batekin buruan jo eta kulata-kolpe gogor bat eman zioten bularrean Abu Eini, ageriko probokaziorik gabe. Aurrez negarra eragiteko gasa arnastua zen, eta, ondo ezik ordu erdi iraun ostean, Ramallaheko ospitalerako bidean hil zen.

Kolonien eta Harresiaren gaietarako karterarik gabeko ministroa zen Abu Ein. Duela hilabete izendatu zuen PANek ardura horretarako, eta aurrez Presidentetzako lehen ministrordea izana zen. Atzoko gertakaria «ikerketapean» jarri duela jakinarazi du Israelgo armadak; baina, aurrekariak aintzat hartuta, eta hildakoa ministro bat izanagatik, krimena zigorrik gabe geratzeko arriskua nabarmena da. Izan ere, aurten gutxienez 43 palestinar hil dituzte tiroz gudu egoeraz kanpo, Abu Ein baino lehenago, Israelgo segurtasun indarrek Zisjordanian. B'tselem Israelgo giza eskubideen aldeko erakundeak aztertutako datuak dira. Kasu horietatik guztietatik, bi baino ez dira iritsi auzitegietara, eta soldadu bat auzipetzera iritsi dira Israelgo epaileak: 43 palestinar hilak, eta soldadu israeldar bat auzipetua.

Aurreko urteetan antzeko egoeretan hildakoak baino askozaz gehiago izan dira aurten: 2013an 28 izan ziren; 2012an, zortzi; eta 2011n, hamar. Azkenaldian palestinarrek protesta gehiago eta gogorragoak egin dituztela argudiatu du Israelgo armadak, baina B'Tselem erakundeak uste du soldaduek zigorgabetasun egoera bat baliatzen dutela. «Legez kanpoko ezer eginda ere, beren ekintzengatik ordaintzeko beharrik ez dute sentitzen soldaduek», esan du Sarit Michaeli bozeramaileak.

«Ekintza basatia»

Abu Einen hilketa gaitzetsi eta gertakaria argitzeko neurriak agindu ditu PANeko presidente Mahmud Abbasek: «Ekintza basatia eta onartezina izan da, eta krimen honen aurrean ez gara isilik geratuko».

Palestinarrek pairatzen duten sufrimenduaren beste adierazle bat izan da PANeko ministroaren hilketa, Abbasen ustez, eta Benjamin Netanyahuren gobernua egin du egoera horren erantzule, nazioarteak legez kanpokotzat jotzen dituen kolonien hedapena inoiz baino gehiago ari delako sustatzen lurralde okupatuetan.

Batasun nazionaleko gobernuak eta Hamas mugimenduak ere ministro palestinarraren hilketa gaitzetsi dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna