Aznarrek M-11n ibilitako bidetik abiatu da Turkia

Estatu Islamikoaz gain PKK ere Ankarako atentatuan nahasita egon litekeela iradoki du lehen ministroak.Bi egile identifikatu dituzte

Turkiako eta Finlandiako presidenteak beren emazteekin, atzo, lore eskaintza egiten atentatu lekuan bertan. STR / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Iragan larunbatean Bakea, lana eta demokrazia lelopean Ankaran egindako manifestazioaren kontrako atentatua —97 pertsona hil ziren— EI Estatu Islamikoari egotzi dio hasieratik Turkiako Gobernuak, nahiz eta HDP kurduen aldeko ezkerreko alderdiak argudiatu duen erantzuleak Recep Tayyip Erdogan presidentea eta Turkiako Estatu sakona direla. Atzo, ordea, urrunago joan zen Ahmet Davutoglu lehen ministroa, eta atentatuan EI bakarrik ez, PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurdua ere nahasita egon litekeela esan zuen, Anadolu agentzia erdipublikoak jasotako adierazpenetan.

2004ko martxoaren 11n Madrilgo atentatuen ostean Jose Maria Aznar Espainiako orduko gobernuburuak egin zuen gisan—193 hil eragin zituzten leherketen egileak jihadistak izan arren ETA jo zuen erantzule, hala ez zela jakinaren gainean—, ez hanka eta ez bururik daukan azalpena eman du Davutogluk: «Ikerketetan sakondu ahala, Twitter kontuen eta IP helbide batzuen mugimenduak aztertzean, ondorioztatu dugu oso litekeena dela EIk eta PKK-k erasoan esku hartze aktiboa eduki izana».

Bezperan, izan ere, kurduen ezkerreko mugimenduekin lotutako bi pertsona atxilotu zituzten —batek aurrekariak zituen PKK gerrillaren inguruko taldeekin harremana izan zezakeelako—, Ankarako atentatua gertatu aurretik Twitterren idatzi bide zutelako EIk urriaren 10eko manifestazioaren kontra eraso bat egin zezakeela. «Bonba bat lehertuko da Ankaran», idatzi zuten manifestazioa baino bederatzi ordu lehenago. Kontu berean beste mezu hau ere argitaratu zuten: «Ankarako manifestazioan esku hartze bat izan daiteke ISILen izenean [Estatu Islamikoa]. Hori saihesteko modua ezkerreko erakundeen parte hartze zuzena da. PKK ez dago hor nahasita».

Aurrekariek, nolanahi dela ere, garbi adierazten zuten Turkiako ezkerra —HDP alderdia bereziki— eta Kurdistan askatzeko mugimendua jopuntuan zeudela. Ekaineko hauteskundeen atarian HDPren mitin batean bonba bat leherrarazi eta lau pertsona hil zituzten, eta uztailean Suruç hirian kurduen aldeko 33 ekintzaile gazte hil zituen Estatu Islamikoak.

PKKri kurduen eta bakearen aldeko manifestazio bat zartatzea egotzi dio, hala ere, Turkiako lehen ministroak, eta atentatua EI Estatu Islamikoarekin elkarlanean egin dutela iradoki du. Gerrilla kurdua eta talde jihadista etsai deklaratuak izan arren: bi aldeen jarraitzaileen arteko borroketan dozenaka hildako izan ziren iaz, eta Sirian gerra betean ari dira.

PKKren Batzorde Zentralak, bestalde, Erdoganen AKP alderdia egin du atentatuaren erantzule. Herenegun argitaratutako adierazpen batean, Kurdistan askatzeko mugimendua eta demokraziaren aldeko Turkiako indarrak «deuseztatzeko» planarekin lotu zuen PKK-k Ankarako erasoa. Bi mugimendu horien kontrako gerra hasteko erabakia 2014ko urriaren 30eko Nazio Segurtasunerako Batzordean hartu zutela nabarmendu du PKK-k. Ordutik, Turkia Irailaren 12ko estatu kolpearen eta 1990eko gerra zikinaren metodoak baliatzen ari dela salatu du gerrilla kurduak. Eta, Ankarako erasoa Estatu Islamikoari egotzi arren —PKK berari ere bai orain—, atentatuaren egile materiala AKP dela erantsi du.

Turkiako Parlamentuan Ankarako atentatua aztertzeko ikerketa batzorde bat eratzeko eskatu dute oposizioko CHP eta HDP alderdiek. Azaroaren 1eko hauteskundeen aurretik halako eraso suizida bat gertatzeko «zantzu argiak» baziren arren, prebentzio neurriei buruzko informaziorik ez dutela izan salatu du HDPko ordezkari Pervin Buldanek.

Bi erasotzaile identifikatuta

Turkiako egunkarien edizio elektronikoek atzo argitaratu zuten DNA proben bidez identifikatu dituztela Ankarako bi erasotzaile. Estatu Islamikoari lotutako sare berekoak lirateke: Yunus Emre Alagoz —uztailean Suruçen izandako atentatu egilearen anaia— eta Omer Deniz Dundar. Turkiako Fiskaltzak, baina, albiste horiek zabaldu berritan debekatu egin du Ankarako atentatuari buruzko informazioa argitaratzea, Neurria «aldi baterakoa» da, erasotzaileak atxilotu artekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.