Egunsentitik gauera arteko hots, erritmo eta doinuak

Juan Mari Beltranek hezurrezko txirula oinarri nagusi duela grabatu du 'Hots-larretan' diskoa.

Egun bateko hotsak batu ditu 18 piezatan
Juan Mari Beltran, atzo, Donostian, <em>Hots-larretan</em> diskoa aurkeztu aurretik.
Juan Mari Beltran, atzo, Donostian, Hots-larretan diskoa aurkeztu aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2014ko abenduak 12
Egunsentian hasi eta gauean lotaratu artekoak, egun oso bati dagozkion hotsak, erritmoak eta doinuak jaso ditu Juan Mari Beltranek (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1947) Hots-larretan diskoa (Syntorama) osatzen duten 18 piezetan. Eguna argitzear zela Oiartzungo Ergoien auzoan (Gipuzkoa) grabatutako txori kantuekin hasten da diskoa —Egunsentia izenburua duen piezan daude jasoak—, eta Neska laguntzea eta Lo-ametsetan piezekin amaitzen da, tartean egun osoko giroak jasotzen dituzten piezak tartekatuta.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren enkarguz joan den abuztuan San Telmo museoko klaustroan eskainitako ikuskizunerako prestatutako material musikala jasotzen du funtsean diskoak. Hotsekin eta erritmoekin batera, errepertorio tradizionaleko doinuak grabatu ditu Beltranek, oinarri nagusitzat hezurrezko flauta harturik, baina, horrez gain, beste hainbat tresna ere erabiliz —hala nola txistua, burrunak, zintzarriak, xirolarrua, dultzaina, txalaparta…—, eta hainbat musikagileren laguntza jasota: Pello Ramirez txelo jotzailea; Errege Belda akordeoi jotzailea; Ander Barrenetxea txalaparta, atabal, txaramela, bonbo, tronpa, danbor, pandero eta bateria jotzailea; Andoitz Antzizar trikitilaria; Aitor Beltran ahoko soinu, tupinutsi eta txalaparta jotzailea; Iñigo Monreal txalapartaria; Gema Ines gitarra jotzailea; eta Mikel Irazoki baxu jotzailea.

Diskoko hainbat piezatan, gitarra jotzeaz gain, diskoaren ekoizpen lanaz ere arduratu da Suso Saiz. Araiz-Beteluko Gaintza auzoko Perueneko bordan (Nafarroa) eta Andoaingo Garate estudioan (Gipuzkoa) grabatua da diskoa, aurtengo urrian.

Kukai dantza konpainiako Urko Mitxelena eta Eneko Gil dantzarien eta Andoni Salamero poeta eta errezitatzailearen laguntzaz egin zuen Hamabostaldiko emanaldia Juan Mari Beltranek. Diskoan ikuskizunaren alderdi musikala jaso du, baina, horrez gain, Salameroren poemak irakur daitezke diskoaren liburuxkan. Datorren asteko ostiralean, abenduaren 19an, Oñatiko Santa Ana aretoan entzun ahal izango dira diskoko soinuak, erritmoak eta doinuak, Donostiako Hamabostaldian bezala, Kukai konpainiako bi dantzarien eta Andoni Salamero poeta eta errezitatzailearen laguntzarekin. 2015eko maiatzaren 9an berriro egingo dute emanaldia Donostian, Kursaaleko kubo txikian.

Izturitzekoen gisako txirula

Beltranek diskoan darabilen hezurrezko flauta Izturitzeko leize-zuloetan (Nafarroa Beherea) aurkitutako duela 25.000 edo 30.000 urteko putre-hezurrezko txirulen kopia bat da. «Musika ez da berdina; baina hotsa eta notak, bai; eskala, bai, garai hartako bera da», azaldu du musikariak. Diskoaren azalean Beltran hezurrezko flauta hori jotzen ageri da. Zeelanda Berrian antzeko flautak aurkitu dituzte, garai bertsukoak, baina putre hezurrez eginak izan beharrean albatrosen hezurrez eginak.

Musika Hamabostaldiak iazko martxoan egindako enkarguari erantzuteko, artxiboetan gordeta zeuzkan materialetara jotzea erabaki zuen Beltranek. «Hotsen festa bat egitea pentsatu nuen; hotsen topaketa, hotsen elkartzea, hotsen arteko jolasa, hari nagusitzat egun bat hartuta, egunsentitik gauera arte». Emanaldirako pentsatu zuen egitura aldatu eta moldatu egin behar izan du diskoaren beharretara egokitzeko.

Diskoan jasotako piezetako bat, Artzainzuloan izenekoa, Astitz herriko Mendukilo leize-zuloan (Nafarroa) arduradunen enkarguz 2008ko martxoan egindako bisita musikatuan egindako grabazioaren zati bat da, Andoni Salameroren Egutera poeman aipatzen diren taupadekin bat egiten duena, Beltranen iritziz.

Diskoko beste pieza bat, Udako solstizioa Chillida Lekun izenburua duena, Hernaniko Txillida Leku museoan (Gipuzkoa) 2005eko ekainaren 21ean grabatua da. Egun hartan, jendaurreko emanaldi bat eginez, Iñigo Monreal eta Juan Mari Beltran Eduardo Txillidaren Aholkua espazioari VII metalezko eskulturaren barruan sartuta aritu ziren, bina mailurekin, eskultura txalaparta balitz bezala jotzen, hainbat herritan elizetako kanpaiek, eguzkia sartzean, gazteak etxeratzeko egiten zuten deia oinarritzat hartuta. Grabazio haren emaitzarekin oso gustura geratu zen Beltran, eta horrek bultzatu du diskoan ere sartzera.

Txanbela eta Azala taldeekin eta Euskal Herriko soinu tresnak sailean egindako grabazioak alde batera utzita, beste sei disko nagusi ditu grabatuak Beltranek Hots-larretan disko berriaren aurretik: Egurraren orpotik dator (NO-CD Records, 1993, Joxan Goikoetxearekin); Beti ttun-ttun (NO-CD Records, 1999, Joxan Goikoetxearekin); Arditurri: gogoaren bidezidorretatik (Elkar, 2002); Orhiko xoria (Elkar, 2006); Amasatik Arratera (Herri Musika Zaleak, 2007, Luis eta Jose Mari Astiasaranekin); eta Xirolarrua (Syntorama/Soinuenea, 2012, Fernando Jalonekin). Azken disko horretan izenburuan aipatzen den tresna berreskuratzeko eta dultzainarekin historikoki izan duen lotura berpizteko asmoa izan zuen gidari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna