Irakasle interinoak, abandonatuta

Miren Karmele Ikatzeta Zuriarrain
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Urkullu lehendakariak gidatzen duen gobernuko Hezkuntza Sailak hainbat urte daramatza lanean hezkuntzan paktu bat lortzeko. Horren bidez, Euskal Hezkuntzaren Lege berri bat onartu nahi du eta 1992az geroztik indarrean dagoena ordezkatu. Lege horrek har litzakeen esparruak hainbat dira: pedagogia, kurrikuluma (edukiak), finantzaketa, hizkuntzak eta gaitasunak, ikasleen integrazioa eta aurrerapena, ikastetxeen autonomia eta irakasleen egoera, besteak beste.

Irakasleen esparrua da, eta zehazkiago irakasle interinoena, artikulu honen kezka eta gogoetaren arrazoia.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 23.000 irakasle daude gutxi gorabehera Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, eta horietatik 16.000 inguru (%70) funtzionarioak dira eta 7.000 (%30) interinoak, hau da, «tenporalak» edo aldi baterakoak. Irakasle interino horien egoera penagarria da eta, lanaren etikaren ikuspuntutik begiratuta, bidegabekeria. Ehunka eta ehunka irakaslek hamar edo hogei edo hogeita hamar urte daramatzate lanean kontratu probisionalekin, alegia, soilik urte edo kurtso bat irauten duten kontratuekin. Ondoren, kurtso berrirako, Eusko Jaurlaritzak kontratu berria egiten die eta, honela, urtero kontratuak berrituz, pasatzen dute ia bizitza osoa. Lotsagarria da, eta pentsa liteke tratu txar mota bat ere izan daitekeela. Izan ere, efektu negatiboa baitu bai irakasle horien bizitza profesional eta pertsonalean, bai ikasleen hezkuntzan eta ikasketetan eta baita ikastetxearen hezkuntza proiektuan ere. Ondorio hau argudiatzen duten milaka kasuek eta horien dokumentazioaren pisuak lurperatu egin litzakete Kristina Uriarte kontseilariak zuzentzen duen saileko pasiloak eta bulegoak. Argudiatu ere argudia liteke hitzartutako eskolek Eusko Jaurlaritzak baino hobeki tratatzen dituztela irakasleak, ez baitituzte interinitatean mantentzen lanean hamar edo hogei daramatzaten irakasleak.

Egoera honi erantzuna emateko bidea kontratu laborala izan daiteke, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU) egiten den modura, non irakasleek lanean egonkortasuna lortzeko bi bide dituzten: funtzionariotza edo lan kontratu iraunkor edo permanentea. Zergatik ez du onartzen eta aplikatzen bide bikoitz berbera Urkulluren gobernuak? Zergatik ez dute presionatzen eta erreibindikatzen sindikatuek eta alderdi politiko progresistek irtenbide hau? Erantzukizun handiena Eusko Jaurlaritzari dagokio, jakina, baina sindikatuak ere kritikatu behar dira, funtzionariotzarako oposizioekin obsesionatuta daudela baitirudi.

Egia da kontratu laboralaren ezarpenak azterketa sakona eskatuko lukeela, irakasle interinoen egoera desberdinak zuzentasunez jaso ahal izateko (urteen antiguetatearen araberako kategorizazioa eginez, adibidez), baina edozein modutara, irakasleen lan esperientzia eta dozentzia historiala, zentroetako txostenek bermatuta, funtsezko irizpideak izan litezke lanpostu laboral iraunkorra ziurtatzeko. Gainera, ikastetxeen hezkuntza proiektua eta ikasleen ikasketak ere sendotzen lagunduko lukete.

Gaur indarrean dagoen 1992ko Euskal Hezkuntza legeak bi irakasle mota ezartzen ditu, funtzionarioa eta interinoa, eta itxuraz behintzat ez du onartzen kontratu laboral iraunkorra. Baina ez da egia osoa, zeren eta erlijio irakasleei, Eusko Jaurlaritzaren kontrolpera pasatu zirenean, kontratu laborala eman baitzieten. Beste irakasle batzuei ere kontratu mota hori aplikatu zieten, dakigunez.

Beraz, hezkuntza lege berri baten zain egon gabe, Eusko Jaurlaritzak, sindikatuek eta alderdi politikoek urgenteki hasi beharko lituzkete negoziazio sendoak, kontratu laboral iraunkorra ezartzeko, funtzionariotzaren bide alternatibo modura, eta baldintza baliokideak ziurtatuz. Izan ere, orain dagoen interinoen sistema neoliberalismoaren erabilera basatia baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.