Gatazkaren konponbidea. Parisko epaiketa

Etxebehere, Lekunberri eta Mateo preso ez sartzea erabaki du Parisko epaileak

Gibelapenezko zigorra izanen dute, bi etakide etxean aterpetzeagatik. Goienetxea eta Reta zazpi urteko kartzela zigorrera kondenatu ditu

Mateo, Lekunberri eta Etxebehere Ortzaizen, 2015eko uztailean. I. MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Atzo eman zuen epaia Parisko auzitegi korrekzionaleko epaileak. ETAko bi kide haien etxean aterpetzeagatik atxilotu zituzten hiru herritarrak ez dira presondegira sartuko. Gibelapenezko kartzela zigorra izanen dute guziek: hemezortzi hilabetekoa Graxi Etxebeherentzat eta sei hilabetekoa Terexa Lekunberri eta Jeff Mateorentzat. Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea zazpi urteko kartzela zigorrera kondenatu ditu. Frantziako Poliziak 2015eko uztailean atxilotu zituen bostak, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), ETAren «aparatu logistiko-militarraren» aurkako operazio batean.

Zigor «gogorrak» dira Clara Rouget abokatuaren hitzetan. Auzitegi korrekzionalean epaitzea berritasun gisa aurkeztua izan bada ere, bere hitzetan ez da lehen aldia, eta auzipetuei leporatzen zietena kontuan hartuta «logikoa» zen. «Ezin da erran Frantziako justiziak urrats bat egin duenik, eta emandako zigorrak ez dira apalak», deitoratu du. Bere hitzetan, epaileak ez du kontuan hartu Euskal Herriko testuinguru politikoa. «Retak eta Goienetxeak ihes eginda eman dituzten urte gehienak 2011tik aitzina izan dira. Hau da, epaiketan azaldu duten gisan, ihesaldian zehar bake prozesuaren alde, eta ETAren armagabetzea posible egiteko aritu dira lanean, Frantziako eta Espainiako gobernuetatik erantzun baikorrik izan gabe. Kontuan hartuta 2017ko apirilaren 8tik erakundea armagabetua dela, eta joan den maiatzetik ez dela gehiago existitzen, zazpi urteko kartzela zigorra biziki kondena gogorra da», salatu du Rougetek.

Astelehenean eta herenegun iragan zen bost euskal herritarren kontrako epaiketa Parisko auzitegi korrekzionalean. Gaizkile taldeko kide izatea eta armak eta dokumentazio faltsua edukitzea leporatzen diete Retari eta Goienetxeari. ETAko kideak aterpetzea beste hirurei. Arriskuen jakitun eta egiten zutena euren gain hartuta egin zutela esplikatu zuen Jeff Mateok epailearen aitzinean. Aitzinetik ere beharrean zen jendeari ateak ireki zizkietela adierazi zuen Mateok, eta ETAk jarduera armatua utzi eta lau urtera bake prozesua laguntzeko aukera gisa ikusi zutela. Bi urte geroago armagabetu zen ETA, hamarnaka herritarren parte hartzearen ondorioz. Gertakariek arrazoia eman dietela aldarrikatu zuen. Ildo berdinetik egin zituzten adierazpenak Etxebeherek eta Lekunberrik ere, eta presoen hurbilketa eta larriki eri direnen egoera aipatuta, justizia trantsizionaleko neurrien beharra aldarrikatu zuten. Gibelapenezko zigorrak eman zizkien atzo epaileak.

Indar harreman berria

Urtarrilaren 12tik aitzina Frantziako Gobernua mugiarazteko indar harreman berri bat eraiki nahi du Bake Bideak. Hala esplikatu zuen, atzo goizean, Anaiz Funosas elkarteko presidenteak. Joan den astean iragarri zuten Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren eta Frantziako Justizia ministerioaren arteko elkarrizketak «etenak» zirela. Azaroaren 15ean egin zuten azken bilkura. «Elkarrizketak hasi ditugunetik 25 euskal presoren hurbilketak izan dira Lannemezango eta Mont-de-Marsaneko presondegietara. 22 presori DPS estatusa kendu diete», azaldu du Funosasek. Mediatikoki ezagunenak diren presoek sortu dute desadostasuna, horiek ez dituela hurbilduko erran baitu Justizia Ministerioak. Bigarren arazoa teknikoa da, ez baitago emakumezko presoak hartzeko presondegi egokirik Euskal Herritik hurbil dagoena.

Funosasen iritziz, PSOE Espainiako Gobernura iritsi denetik berriz Espainiarekin «lerrokatu» da Frantziako Gobernua, eta horregatik, beharrezkotzat jo du herritarren presioa areagotzea. «Urtarrilaren 12ko manifestazioak dinamika berri baten abiatzea izatea nahi dugu, indar harreman berri bat sortzeko Frantziako Gobernuarekin». Ondoko asteetan gatazkaren konponbidean eman diren azken urratsak eta euskal presoen egoera laburbiltzen dituen aldizkaria banatuko dute 50.000 aletan, eta hautetsiekin eta eragileekin ere lanketa berezia abiatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.